'Txotxongiloak Parkean' egon beharrean, CBAn aterpetuko dira beroaz babesteko

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 22a

Alerta gorriaren ondorioz Babes Zibileko dispositiboa aktibatu egin du Irungo Udalak, eta horren ondorioz, San Pedro eta San Martzial jaietarako antolatutako hainbat ekitaldi bertan behera utzi edota lekuz aldatzera behartuta dago. Astelehen honetan Landetxako haurrentzako joko eta puzgarriak bertan behera utzi dituzte, eta Kultuarteko Jokoak CBA Kultura eta Sorkuntzarako gunera lekuz aldatu dute. Eta ekainaren 23tik 26ra bitartean OMAK elkarteak Euskara arloarekin proposatutako "Txotxongiloak Parkean" ekimenaren lehen bi egunak ere, CBAko lurpeko Irun Zuzenean aretoan taularatuko dituzte. 

 

OMAK elkarteak "Txotxongiloen Parkea" ekimena antolatu du ekainaren 23tik 26ra Irungo Euskara arloaren babesarekin. Sanmartzial bete betean, haur eta familien gozagarri izango diren txotxongilo emanaldiak programatuak zituzten euskaraz, Sargia parkean lau egunez. Eguerdian izango dira ikusgarriak, goi mailako konpainien eskutik. Eta ordutegia mantenduko bada ere, aurreneko bi egunetako emanaldiak CBA Sorkuntza eta Kultura gune berriaren aterpera lekuz aldatzea erabaki du udalak.

Hasiera batean Urantzuko frontoi txikira aldatzea aurreikusia zuten alternatiba gisa, baina astelehen honetatik indarrean den alerta gorria dela medio, Irungo Udalak hainbat hitzordu lekuz aldatu behar izan ditu, eta espazio egokiena CBA dela erabaki du. Gaur bertan, Urdanibia plazan egitekoak ziren Kulturarteko Jokoak CBAko harrerako zabalgunera lekuz aldatu dituzte, eta bihar eta etzi, ekainak 23 eta 24an, txotxongiloen emanaldiak Irun Zuzenean aretoan egingo dira. 

Hartara, ekainaren 23an, Ameztu Antzerkia konpainiak "Kay Robot" obra modernoa aurkeztuko du. Eta ekainaren 24an, "Katxaruloren Alaba" ikusgarria izango da, Mirari Urruzolaren eskutik. Alerta gorria arindu egingo dela iragarri du aro ikerleek ostegunerako, eta beraz, mementoz ekainaren 25ean Bilboko El Tenderete talde ospetsuaren "Hamaika gatazka" obra, eta ekainaren 26an, jaialditxoa amaitzeko Familientzako Kabareta ere, hastapenetik aurreikusia zegoen Sargia parkera itzuliko lirateke. Hala ere, Irungo Udalak azken orduko aldaketa posibleen berri emango du bere webgune eta sare sozialetan. 

Bestelako neurriak beroari aurre egiteko

Alde horretatik, Irungo Udalak jakinarazi du Euskal Meteorologia Agentziak (Euskalmet), Irungo Udalak eta Udaltzaingoak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bidez, Larrialdietarako Udal Plana aktibatu dutela, tenperatura altuengatik astelehen honetarako, hilak 22, aurreikusita dagoen muturreko arriskuagatik. Alerta egoera 20:00ak arte aktibatua egongo bada ere, bihar ekainaren 23an bere horretan mantenduko dute, tenperatura maximoak 37-38 gradukoak izango baitira euskal kostaldean. 

Babes Zibileko Udal Plana aktibatua dute eta Udaltzaingoak gogorarazi du guztiz debekatuta egongo direla barbakoak Aiako Harria Parke Naturalean eta landa-eremuko beste atsedenleku batzuetan egitea. Era berea,, bihar San Joan bezpera dela eta, udalak antolatzen duen ohiko San Juan plazako suaz harago, gainerako guztiak debekatuta egongo dira, eta zorrotz kontrolatuko dute.