Irungo udal eraikin eta ikastetxeetako garbitzaileek elkarretaratzera jo dute gaur berriz ere. Goizeko 10:00etan, San Juan plazan, joan den astean bezala"Soldata ez da dena, lanaren duintasuna da lehena" lelopean mobilizatu dira LAB sindikatuak deituta. Sindikatu abertzaleak salatu duenez, aldebakarrez eta benetako negoziaziorik eman gabe itxi du udalak 2026-2029 urtaldirako lan hitzarmen berria, eta ez ditu 95 langile hauen aldarrikapen guztiak aintzat hartu.
Ainara Etxabide, LAB sindikatuko ordezkariak dioenez, ehun bat langile hauek aire zabalean egin beharreko garbiketa lanak ez zaizkie aitortu, ezta baliabiderik eman ere. Gogoan hartu behar baita udal eraikinetako kanpoaldeak ez ezik, futbol zelaiak edota udalaren eskumenekoak diren HHko eta LHko ikastetxeetako jolastokiak ere garbitzen dituztela. «Irundarrek udal bulegoak garbitzen irudikatzen dituzte langile hauek, baina kanpoko espazioak, futbol zelaiak eta ikastetxeetako jolastokiak ere garbitzen dituzte urte osoan zehar edozein eguraldia izanda ere», dio LABeko ordezkariak, «bitarteko egokirik gabe egiten dute eta ez dute horretarako lanordu aski». Diotenez, udazkenean langile bakoitzak lau poltsa hosto bildu ohi ditu horrelakoetan, eta hala ere eraikinen barruak ere garbitu behar dituzte, beraz kanpoaldeko lanak ez daude lan ordutegietan aitortuak.
Hobekuntza ekonomiko nabaria
Irungo Udalak aditzera eman duenez, gaur egun ONE Facility Services enpresari esleitutako kontratua 2027an berriz esleitzeko lehiaketa egingo dute, eta lan hitzarmen berriaren baldintzak txertatuko dituzte plegu berrietan. Zehazki, hiru urtetan soldaten %21,5eko hobekuntza adostu du Irungo Udalak ELA eta CCOO sindikatuekin. Horren arabera, 2027ko uztailaren 1etik aurrera %5eko soldata igoera, 2028an %5,5ekoa eta 2029 urtean beste %6 bat igoko zaie udal garbitzaileei. Era berean, KPIa gehiago igoko balitz, horri egokitzeko klausula adostu dute, eta 800 euroko aparteko ordainketa bat jasoko dute 2027ko irailean lanaldia osoan daudenek, edota proportzionala lanaldiaren arabera.
Hortaz gain, ordaindutako 15 minutuko atsedenaldiak onartu dizkiete 5 ordu baino gutxiagoko lanaldia duten kontratu partzialeko garbitzaileei.