Jaiak behin amaituta, udan ere kulturaren taupadak bere neurrian mantendu nahi ditu Irungo Udalak hiria bizirik mantentzeko. Horretarako, Kultura Zerbitzuak publiko guztientzako 20 hitzordu baino gehiago antolatu ditu uztailetik irailera Irungo espazio ezberdinetan banatuta. Zenbait auzotan jaiak ospatuko dituzten bitartean (asteburu honetan Urdanibia Uztarri Ona auzo elkarteak adibidez), erdigunean bi hitzordu nabarmentzen dira udan Irunen. 50 ekitaldi baino gehiago jasoko dituen Dies Oiassonis erromatar jaialdiaren XVI. edizioa, uztailaren 15etik 19ra, eta abuztuaren 7tik 9ra Euskal Jiraren 46. edizioa Urdanibia plazan eta inguruetan.
Aurtengoan gainera, Urmugaren Urtanta festibalak aparteko kontzertu memoriala proposatuko du Irunen. Uztailaren 18an Santiagotarrak arraun elkarteak antolatzen duen Bidasoako Jaitsierarekin bat eginez, kirol froga amaitutakoan, 20:00etan Bidasoa ibaia zeharkatzen hildako migranteen omenezko emanaldia izango baita. Berez, Albaolako Patatxak 17:00etan hasiko den jaitsiera herrikoiarekin bat egingo du Faisai Uharte inguruetan. Eta 20:00etan Amets Arzallus, Mugarri taldea, Otxo taldea, Jokin Lasa, Odei Barroso, Rogelio Botanz, Percuteras de Garaldea eta Et Incarnatus Orkestrarekin kontzertu memoriala izango da Santiagotarrakeko ontziralekuaren parean.
Hortaz gain, Bidasoa Folk edota Donostiako Jazzalditik eratorritako kontzertu bat ere izango da Irunen gozatzeko abuztuaren 23an. Hala ere, udalak udako programazio oparoa eta anitza antolatu duela nabarmendu du Nuria Alzaga arloko zinegotziak. «Kultura aipatzen dugunean badirudi ekitaldi handiez ari garela, baina kultura urte osoan zehar eta espazio ezberdinetan jendeari aisialdi aukera eta jarduera soziala izateaz gain, hiriko ekonomian eragiteko aukera ere ematen du», dio Alzagak. Eta agintariek udan ere horretan lanean jarraitzen dutela azpimarratu du.
Alde horretatik, udako programazioa osatzeko, kaleko ikuskizunak eta antzerkia, aire zabaleko zinema emanaldiak, musika eta adin guztietarako proposamenak. Hain justu, udako agenda estreinatzeko Girabira saio batekin egingo dute uztailaren 10ean, ostirala, Soroxarta parkean. Arratsaldeko 17:30ean antzerkia ardatz izango duen lehen saioa ospatuko dute, eta abuztuaren 28an Alai Txokon zinema (euskaraz) eta urriaren 4an Mendibilgo parkean Txikimusika klasikoarekin borobilduko dute aurtengo edizioa.
Ostiraleko lehen saioan, 17:30etik 19:30era Garbiñe Martiarena, Jon Saenz del Castilloren eskutik sormen tailerrak egingo dituzte txikienentzat. Eta 19:30ean Laenananaranja konpainiaren «KONTU KANTARI 2» antzerkia taularatuko dute. Familien piknika laguntzeko taberna zerbitzua izango dute hiru hitzorduetan, eta hiriko lorategi eta berdeguneak balioan jartzeko, Txingudi Ekoetxearekin hitzordu bakoitza hartuko duen parkea ezagutzeko tailerra proposatuko dute.
Programazio osoa Irungo Udalaren agendan topatuko duzue egunez egun.