Irungo alarde parekideak hiriko kaleak hartu ditu gaur. Azken urteetan batu diren San Miguel edota Meaka bezalako konpainia berriekin batera, urtetik urtera hazten doa herriko gazte belaunaldien eskutik. Gero eta jendetsuagoa da Irungo Alarde Publikoa, eta aurten 2.400 lagunek parte hartu duten bitartean, espaloietan ere gero eta babes handiagoa biltzen du. Goizeko desfilean San Martzial kaletik hasi eta San Juan plaza inguruetatik Junkal plazaraino, eta Eliza kaleko espaloietan ez da hutsunerik izan, eta txalo artean desfilatu dute.
Goiza lasai joan da. Baina arratsalderako kezkati agertu dira alarde parekideko kideek ez ezik, agintari politikoak ere. Alarde baztertzaileko Agintarien Batzordeak ere «lasaitasunez eta jaiak desberdin bizi dutenak errespetatzera» animatu dituzte irundarrak azken orduetan.
Izan ere, tentsioa badago Irunen. Aspaldi sumatzen ez zen giro nahasia. Sanmartzialetako entseguetan emandako gertakariengatik batetik, eta bestetik, zenbait kolektibok sare sozialetan «Betiko Alardea inoiz baino biziago dagoela erakusteko» Kale Nagusian indar erakustaldi bat egiteko deialdia luzatu dutelako. Alarde Publikoak Ertzaintzari segurtasuna bermatzeko «beharrezkoak diren neurriak» eskatu dizkio aurten, aspaldi ez bezala.
Eta Ertzaintzaren presentzia izan da goizetik Urdanibia plaza inguruetan. Alarde parekidearen kontrako ekintzak iragarri baitituzte, eta entsegu egunetan izandako tentsio uneen ondoren, atzo errebista egunean balkoietatik hainbat partaide eraso zituzten arrautza egosiak jaurtiz.
30 urte bete dira ehun emakume eta gizonez osatutako talde bat Irungo alardean sartzen saiatu zela. Aurreko hilabeteetan emakumeen parte-hartzea eztabaidatzeko prozesua zabaldu nahi izan zuten Bidasoaldeko Emakumeek, baina alardea antolatzen zuen Irungo Udalak ez zuen horretarako aukerarik eman. Soldaduz jantzita ateratzen saiatzea beste alternatibarik ez zuten izan, eta 57 emakumek Urdanibia plazatik San Juan Harria plazarainoko malda egin zuten ikusleengandik irainak eta eraso fisikoak pairatuz.
Gatazkak bere horretan dirau oraindik. Urtetan «bizikidetzaren eta alardea bizitzeko sentimenduari errespetuaren» izenean normalizatu egin dute Irunen, herriarena zen alardea pribatizatu eta diskriminazioa betikotzea.
Haatik, aurten alarde pribatuak bere baitan izan dituen barne gatazken ondorioz, otsailean jeneralak dimisioa eman eta agintari berrien jokamoldearekin disidenteak diren konpainiak azaldu dira. Eta aurtengo entseguetan irudikatu dituzten «ezberdintasun guztien gainetik, alardea ahalik eta hoberena egiteko jasotako mandatuarekin betetzeko» deia luzatu du Javier Garcia Nieto jeneral berriak gaur San Juan plazan.
Alarde Publikoan aldaketak, alardearen aferan ez
Alarde Publikoan ere agintariak berritu dituzte aurten. Patxi Perez Goñi da jeneral berria, eta Naiara Diez Manterola estreinakoa egin du komandante gisa. Ilusioz hasi du eguna, baina arratsaldeko deialdiekin kezkatuta. «Urte asko daramatzagu udalari alardea beraiek antolatzeko eskatzen, baina ez dirudi epe laburrean konponbiderik duenik», dio komandanteak.
Hala ere, alarde parekidea gero indartsuago ikusten du. «Gazte askok parte hartzen du, baina jende heldua ere animatzen da lehenbiziko aldiz pausua ematera, ikusten dutelako gauzak ongi eginda ongi pasatu daitekeela ere», azpimarratzen du.
30 urteotako borroka ongi ezagutzen du Inma Landak. Jenderal ohia, Anaka konpainian desfilatzen du gaur egun, eta sare sozialetako deialdiez gain San Martzial egunaren atarian emandako zenbait gertakari ikusita, aurten bizikidetzan emandako atzerapausoarekin kezkatua azaldu da. «Ikusita sare sozialetan jaso ditugun mehatxuak, berotua dago giroa, bazirudien duela 30 urteko zenbait egoera atzean utziak genituela» dio Landak.
Gaur egun desfilatzen duten gehienak, gazteak izanik, ez zituzten gatazkaren garai ilun haiek bizi. Hala ere, kezka gazteen artean baino haien gurasoek adierazi dutelakoan dago Inma Landa. «Gurasoak kezkatuak daude, gaztetxoak parte hartzeko gogoaz eta pozik, eta hori da garrantzitsuena, neskatxa gazte hauek guztiak ikustea aurpegi irrifartsu horrekin esan nahi du gure borrokak balio izan duela», aldarrikatzen du.
Politikan aurrerapausorik ez
Alde horretatik, aurten urte ezberdina dela aitortu du Oihana Briones EH Bilduko Irungo bozeramaileak alarde parekideari udaletxean harrera egiteko itxaroten ari zela. «Denok sumatu dugu tentsio handiagoa dagoela, batetik 30 urte direlako gatazka hori bizitzen, eta bestetik diskriminatzailea den alardearen baitan ere gatazka izan dutelako, eta tentsio eragin du horrek», azaldu du Brionesek.
Thania Pazos, Ahal Duguko zinegotziak eman dio herriko bandera gaur alarde parekideari
Bera bezala, alarde parekidea goizean desfilatzen hasi aurretik, zenbait alderdi politikotako ordezkariek babestu egin dute Alarde Publikoa. Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako alardea da. Eta udaletxeko balkoian, Cristina Laborda alkatea eta udal korporazioko alderdi guztiek egin diote harrera alarde parekideari. Baita Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ere. Baina adierazpen esplizituak, urtero bezala, EH Bildu eta Podemos Ahal Duguko ordezkariek besterik ez dituzte egin publikoki.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak gogoratu du «berdintasuna eskubide bat dela» eta emakumeek eskubidea dutela jaietan «modu aktiboan eta askean parte hartzeko». Irungo Udal politiketan aurrerapausorik ez da eman azken urteetan Oihana Briones zinegotziaren ustez, eta alkatea interpelatu du berriz urratsa eman dezan.