Joan den udan Irungo EAJk lema kolpe bat eman zuen Gorka Alvarezek alderdiaren bozeramaile lanetan Xabier Iridoiren lekukoa hartu zuenean. Udal taldeko hiru zinegotzi ordezkatu zituzten udazkenean, eta 2025eko urtarrilaren 29an, aldiz, PSE-EAJ gobernu koalizioa aurkeztu zuten udaletxean. Hartara, 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeez geroztik Irungo Udalak egiten duen hirugarren gobernu berrantolaketaren parte dira jeltzaleak. Eta udal gobernu berrian bigarren alkateorde Gorka Alvarezek aitortzen duenez, «gauza asko gertatu dira denbora epe labur batean».
Hala ere, Irungo sozialistek EAJ-PSE alderdien arteko Akordio Markoa onartzeko asmorik agertu ez zuenez, joan den urriaren 11n Alvarezek berak «negoziaketa denbora agortu eta oposizioa» egiteko helburua adierazi zuen Batzokian egindako agerraldian. Baina hiru hilabete hauetan eszenatokia aldatu eta gobernu sozialistak 2025eko udal aurrekontuak onartzerik ez zuela ikusita «irundarren alde lan egin eta proiektu estrategikoak martxan jartzeko» aukera eman dela dio. Dena den, gobernu akordioa «berandu» iritsi dela uste du bozeramaile jeltzaleak, baina «esfortzu handia egin da bi aldeetatik akordio zabal batera iristeko, eta egia da ia legealdi erdia pasa dela, eta orain ditugula bakarrik bi urte lan egiteko, baina horretan ariko gara buru-belarri».
Halaber, Irungo EAJk sozialistek duten hiri-ereduaren alternatiba direla aldarrikatu du hamaika alditan. Gobernu koalizioan ikuspegi ezberdin horiek nola uztartzen ote diren galdetuta, argi utzi du, noski, «EAJk iritzi oso ezberdinak dituela hainbat arlotan, baina elkarrizketa eta elkarlanerako giro ona sortu dela, eta bide horretatik irundarrentzat garrantzitsuak diren proiektuetan adostasun batera» iritsiko direlakoan dago.
Asmo handiko Irun berria
Pasa den urtarrilaren 29an gobernu koalizioaren aurkezpenean, «irundar guztiak irabazten» aterako direla nabarmendu zuen Josune Ugarte Irungo EAJren batzokiko buruak. Eta Cristina Laborda alkatearen arabera, «Irungo proiektu estrategikoak» eta «instituzioen arteko lankidetza» ahalbidetuko duen akordioa da lortu dutena. Asmo handiko Irun bat lortzeko helburuarekin bat egiten du Gorka Alvarezek. «Urtetan bere protagonismoa galdu du Irunek, baina transformazio betean dagoen hiria da, eta Irunek XXI. mende honetan munduan bere lekua bilatu behar du, Gipuzkoan, Euskadin eta munduan, erronka handiak ditugu gainera», aldarrikatzen du jeltzaleak.
Proiektu estrategikoak aipatuta, ez dira gutxi maila guztietako agintari eta erakunde publikoek irundarrekin pilatutako zorrak azken 20-25 urteetan. Osasungintzari dagokionez, Osasun Bidasoa Plataformak 2018an hasitako borrokaren ondotik, Osakidetzak 15 milioi euroko inbertsioa egingo du Bidasoko ospitalean, eta iragarri berri dutenez, Oinaurrekoa ez ezik, Erdigunean (Bidasoa institutuaren aparkalekuan) 8.000 metro koadroko beste osasun zentro bat gehiago eraikiko du Irunen. Baina hau garrantzitsua izanik ere, Ficobako IAM pabiloiaren proiektu berria batetik, eta aspaldikoak diren Hegoaldeko saihesbidearen bigarren fasea, Via Irun, Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekuz aldatzea edota etxebizitza arazoari erantzunez, udalak eskatu berria duen gune tenkatua izendatu orduko, alkateak hiru urtetan iragarri dituen 1.000 etxebizitza publikoen eraikitzeko aukera, besteak beste.
Etxebizitza publikoaren kasuan, «mila etxebizitzen aukera baino, nahia edo asmoa» dela argitu du Gorka Alvarezek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa ezinbestekoa izango da. Eta aipatutako «proiektu inportante guztiak garrantzitsuak badira ere, lehentasunak markatu beharko dira, ez dagoelako dirurik dena berehala egiteko», aitortu digu.
Erronka ez da makala, baina gobernu koalizioari esker, «bi aldeek zintzotasunez jokatzen baldin badugu, erakundeekin akordioak lortzeko eta presio emateko gaitasuna» izango dutela pentsatzen du ordezkari jeltzaleak, lanerako daukaten gogoa gaineratuz «prest gaude laguntzeko, horretarako sartu gara gobernu honetan lau zinegotzirekin, lan egiteko».
Udalgintza: eguneroko gauza txikiak
Baina epe luzerako proiektu estrategikoek ez diote Gorka Alvarezi iparrorratza galarazten. EAJk gobernuan hartu duen norabide berri honetan, Irungo Udaleko Obra, Mantenu eta Azpiegiturak, Giza Eskubideak, Memoria Demokratikoa eta Kooperazioa (Gorka Alvarez), Hiritarren Segurtasuna eta Bizikidetza (Iñigo Berges), Gizarte Zerbitzuak eta Euskara arloa (Iosu Iguiñiz), Berdintasuna eta LGTBIQ+ eskubideen arloa (Maite Cortina) hartu berri baititu bere ardurapean.
Irungo udaletxetik «irundarren egunerokoa hobetzeko lan egin nahi dugu», dio. Eta segurtasunaren kasuan, gobernu akordioarekin batera 12 udaltzain berri kontratatzea adostu dute. «Etxebizitzaren arazoarekin batera irundarren kezka nabarmenetako bat da segurtasun ezaren pertzepzioa», dio Alvarezek. Obra, Mantenu eta Azpiegitura arloak berak kudeatuko ditu, eta «hirian egin beharreko konponketa guztiak egitea ezinezkoa bada ere, herritarrak entzun eta ahalik eta azkarren erantzuteko» borondatea agertzen du.
Entzuteko prestutasuna adierazi du ere Euskara arloari dagokionez. 2025eko udal aurrekontuetan zenbait diru partida emendatzea adostu dute, baina jeltzaleek argi utzi dute Aski Da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu kolektiboak berpiztu duen euskararen aldeko dinamika aprobetxatu behar dela herritar eta eragileekin batera elkarlanetik euskara bultzatzeko. «Euskara gure nortasunean dago, eta politika ez da bulegotik egin behar, eragileekin lankidetzan baizik» argitu du.
Gizarte Zerbitzuetan, aldiz, Irungo biztanleen per capita errenta Gipuzkoako apalenetakoa dela ez zaio oharkabean pasatzen. Eta herritar zaurgarrienak laguntzeko politikak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku daudela oroitarazi du, baina horietariko asko udalak bermatu behar dituen zerbitzuak izanik, «zerbitzu hurbila eta goxoa emateaz gain, adineko pertsonei eskaintzen zaizkien zerbitzuei lehentasuna» emateko helburua iragarri du. Izan ere, Irun 80 urtetik gorako biztanle gehien dituen Gipuzkoako udalerrien artean dago.
Berdintasun eta LGTBIQ+ Eskubideen arloa ere arduratuko da EAJ udal taldea. Kasu honetan, 2022ko abendutik Emakundek onartzeko zain duen V. Berdintasun Plana lehentasunetan emana dute jeltzaleek. Gogoan hartu behar da, Miren Etxebeste (Elkarrekin Podemos) arloko udal ordezkaria zen garaietan, 70 emakume eta eragilerekin aurrera eramandako bi urteko prozesu parte-hartzaile batetik eratorritako plana aurkeztu zuela udalak Emakunden. Baina Jose Antonio Santano alkateak Berdintasun arloak entregatutako bigarren bertsio bat aurkeztu zuela aldi berean, alardearen auzia baztertuta. Gorka Alvarezek iragarri duenez, «prozesua berriz hasi eta adostasun mailarik altuena bilatu behar da plan berria indarrean jartzeko».