Aitzol arroyo & aitor azurki

«Internazionalista haiek modu altruistan etorri ziren faxismoa borrokatzera, bizia emateko prest, eta deboluzio hori egitea gustatuko litzaiguke»

Koldo Nausia

1936an faxisten estatu kolpeari buru egiteko Bidasoaldetik sartu ziren lehen internazionalisten historia argitzen duen “Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Internazionalistak Gipuzkoan, 1936ko Gerran” liburua plazaratu berri dute Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak. Nazioarteko Brigaden aurrekariak izan ziren Europa osotik iritsitako 180 boluntario identifikatu dituzte, eta Gipuzkoan, eta bereziki Irungo frontean egun haietan gertaturikoaren errelato historikoa osatu dute, orain arte inoiz arakatu ez ziren artxiboetan bildutako indar handiko testigantza eta dokumentuen bidez.

Orain artean Euskadin halako 60 internazionalista inguru ibili zirela jakina zen, baina ikerketa honi esker soilik Gipuzkoan 180 izan zirela ondorioztatu ahal izan dute. Eta faxismoari aurre egiteko 16 herrialde ezberdinetatik etorritako horietatik 155 Irungo frontean aritu ziren borrokan. Liburuan haien biografia fitxak osatu dituzte, banan banan, eta gertakarien kontakizun kronologikoa egin dute.

36ko gerrari buruz zegoenaren bilduma egin baino, ikerketak ekarri duen informazio berriaren garrantzia nabarmentzen dute ikerlariek. «Bildutako testigantzak indar handikoak dira, eta lan historiko akademikoa bada ere, 800 oin-ohar egin ditut liburuan, ez genuen errekopilazio liburu bat egin nahi», dio Aitzol Arroyo historialariak. Informazio berriarekin errelato historikoa osatu egin dute, eta gertaera historiko haiek argitzeko obra izanagatik ere, helburu dibulgatzailea duela nabarmentzen dute. Aitor Azurkik azaldu duenez, «ikerketan oso ortodoxoak izan gara, baina kontakizuna irakurterraza izaten saiatu gara, edonork irakurri eta ulertzeko modukoa».

Alde horretatik, 1936ko iraila hasieran Irun faxistek hartu zutela 90 urte bete berri direnean, Irungo guduan garrantzi handia izan zuten «orain arte ezezagunak ziren pasarteak» argitu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin “Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Internazionalistak Gipuzkoan, 1936ko Gerran” liburua aurkeztu dute. Baina historia arakatzen jarraitzeko pistak eskaintzen dituen lana da, puzzlea ez baitute osatutzat eman.

Aurki Alberdania argitaletxearekin Irungo frontean borrokatu zuen Esther Zilberberg 'Estoucha' brigadista poloniar, judutar eta komunistari buruzko liburua plazaratuko dute. Eta 2028 urterako dokumental bat ere lantzen ari dira. Liburu honen hazia izan zen frontean erizain lanetan ibili zen emakume hura. «Gogoan dut hasieran elkar aipatu genuela, Estoucha gainerako borrokalari horien guztien bozeramailea izan zitekeela», diote.

Jakin-minak bultzatutako arnasa luzeko ikerketa

Pikoketako fusilamenduen inguruan Miguel Usabiagak 2015ean argitaratutako “Flores de la República” liburuak bultzatu zituen gaiaren inguruan ikertzen hastera, eta 2019ko irailean Donostiako Koldo Mitxelenan antolatutako "Gerra Zibila Gipuzkoan: erresistentzia eta duintasuna" erakusketaren ondotik, hain justu, Georges Waysandek idatziriko 'Estoucha' brigadistaren biografia eskuratu zutenean erabaki zuten ikerketan sakontzea.

Arnasa luzeko ikerketa izan da beraz, baina merezi izan duelakoan daude ikerlariak. Aitor Azurkik dioenez, «orain arte asko hitz egin dugu gudari buruz eta milizianoei buruz, baina hauek geratu dira ahanzturan 90 urtez, eta bide berriak urratu behar genituen ahanzturatik berreskuratzeko».  

Horretarako, orain artean inoiz arakatu ez ziren artxibategiak aztertu dituzte. Aitzol Arroyo historialariak azaldu duenez, milioi bat dokumentu inguru aztertu dituzte, Gipuzkoako eta Irungo fronteari aipamenak bilatuz, eta brigadista hauen aztarren bila. «Inurri lana egitea tokatu zaigu, ehunka ordu satzea», kontatu digu Aitzol Arroyok, «hizkuntzaren traba ere hor izan dugu, artxiboen %1 besterik ez baitago gaztelaniaz. Polonieraz, frantsesez, italieraz, alemanieraz eta asko errusieraz zirilikoan topatu ditugu». Izan ere, Salamancako Memoria Historikoaren Artxiboa, Frantziako Artxibo Nazionala, Herbeheeretako International Institute, Alemaniako Bundesarchiv, eta bereziki Interbrigadei buruz milioi bat dokumentu dituen Errusiako RGASPI soziopolitika artxibategi estatala arakatu dituzte.

Horrekin guztiarekin 16 herrialdeetatik Gipuzkoara iritsitako 180 internazionalista horien izenak eta nondik norakoak «dokumentatu, jaso, kontrastatu eta frontean izan zuten presentzia eta eragina» argitu dute. Arroyoren arabera, «ez ziren izan erabakigarriak, baina haien presentzia bai esanguratsua izan zela». Kontuan hartu behar baita, dokumentu historikoen arabera, 2.000 eta 3.000 miliziano inguru izan zirela Irungo frontean, eta 155 internazionalistak izan ziren. Horietariko asko I. Mundu Gerran aritutakoak eta formakuntza militarra zutenak. «Eskarmentua zuten, metrailadoreak erabiltzen zekiten, eta denek zioten ausartenak zirela, azken bala agortu arte lehen lerroan egon zirela», azpimarratzen du historialari hondarribiarrak.

Historia jendarteratzeko beharra

Aitortu dutenez, hasiera batean pentsatzen zutena baino dimentsio handiagoa hartu zuen ikerketak, eta 90 urteren ostean dokumentu asko galdu egin direlako inoiz jakingo ez diren istorioak ahanzturan geratuko badira ere, 180 internazionalista hauen izena eta izana berreskuratu dute. Hala ere, ondo dokumentatu ezin izan dituzten beste 50 baten pistak dauzkatela argitu dute.

Haatik, orain artean ikertutakoarekin liburua plazaratu berria dutela, lan horren dibulgazio lanetan ari dira ere. «Ez dugu nahi liburua plazaratu eta kaxoi batean geratzea», dio Aitzol Arroyok, «internazionalista haiek modu altruista batean etorri ziren gu faxismoaz defendatzera, bizia emateko prest, eta deboluzio hori egitea gustatuko litzaiguke». Momentuz, liburua Gipuzkoako 30 bat udal liburutegietan eskura jarriko dute, euskaraz zein gaztelaniazko bertsioan. Baina horrez gain 15 hitzaldiko itzuli bat egingo dute datozen asteetan, Gipuzkoa osotik ez ezik, Salamanca edota Madrilen ere. Gure eskualdean, aldiz, urriaren 14an Irungo Palmera Montero gunean 19:00etan emango dute hitzaldia. Eta urriaren 16an (19:00etan) Hondarribian izango dira, Kultur Etxeko areto nagusian.