Irungo EAJ-PNVko Udal Batzarrak Gorka Alvarez Aranburu (Irun, 1984) izendatu du alkatetzarako hautagai 2027ko udal hauteskundeetarako. Jasone Ugarte beste hautagaiari gailendu zaio alderdi barruko bozketan. Bidasoaldean jeltzaleak izan dira goiztiarrenak udal hauteskundeei begira hautagaiak aurkezten. Izan ere, Hondarribian ere aurreneko alderdia izan zen, joan den martxoan, Maria Serrano alkategai aurkeztuz. Eta Irunen oraindik ere Izaia taldea baizik ez ditu bere asmoak adierazi.
Gorka Alvarez Enpresa Zientzietan diplomatua da, eta politika arloan eta adminisitrazio publikoan eskarmentua du. Izan ere, Irunen zinegotzi kargua hartu aurretik, EAJ-PNVren Diputatuen Kongresuko Euskal Talde Parlamentarioko laguntzailea izan zen 2008 eta 2015 urteen artean, eta 2015-2017 urtaldian Gizarte Ekintzako Foru Diputatuaren laguntzailea izan zen, eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendaria izan zen 2017tik 2025era. Hain justu, kargua utzi zuen Irungo gobernu koalizioan bigarren alkateorde izendatu zutenean.
Irungo Udalean 2023an sartu zen azken udal hauteskundeen ondoren. Eta 2024ko uztailean EAJ-PNV udal taldearen bozeramaile bilakatu zen Xabier Iridoiren lekukoa hartuz. Agintaldi honetan udal taldeko bozeramaile lanak egin ditu, eta jeltzaleek 2025eko urtarrilean PSE-EErekin udal gobernu koalizioa adostu zutenetik, Irungo Udaleko bigarren alkateordea izateaz gain, Obrak, Mantentze eta Azpiegiturak eta Giza Eskubideak, Memoria Demokratikoa eta Lankidetza arloak kudeatu ditu orain artean.
Hautagaiaren arabera, «Irun une erabakigarrian dago, hainbat proiektu estrategikorekin, eta proiektu horiek zehazten jarraitu behar dira hiri hobea eraikitzen jarraitzeko». Lan horretan sakontzeko helburuarekn aurkeztu du bere burua, eta Irungo EAJ-PNVk ia urte eta erdi gobernu koalizioan daraman honetan, «irundarren egunerokotasuna kudeatzeko gai» direla erakutsi dutelakoan dago. Datozen hilabeteetan ere, «herritarrei entzuten jarraitu, eta pertsona guztiak partaide sentituko diren hiri proiektu bat eskaintzeko» lan egiteko prest azaldu da Alvarez.