Irungo Urdanibia plazako sei txosnak jarri dituzten eragileek joan den ostirala eta larunbata gauetan gertatutako erasoak salatu eta gaitzetsi egin dituzte. Ostiralean bi pertsonen arteko liskar baten ondorioz, anbulantziak borrokatu zenetako bat artatu behar izan zuen, batak besteari beirazko botila buruan apurtu ziolako. Eta larunbatean, gizon batek txosnagunean egindako eraso homofoboa eta biktimaren defentsan atera ziren pertsonen arteko borroka baten aurrean, txosnak ixteko erabakia hartu behar izan zuten. Istiluaren abarrotsean, biktimen artean, emakumeak ere kolpatu egin zituzten.
Honen aurrean, txosnetan lanean ari diren elkarte eta eragile ezberdinek agerraldi bateratua egin dute Mosku plazaren erdian, «halakorik errepika ez dadin» eskatzeko. Jaiak guztionak direla gogoratu dute, eta guztion artean zaindu beharra daudela. Aditzera eman dutenez, txosnagunean ez dute inolako erasorik onartuko. «Ez dugu eraso matxista, LGTBIQ+fobo, arrazista, faxista edo edozein motatako indarkeriazko jarrerarik onartuko», ohar egin dute irakurritako manifestuan, «horrelako portaerek ez dute lekurik ez txosnetan, ez inon, eta ez dute inoiz izango» gaineratuz.
Alde horretatik, mezu argia helarazi nahi izan dute San Pedro eta San Martzial jaiak ofizialki hastear diren honetan: «EGOTEN EZ BADAKIZU, EZ ETORRI, EZ ZARA ONGI ETORRIA». Hala ere, beste eraso edo jarrera desegokiren bat emanez gero, txosnetan laguntza behar duen orori laguntzeko prest daudela azpimarratu dute, eta jaietan gerta daitezkeen erasoen aurrean biktimak berehala barran babesa aurkituko duela ohartarazi dute.
Udalaren jokamoldea salatzen dute
Bestalde, Moskun jaiez gozatzeko elkarte ugari buru-belarri lanean ari direla gogoratu dute. Eta antolatutako jarduerak aurrera atera badira ere, Irungo Udalaren jarrera salatu dute eragileek. «Ez da aurtengo kontua, edonolako jarduera antolatzeko baimenak sistematikoki ukatzeko duen jarrera salatu nahi dugu», leporatu diote Irungo Udalari. «Kaleak eta jaiak denonak dira, irundarronak, eta ez udalarenak», aldarrikatu dute, «jai eredu burokratiko honetatik aldendu eta herriko eragileon iniziatiba baztertzeari» utz diezaiola eskatu diete udal agintariei.
Zentzu horretan, ekainaren 27an bazkari eskaintza berezia antolatu dute txosnetan. Betti Gotti euskara kultur elkarteak antolatzen duen Kuadrillen Eguna ekainaren 20 honetan ospatzera behartu baitu udalak. Are gehiago, Nuria Alzaga Kultura zinegotziak elkarte antolatzaileekin bilera egin aurretik, martxoaren 9an egin zuen publiko Diario Vascon Ficobako Herri Bazkaria ekainaren 20an izango zela. «Aldebakarrez erabaki eta derrigortu» eta gero, udalarekin martxoaren 18a arte ez zuten Betti Gottiko kideek hitz egiterik izan, eta data adostu gabe erabaki izana «errespetu falta» gisa ulertuta ere, bi egun antolatzea proposatu zitzaion udalari, baita honek onartu ere.
Horren ondorioz, aurtengo Kuadrillen Eguna bitan banandu behar izan dute. Herri Bazkaria alde batetik, eta Kuadrillen Eguneko ohiko gainerako jarduerak bestetik, ekainaren 27an. Baina txosnetako eragileek azaldu dutenez, ekintza gehigarriekin osatuko dute eguna. Izan ere, bigarren egun horretarako 300 lagunentzako bazkaria eskainiko dute plazan.
Gogoan hartu behar da, Betti Gottiren eskutik txarangek animatutako Bingo Musikatu batekin borobilduko dutela. Kuadrillen arteko herri kirolak eta DJak eta kontzertu batekin osatuko dute programazioa 22:00ak arte. Gainerakoan, goizeko 9:00tatik hasiko dute eguna Betti Gottik proposatutako Gosari Herrikoiarekin. 9:30ean Goitibehera txanden zozketa, eta 10:00etan Irungo V. Goitibeheren Sari Nagusia ospatuko dute San Martzial kalean behera.
Plazan egingo duten bazkariari dagokionez, txosnako eragileek gogoratu dute txartelak 12 eurotan eskura daitezkeela txosna guztietan. Menua errusiar entsaladilla, albondigak eta postrea izango bada, aukera beganoa ere eskainiko dute. Nolanahi ere, jaietan txosnagunera gerturatzera animatu nahi dute, «jaiak guztionak direlako».