Desokupa enpresak agertu dira Irunen, egiturazkoa den etxebizitza larrialdiak eta diskurtso erreakzionarioek hauspotuta

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 9a

Desokupa CyL eta Horus Desokupako matoiak Dunboako maizter familia bana mehatxatu dituzte etxetik kanporatzeko. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxegabetzeen «konponente arrazista» nabarmendu du. Eta «migranteak dianaren erdigunean jartzen dituzten errelatoen aurrean, zailtasun ekonomikoak dituzten familien pobreziatik etekinak lortzen dituzten etxejabeen inpunitatearekin amaitu» behar dela aldarrikatu du. Desokupa etxegabetze enpresek itzultzeko asmoa adierazi dutenez, familia zaurgarrienak babestu eta jazarpenari aurre egiteko gizartea antolatzera deitu dute.

Irundarrek bizi duten etxebizitza larrialdiak, tamalez, familia zaurgarrienak edozer baldintza onartzera behartzen ditu sarritan. Anartean, Irungo Udalak kudeatzen duen Irunvi etxebizitzarako sozietate publikoan 3.600 unitate familiar daude alokairu sozial baten esperoan. Eta alokairu pribatuaren eskaintza garesti eta urriaren aurrean, ohikoa bilakatu da kontraturik gabeko alokairuetan, legez bizitzeko egokituak ez dauden lokaletan edota, migratzaile askoren kasuan ere, oinarrizko eskubideak bermatzeko errolda eskuratzeko gela batean instalatzen direnak. Era berean, bizpahiru familien artean partekatzen dituzten etxebizitzak ez dira aparteko salbuespenak.

Errealitate ikusezina bada ere, Bizirun elkarteak eman izan du honen berri Antxeta Irratian. Elkarteko Fontso Gebarak argi du etxebizitzaren arazoa oso larria bihurtu dela Irunen, «alokairuen prezioak izugarri garestitu direlako, eta gero eta zailagoa da kontratua eta errolda duen gela batera sartzea». Zailtasun hauen aurrean, Irunen pertsona batzuek logela baten truke ordaintzen dutela dio, baina ez dietela kontraturik egiten, ezta bertan erroldatzen utzi ere. Beraz, ezin dute inolako eskubiderik eskuratu.

Iaz Etxebizitza Gune Tenkatua izendatutako 64.500 biztanle dituen hiria da Irun. Eta aspalditik, etxebizitzari dagokionez, injustizia eta babesgabetasunaren pentze emankorra bilakatu da. Testuinguru horretan putreak bezala aukera aprobetxatu nahi duen etxejaberik ez baita falta. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak dioenez, «etekin ekonomikoa atera nahi dutenen biktima diren migranteek maiz topatzen dituzte horrelako egoerak, langile klasearen zati handi batentzat eguneroko ogia bada ere, erabat isilduak izan ohi dira, ikusezinak dira». Eta babesgabetasunaren eszenatoki horretan, etxebizitzen jabeek kontratatzen dituzten desokupazio enpresak azaldu dira orain Irunen.

Dunboa auzoa, egoeraren adierazle

Atzo Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, hain justu, Desokupa CyL enpresako matoiek apirilaren 17tik mehatxatzen duten Youssef Bem Amarrekin batera, agerraldia egin zuten Dunboan. Emaztea eta 8 urteko semearekin 2019ko abenduaz geroztik bizi da Poxpologile kalean. Antzeko bigarren kasu bat ere defendatu behar izan du sindikatuak joan den astean Dunboan bertan, beste etxebizitza batera hurbildu ziren beste enpresa bateko matoiak ere. Oraingo honetan Horus Desokupa izenekoa, etxebizitza bateko maizterrak kanporatu nahian. «Bi kasuetako bat ere ez da okupazio kasua, familia deshumanizatzeko erabiltzen dute hitz hau», salatu dute. 

Hala ere, maiatzaren 28an Valladoliden egoitza duen Desokupa CyL enpresakoen bisitari aurre egin ziotenetik, sare sozialetan oihartzun handia izan du Youssef eta bere familiaren kasuak. Eta zurrumurru ugari daudela ikusita, gertaerak egoki azaltzeko egin dute agerraldia. 

Youssef Bem Amarrek azaldu duenez, etxebizitzaren jabea 2026ko martxora arte lan egin duen enpresako nagusia da aldi berean, eta kontraturik gabe mantendu ditu Youssef eta bere emaztea, bai lanean bai etxean, eta alokairua soldatatik zuzenean kendu izan die urteotan guztiotan. 2026ko otsailean «baldintza prekarioak eta umiliazioak» sufritzeaz nekatuta familiak planto egin zion arte.

«Orduan hasi zen gure amesgaiztoa», dio Bem Amarrek, «alokairu kontratua egin eta ordainketak transferentzia bidez egin nahi izan genituen, baina berak eskudirutan jaso nahi du, eta ez du onartzen gauzak legez bideratzea». Hartara, egoera horretan 7 urte luze bizi eta gero, etxebizitzaren jabeak argia eta ura moztu egin zien, baita errolda kentzen saiatu ere. «Ez du aski izan eta Desokupa CyL enpresa kontratatu du gu mehatxatzeko, eta nire emazteak antsietate koadro bat du honen ondorioz», kontatu du jazarpenaren biktimak. 

Youssef Bem Amar Dunboako bizilagunak babes handia jaso du bizilagun eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren partetik. 

Aditzera eman duenez, beste etxe bat bilatzen ari dira, baina Irunen alokairu bat lortzea zaila dagoen honetan, gauzak legez bideratu nahi dituen bitartean, Desokupa CyL enpresako kideak apirilaren 17an izan ziren Irunen lehen aldiz familiari etxea alokatu zion etxejabearen aginduz. Maiatzaren 5ean itzuliko zirela iragarri zieten, eta hori ikusita Youssef Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin harremanetan jarri zen.

Sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, aholkularitza eman diete maizterrei, eta Alerta Desokupa Bidasoa hedapen kanal bat ere sortu zuten militanteak saretu eta «familia babesten laguntzeko». Etxegabetze enpresa whatsapp mezu eta dei bidez «familiari etengabe mehatxuka eta xantaia egiten» aritu den bitartean, Desokupakoak itzultzen zirenerako mugimendu antifaxistak antolatu egin ziren Irunen. Azkenean, maiatzaren 28an agertu ziren Irunen Desokupa CyL enpresakoak, Luis Angel Nuñez burua tartean, 12:30 aldera.

Ordurako han ziren sindikatuko zenbait militante, eta aurre egin zieten etxeko atarian. Sare sozialetan hedatu den bideoan ezaguna den bezala, enpresakoek esan zieten 15:00etan itzuliko zirela, eta 50 lagun inguru elkartu ziren arratsaldean etxeko atarian familia babesteko, baina ez zen inor agertu. «Matoiak kikildu eta uxatu genituen, baina aste batzuetan itzuliko direla agindu dute», gogoratzen du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Eta beraz, «desokupak auzoan agertzeko arriskuan jarraitzen dugunez, argi esan nahi dugu desokupazio enpresek ez dutela tokirik ez Irunen, ez inon», argitu dute ozen atzoko agerraldian.

Desokupen aurrean erantzun antolatua

Hartara, etxegabetze hauek geldiaraztea erantzun antolatuak posible egin duela nabarmendu du sindikatuak. «Konpromiso militanteak ahalbidetu dute Desokupa CyLko matoiak agertzerakoan jendea gertu egotea, haiei aurre egiteko eta familia babesteko», argitu du sindikatuak, «haien sare sozialetan indarra eta harropuzkeria proiektatu nahi dituzten arren, erresistentziaren aurrean koldartu egiten dira». Alde horretatik, familiak auzokideen babes eta elkartasun zabala daukala gogoratu dute, eta desokupazio enpresei eta etxejabeei argi adierazi diete, «amore eman eta Irunera berriz ez daitezela itzuli». 

Hain justu, etxejabeen figuran eta haien erantzukizunean erreparatu nahi izan du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. «Haien inpunitatearekin amaitu behar da, izan ere, haiek izan dira Desokupazio enpresak kontratatu eta finantzatu dituztenak», gogoratzen dute. Dunboako kasu honetan, zehazki, «Irungo iruzurgile eta esplotatzaile baten biktima bat» babesten ari direla azpimarratu dute. «Etxejabea gezurretan ari da, maizterrek ez diote inongo mementoan ordaintzeari utzi», nabarmendu dute, baita «kasuaren konponente arrazista» azpimarratu ere. Kontuan hartu behar baita, Youssefen familiak bezala, «zailtasun ekonomiko izugarriak bizi dituzten milaka familien pobrezia eta isolamendu egoera are gordinagoa egin, eta migranteak dianaren erdigunean jartzen dituzten errelatoak Irunen zabalpen handia dutela», salatu du sindikatuak. 

Zentzu horretan, jabeak Valladoliden egoitza soziala duen (Calle Villabañez, 77 eta CIF B16706525) Desokupa CyL enpresa hau kontratatu du orain familia etxetik kanporatzeko, eta «bizi dugun gorakada erreakzionarioaren testuinguruan ideia faxista esplizituen sinbologia, tatuaiak eta talde neonaziekin loturak dituzten matoi eskuadristak» direla salatu du sindikatuak.