Kuadrillen bigarren eguna ospatuko dute larunbata honetan Irunen. Betti Gotti euskara kultur elkarteak antolatuta, ekainaren 20ko Herri Bazkariaren ondotik, ekainaren 27 honetan Urdanibia plaza izango da festaren erdigune. Txosnetako eragileek 300 lagunentzako bazkaria antolatu dute, eta arratsaldean herri kirolak eta kontzertu batekin 22:00ak arte girotuko dute plaza. Baina plana goizetik hasiko da. Betti Gottik antolatzen duen Gosari Herrikoia 9:00etan emango dute, eta 9:30ean Goitibehera txanden zozketa egingo dute. Irungo V. Goitibeheren Sari Nagusia 10:00etan hasiko da, eta ekimen gaztea izanagatik ere, urtetik urtera gero eta jende gehiago animatzen da.
Joxeja Zabalo, ekimenaren sortzaileak dioenez, «ondo errotu da eta eguna girotu eta umore puntu batekin jaiak beste modu batez gozatzeko parada ematen du». Parte-hartzaileek ondo pasatzen dute, eta urtero ikusle andana bat biltzen da San Martzial kalean. Izan ere, Betti Gottik utzitako goitibehera batekin izan ala azken asteetan norbere tramankulua diseinatzen aritu direnek ere, grabitatea kudeatzen azkarrenak izateko lehian sartuko dira San Juan plazatik Urdanibia plazarako bidean maldan behera.

Iaz 13 izan ziren parte hartu zuten goitibeherak, 2024an baino bat gehiago. Baina zenbait taldetan bi eta hiru partaide izan zirenez, guztira 17 lagunen artean azkarrena David Martinez izan zen, minutu eta 21 segundoko kronoarekin. Iaz, gainera, aurreneko aldiz emakumeak ere animatu ziren. Elkarte antolatzaileak lehiaketa parekidea izan zedin deialdia luzatu zuen, eta hiru emakumek egin zuten estreinakoa: Marina Urieta, June Mekoleta, eta Ilargi Lorenzo.
Iazko bigarren saria Ander Gamonek eta Alain Pardok eraman zuten bitartean, Unai Arretxek osatu zuen podiuma. Eta goitibehera diseinurik originalenak Beñat Irazusta eta Jon Vesgarenak izan ziren.