Hasi dira Korrokoitzeko etxeak eraisten, promotore pribatuek iragartzen duten «auzo berria» eraikitzeko

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 10a

2025eko azaroan Korrokoitz Eremuko hiri-garapenerako plana behin betiko onartu ondoren, 1987az geroztik atzeratutako proiektua garatzen hasi dira. Urte luzez itxita egon diren Korrokoitz kaleko lehen etxeak eraisten hasi da Betark enpresa, Inmobat eta Sukia promotoreek etxebizitza berrien eraikuntza lanak 2026 honetan abiatzea aurreikusten baitute. 

Irungo Korrokoitz kaleak gordetzen dituen XX. mendeko hirigintzaren azken txatalak aurki desagertzera doaz. 1987 urteaz geroztik zintzilik dagoen hirigintza plana da Korrokoitz Eremukoa. Eta Irungo Udalak aspaldi hirigintza ordenazioz kanpo utzi eta azken epaiaren zain, hutsik, itxita eta tapiatuak urte luzez daramaten etxebizitzak eraisten hasi dira egunotan. Agintarien iragarpen handirik gabe, kalean hesiak jarriz eta kartelen bidez berehalako obren berri emanez besterik ez.

Garai bateko Irun historia izatera pasako da Korrokoitz kalean, eta eraikin hauekin batera istorio anonimo anitz. Alzate ileapaindegia hor zenekoa adibidez, baina oraindik ere bizirik diren istorioak ere eusten diote azken garabi kolpearen zain. Ramon Zabalegi Irungo artista eta sortzaileak, adibidez, Korrokoitz kaleko 13. zenbakian dagoen bere familiaren etxean bizi eta lan egiten du. Bertan du bere sorkuntza tailerra, eta Urdanibia plazako etxe zaharrenetarikoa izanagatik ere, etxe honek markatzen du Irungo Udalak garatuko duen Korrokoitz Eremuko plan urbanistikoaren muga.

2025eko azaroan onartu zuen udalak eremuaren hirigintza proiektua, partzelak zatikatu eta hiri-garapenerako behin betiko plan berezia. Eta eraiste lanak orain hasi dituzte. Izan ere, Inmobat enpresak bere webgunean Korrokoitz eremuko A, B eta D partzeletan iragartzen dituen etxebizitza eta garajeak 2026 erditsuan eraikitzen hasiko dituztela dio. Eta Sukia enpresak bere partetik, errekara begira bistak izango dituzten etxebizitzak iragartzen ditu, informazio askorik gabe. Proiektuaren infografiekin batera «Auzo berri bat. Etxebizitza berriak. Bizitzeko modu berri bat Irunen» iragartzen du, besterik ez, gehiago jakin nahi duenari harremanetan jartzera animatuz.

 

Auzokide askok kartelen bidez jakin dute lanak hasten zirela

Kontua da, Irungo Udalak Irunvik garatuko dituen 63 etxebizitza publiko iragarri dituela Korrokoitz eremuan, baina irundar orok ondotxo daki, etxebizitza pribatuen salmentak sustatzen duela Korrokoitz Eremuaren garapena. Eta promotore pribatuek eraikiko duten «auzo berriak» betiko aldatuko duela auzo-giroa. Bien bitartean, auzokideek obren hasierako hesi eta garabiei begira, garai bateko bizipenak komentatzen dituzte egunotan, desagertzera doan auzunea gogoan, herrimin eta malenkoniaz. 

Atzean geratuko da Korrokoitz zena. Baita azken urteetan udalgintza astindu duen etxebizitza promoziorik gatazkatsuenaren oihartzunak ere. 2008an udalbatzak ordenazio plan bat behin betiko onartu bazuen ere, ate atzean geratu zen, eta EAJk Hirigintza eskumena zuela Korrokoitz Eremua berraktibatu zuen 2015-2108 urtaldian. Udal teknikariek eta jabetza pribatuaren arkitektoek adostu eta ontzat emandako proiektua izan zen, eta 2018an ika-mika politiko eta juridiko zurrunen ondorioz PSE-EAJ udal gobernu koalizioa apurtzea eragin zuen akordioa izaki, Jose Antonio Santanok eta Xabier Iridoyk epaitegietan amaitu zuten. 2018an bertan Korrokoitz afera argitzeko Udaleko Ikerketa Batzordea martxan jarri behar izan zuten. 

Aurki irudian dauden eraikin guztiak eraitsiko dituzte. 

Orain Irungo Udalak zarata handirik gabe baimendu dituen eraiste lanak hasi dira. Bizilagunek Betark enpresako Borja Maiz Larrinagaren zuzendaritzapean egingo zituela jakin zuten, udalak maiatzaren 5ean baimenduta, auzoan jarritako kartelen bidez. Eta egunotan hasi dira garabiak lanean.