Irungo Udalak ekitaldi sorta bat antolatu du irailean hiriaren bonbardaketaren 90. urteurrenaren harira

Paola Oskoz 2026ko abuztuaren 19a

Kolpistak Irun bonbardatzen hasi zirenetik 90 urte pasatu dira eta Irungo Udalak, bertze hainbat elkarterekin batera, garaian gertatu zena azaleratu nahi izan du, memoria historikoa landu eta gertakariak aktualitatera ekarriz. Horretarako, ekitaldi desberdinak antolatu ditu ikasturte hasierarekin batera, tartean, hitzaldiak, erakusketak, bisita gidatuak eta Pausu Media eta Aranzadi Zientzia elkarteek egindako txostenaren aurkezpena. 

1936ko abuztuaren 9an lehen aldiz Irungo zerua zulatu zuten hegazkinek, Irungo erdigunea lehen aldiz bonbardatuz. 90 urte pasatu dira geroztik eta eskuin muturraren gorakadak ez du etenik. Horri aitzin egiteko, memoria historikoa lantzea izaten da gakoa, belaunaldi berriei gertatutakoa azaldu eta aktualitatearekin lotzeko, eta horretarako prest dago Irungo Udala. Ikasturte berriaren hasierarekin batera, ekitaldiz betetako ziklo bat antolatu dute Irun bonbardatu zutela oroitzeko eta horrela azaldu du Gorka Alvarez Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Garapenerako Lankidetzaren udal zinegotziak: “Urte borobil batean gaude. 90 urte dira Gerra Zibila Irunen eman zela eta denok dakigu zein ondorio izan zituen horrek. Gizartea eraikitzeko memoria egin behar dugula uste dugu udaletxetik. Gure hirian zer gertatu zen jakin behar dugu, gaur egungo kontuak ulertzeko”. 

Irailean hasiko dira memoria lantzeko ekitaldiak eta abendura arte luzatu. Irailaren 17ra arte, CBAn, ikusgai egonen den Irungo haur erbesteratuen erakusketa batekin emanen diote hasiera zikloari. “Aipagarria da Irungo zenbait ume hiritik atera behar izan zirela beste herrialdeetara, Frantzia, Belgika edota Errusiara. Ume irundar horien historia kontatu nahi dugu erakusketarekin eta herritarrei CBAra etortzeko gonbita luzatzen diegu”, jakinarazi du Alvarezek. 

Erakusketaren irekieraren ondotik, irailaren 2an, Pausu Media eta Aranzadi Zientzia elkarteek, elkarlanean, osatu duten txostenaren aurkezpena izanen da. Orain dela 90 urte bonbardaketa nola eman zen azaltzen du lanak eta zinegotziak aitortu duenez, garrantzitsua izanen da hau “urteetan zehar egon den isiltasuna ulertzeko eta gertakizunei ahotsa emateko”. Pausu Media elkartearen izenean, Aitziber Zapirain mintzatu da eta txosten hori egitearen zergatia azaldu du: “Antxeta Irratiak, eskualde osoko irrati komunitario bezala, programazio arrunta egiteaz gain, badu funtzio sozial bat hainbat esparrutan, eta horietako bat memoria historikoaren berreskurapena da. Iaz, Francoren heriotzaren 50. urteurrenarekin hasi ginen lokalagoa den historia honi erreparatzen, jakinik aurten betetzen zirela 90 urte. Irun erre zela aipatzen da, baina eskualde osoari eragin zion bete-betean. Garaileek modu batean kontatu zuten gertatutakoa eta uste dugu memoria historikoaren demokratizazioa ematerako momentuan, irrati elkarte bezala, badugula zer egina, belaunaldi berriei ez dielako mesederik egiten garaitu eta garaileen diskurtso horrek”. 

Txostenak beraz, bat eginen du Irungo Udalak antolatutako ziklo honekin eta gertakariak aktualitatera ekartzearen ideiarekin. Zapirainek dioenez, “horrelako kanpaina batek onura besterik ez dakar. Eskuin muturraren goraldiak etenik ez duela dirudi eta garrantzitsua da gertakariak aktualitatera ekartzea, atzera begiratzea, irabaziak dauden eskubideak gal ez daitezen”. Aranzadi Zientzia elkartearen laguntzarekin egindako lan honek, “hein batean, ihes egin behar izan zuten familia horiei eta gelditu zirenei ere errekonozimendu bat” egiten diola azpimarratu du Zapirainek. 

Zikloarekin segitzeko, irailaren 5ean, 11:00etan, ekitaldi instituzionala eginen du Irungo Udalak Almudena Grandes plazan. Gorka Alvarezek azaldu du “lore eskaintza, hitzak eta musika” izanen direla protagonistak. Horrez gain, egun horretan bertan, “hirian hainbat argazki jarriko dira, gaur egun hiria nola dagoen eta bonbardaketaren egunean nola zegoen ikusi ahal izateko”. Zinegotziak erran duenez, argazkiak Jose Maria Castilloren bildumakoak dira, bera izan baita ekintza hau egiteko laguntza eskaini duen herritar horietako bat. Biharamunean, irailaren 6an, berregite historikoak eginen dira San Juan Plazan. Horretarako bortz elkarteen laguntza izan du Irungo Udalak, Alvarezek onartu bezala: “San Juan plazara gerraren hainbat eszena desberdin ekarriko dira Lubaki, Frentes de Euskadi, Cinturón de Hierro museo memorial, Trubia 1916 eta Artilleria del Norte elkarteen eskutik”. 

Azkenik, hitzaldi ziklo bat ere antolatu du Udalak, iaz egin zirenen arrakasta ikusita. “Gerra Zibila zein esparrutan eman zen ulertzea nahi genuen, garaian gure hirian politikoki eta soziologikoki zer gertatzen zen jakitea”, dio zinegotziak. Horretarako, irailaren 24an, Fernando del Rey Regillorekin lehen solasaldi bat eginen dute. Abenduaren 4ra arte luzatuko da hitzaldien ziklo hau, eta egun horretan Pako Etxeberriarekin memoria historikoa lantzeko gaur egungo legedia zein den jakinen dute interesdunek, memoriaren berreskurapenerako zein motatako ekintzak egiten ahal diren azaltzearekin batera. Tartean, bertze hainbat gairen inguruan ariko dira hizlari desberdinekin eta, urtean osoan zehar ere, ekintza gehiago eginen direla jakinarazi du Gorka Alvarezek, nahiz eta aitzinerago emanen duten horren berri. 

Bonbardaketaren urteurrena aitzakia hartuta, ideia totalitarioak bueltan datozen garai aztoratu hauetan, ez errepikatzeko bermerik onena gertatutakoaren memoria eta egia zabaltzea dela argi utzi du Irungo Udalak. Bertze elkarteekin batera eginen diren ekintza sorta honekin belaunaldi berriak gertatutakoaz kontziente izatea nahi dute eta historia bertze modu batean kontatzen hastea.