Oiloak, ardiak, ahuntzak eta asto pare bat. Ikusmin handiagorik ez du ekarri aurtengo Irungo Baserritar Eguneko Azienda Feriak. Esnetako behi frisoen lehiaketarik gabe ospatu behar izan dute aurtengoa Urdanibia plazan. Izan ere, joan den udazkenaz geroztik abeltzainak saminaren bidetik eraman dituen dermatosi nodularrari aurre egiteko prebentzio neurrien artean, behiak plazara ateratzeko debekua indarrean jarraitzen du.
Gipuzkoan dermatosi nodularrari aurre egiteko 44.000 behi txertatzeko kanpaina urtarrilaren 7an hasi zuten, eta Hego Euskal Herriko abeltzainak ENBAk, EHNEk eta Nafarroako Abeltzain Elkarteak deituta, manifestazioa egin zuten urtarrilaren 15ean Irungo Behobian (Zaisan) dermatosi nodularrari aurre egiteko ez ezik, kalteak arintzeko neurriak aldarrikatzeko. Gipuzkoan ez ezik, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere Azienda Feriak bertan behera uztera edo behirik gabe antolatzera behartu ditu aurten.
Eta gaur uztailaren 1a, Gipuzkoa eta Bizkaiko behi ustiakuntza nagusiak bildu ohi direla Irungo Urdanibia plazan, behirik gabe ospatu dute. Nuria Alzaga Kultura zinegotziak argitu du, duela hilabete bat jakinarazi ziotela udalari behien lehiaketarik ez zela antolatuko. «Gaixotasun horren ondorioz ezin dira baserri ezberdinetako animaliak plaza berean elkartu, baina uztailaren 1ean Urdanibia plaza abererik gabe ezin da irudikatu eta zerbait behar zen egin», esan du, Antxeta Irratiak gaur plazaren erdian egin duen irratsaioan.
Bertatik pasa da ere Lurgintzako Nerea Alonso. Azaldu duenez, baserriko abereak erakusteko ahalegina egin dute berdin. «Aurten egoera berezian gaude, behiei afektatzen dien eritasuna delako, eta pena ematen zigunez, baserri munduko abereak ekartzea eskatu genion Irungo Udalari», argitu du Alonsok, halako zerbait egiten duten lehen aldia Irunen dela nabarmenduz.
Hala ere, dermatosiaren ondorioz alternatibak bilatu beharko dituztela aitortu du, eta Azkoitian (Gipuzkoa) «egoera berezi honetan, behi txapelketa beharrean behor txapelketa» antolatuko dutela iragarri du.
Nolanahi ere, plazan egoteko abereak prestatu behar dira. Eta baserritarrentzat lan eguna bada ere, gozatzen duten lan egun desberdina dela diote. «Animaliak prestatzeko ilusioa bada, eta halako azienda feriak beste abeltzain batzuekin harremanak egiteko elkargune ere bada, plaza hauek aprobetxatu behar ditugu, garrantzitsuak dira», azpimarratu du, urtero Irungo behi lehiaketan parte hartu ohi duen Igeldoko Ondazarte baserriko Eneritz Otamendik. Igeldoko Esnea markarekin saltzen du bere esne ekologikoa, eta azaltzen duenez, «lehiaketako ganadua punta-puntako aberea behar du, doma, garbiketa eta apainketa ere eskatzen duen lan nekosoa bada ere, gustuko lana da».
Egun osoko programazioa
Baserritar Eguneko protagonista nagusiak falta ziren gaur, beraz, baina haur eta familiek ederki gozatu dute gainerako baserri abereekin. Gainerakoan, 11:30ean Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Anjel Mari Penagarikano eta Jexux Mari Irazu hasi dira bertsotan, eta txosna eta postuetako pintxo, sagardo eta taloen artean, 12:00etan herri kirolen erakustaldiak ere ikusmina piztu du plazan bildutakoen artean.
Bertsolariek eta herri kirolek osatu dute goizeko programa.
Arratsaldean, aldiz, Betti Gotti euskara kultur elkarteak 18:00etan antolatutako Fandango eta Arin Arin Txapelketa borobilduko du eguna, herri erromeriarekin. Ordu berean, sarrera lortu duten 700 bat pilotazaleek Urantzu frontoian izango dute zer gozatua. Pilota Jaialdi Profesionala izango baita Unai Amiano pilotari irundar gaztea protagonista nagusia izango delarik.