Nagore Laffage omenduko dute uztailaren 7an Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkartea osatzen duten eragileek. Haren hilketaren 17. urteurrenean, ekitaldia Irungo Emakumeen Etxean egingo dute, azken urteetan bezala. Antolatzaileek argitu dutenez, «17 urte geroago haren oroitzapenak guztion oroimenean eta bihotzetan grabatua jarraitzen duela» erakutsi nahi dute. Izan ere, 2008ko uztailaren 8an, 20 urteko irundar gaztearen hilketak izan zuen oihartzun mediatiko zabala eta gizarte erreakzioa bizirik jarraitu du urteotan guztiotan Irunen.
Haren ama Asun Casasolaren borroka bultzatu eta urtero-urtero Nagoreren memoria presente mantentzeko ahaleginak egin dituzte Irungo elkarte feministek, baita Irungo Udalak ere, urteroko omenaldiekin ez ezik, haren izena duen Palmera Monteroko parkea izendatuz, edota indarkeria matxistaren kontrako Asun Casasola Ipuin Lehiaketa literatur sariketa antolatuz, besteak beste. Asun Casasolak bere alaba gogoan gordetzeko beharra nabarmendu du, baina «atzera begiratu beharrean, aurrera begira halakorik berriz gerta ez dadin».
Gogoan hartu behar da, 2009an herri-epaimahai batek Jose Diego Yllanes Vizcay hiltzaileari 12 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri ziola, baina 2011an espetxetik lehenengo irteera baimena jaso zuen, eta 2017rako Yllanes, Zuerako espetxean hirugarren graduarekin kalean zegoela. Zaragozako klinika batean lanean ari zela jakin izan zen gero, eta 2024ko martxoan Auzitegi Nazionaleko Kontentziosoko Salak Jose Diego Yllanesek aurkeztutako «ahanzturaren eskubidea» ukatu egin zion. Bere izena eta gertaturikoari lotutako erreferentziak Google LCC eta Espainiako Datu Babeserako Agentzian (AEPD) blokeatzeko eskaera egin baitzuen. Epaileek Nagore Laffagen «hilketaren baldintza basatiak» aintzat hartuta, eta kasuak izan zuen oihartzun mediatikoa kontuan hartuta, interes orokorrekoa dela argudiatu zuen hiltzaileak egindako eskaera baztertzeko.
Nagoreren oroimena gordetzeko ekitaldi sinbolikoez gain, Helena Taberna zinemagileak 2016an Nagore dokumentala zuzendu zuen, eta Goya sarietarako hainbat nominazio jaso zituen. Bertan Nagore Laffagen hilketa bortitza azaldu zuen. Eta lanean Asun Casasola Nagoreren amak dokumentalean parte-hartze handia izan zuen. Biktimaren senide zein lagunen testigantzak jasotzen ditu lan honek, baita prozesu judizialean inplikatutako hainbat kideren ikuspegiak ere: fiskala, abokatuak eta genero indarkeriaren kontrako kolektiboetako ordezkariak, besteak beste.
Horiek hala, eta azken urteetan Nagore omentzeko bere izena duen Palmera Montero auzuneko parkean bildu ondoren, 2024az geroztik egin duten bezala, uztailaren 7an (19:00etan) Istillaga plazan, Irungo Emakumeen Etxearen aurrean Nagore Laffage gogoan gordetzeko ekitaldia egingo dute.
Ekitaldi ofiziala eta herrikoia
Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak aditzera eman dutenez, «Nagoreren oroitzapenak herritarren bihotzetan bizirik mantentzen dela» erakutsiko dute, «argi uzteko ere emakumeen aurkako indarkeriak ondorio eta zauri konponezinak uzten dituela».
Omenaldia harrera instituzional batekin hasiko dela iragarri dute, Emakumeen Etxearen kanpoaldean. Cristina Laborda alkatea eta Maite Cortina Berdintasun eta LGTBIQ+ Eskubideen ordezkaria bertan izango dira. Eta ondoren, Asun Casasola lehiaketako kontakizunen irakurketa dramatizatua egingo dute, Patxi Perez-ek gidatuta. Ondoren, Ana San Josek zuzendutako Irungo Emakumeen Etxeko kantu tailer feministako abesbatzak 'Ate morea' abestuko du, eta azkenik, ekitaldiari amaiera emateko, Asun Casasolak hitza hartuko du.