Sanmartzialak

Milatik gora gazte bildu ditu Betti Gottik kuadrillen eguneko bazkarian, "sasi guztien gainetik"

Aimar Lopez 2026ko ekainaren 20a

Aurtengo bi kuadrillen egunetako lehena indartsu hasi da Irunen. 1.300 gazte ingururi eman die otordua Betti Gottik, eta Ficobako diskofestan hirukoiztuko da. Ekainaren 27an dute hurrengo hitzordua.

Urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa da kuadrilla eguna Betti Gotti euskara kultur elkartearentzat; bertan lortzen den diru sarrera gabe, kostata antolatu litzakete udaleku, kanpaldi eta bertze jarduerak. Eta aurten, Irungo Udalarekin proposamenak adosteko zailtasunak izan ondotik, bi egun izanen dituzte azkenean Irungo kuadrillek; gaurkoa, ekainaren 20a, eta heldu den larunbata, 27a.

Elkarteko kideek bazkaria hastekotan zela aitortu digutenez, lana da egunaren antolaketa, baina gustura egiten duten bidea ere bada. Hala, egunean bertan hogei bat kide aritzen dira antolaketan, baina bazkaria kozinatzen eta zerbitzatzen ari diren langileak gehitu behar zaizkio horri. Orotara, 1.300 bazkaltiar ingururi eman diete gaur jatekoa, eta bazkalondoko diskofestan, 3.000 eta 4.000 bestazale artean izan dituzte.

Astebete barru, gehiago

Bigarren kuadrillen egun horretan ere, hilaren 27an, bazkaria egingo da Urdanibia plazan (14:30ean), baina txosnek antolatutakoa. Txarangek animatutako Bingo musikatu batekin borobilduko dute, mahaien apainketa lehiaketa batekin. Gainerakoan, 9:00tan Gosari Herrikoia, 9:30ean Goitibehera txanden zozketa, eta 10:00etan Irungo V. Goitibeheren Sari Nagusia ospatuko dute San Martzial kalean behera. Eguerdian Txintxarri, Peña Poteo eta Burrunbarekin girotuko dute, eta 17:30ean sari banaketa egingo dute. Gotibehera eta mahai prestaketaren sariena ez ezik, Antxeta Irratiak hirugarrenez antolatzen duen Kuadrillen Eguneko Kamiseta Lehiaketarena ere.