Irungo 'Memoriaren Txokoa' ardaztuko duen eskultura bat sortzeko 30.000 euro

Antxeta Irratia

Aurtengo mugarri nagusia 1936ko Irungo okupazioaren 90. urteurrenaren ospakizuna izan bada ere, gertakariak gogora ekartzeko hitzaldi eta jarduera ugari antolatu dituzte adituen eskutik datozen asteetarako. Eta egia, aitortza eta erreparazioa oinarri hartuta, hiriaren historia belaunaldi berriei transmititzeko 'Memoria Txokoa' sortuko du Irungo Udalak, memoria demokratikoa hirian leku fisiko eta iraunkor bat uka dezan.

Irungo Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun arloko Memoria Demokratikoaren zerbitzuak arte-proiektuen lehiaketa bat abian jarri du hiriko memoria historikoa oinarri hartuta. Gorka Alvarez Aranburu Giza Eskubide, Memoria Demokratiko eta Lankidetzako ordezkariak iragarri duenez, 'Memoriaren Txokoa' sortuko dute, memoria demokratikoa hirian toki fisiko eta iraunkor bat eduki dezan, «gure historia oroitzeko, aitortzeko eta transmititzeko leku bat». Irunen 1936an gertatu zenaz jabetzeko espazio bat izan nahi duela argitu du, « indarkeria, errepresioa eta erbestea pairatu zutenak omentzeko». Baina batik bat, belaunaldi gazteei balio demokratikoak helarazteko. 

Alde horretatik, memoria demokratikoaren transmisioa ezinbestekoa dela deritzo zinegotzi jeltzaleak. Hartara, hiriaren historiaren eta memoria demokratikoaren topagune izango den 'Memoriaren Txoko' berria ardaztuko duen eskultura bat sortu nahi dute. Eta horretarako, proiektu artistikoak aurkezteko lehiaketa abian jarri dute. Ekimenak 30.000 euroko lizitazio-aurrekontua du, BEZa barne, eta lau irizpide nagusi zehaztu dituzte: balio demokratikoak, kalitate artistikoa, originaltasuna eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa.

Udalak iragarri duenez, eskultura lehen urratsa izango da. Eta proiektu artistikoa hautatu ondoren, Irungo Udalak kokaleku aukerak aztertuko ditu eta 'Memoriaren Txokoa' kokatzeko lekurik aproposena hautatuko du. 

90. urteurreneko jarduera sorta

'Memoriaren Txokoa'ren sorrera memoria demokratikoarekin lotuta Irungo Udala egiten ari den lanaren barruan kokatu behar da. Aurtengo mugarri nagusia, 1936ko Irungo okupazioaren 90. urteurrenarekin irailaren 5ean egindako oroimen ekitaldia izan da. Baina jardueren programa zabala antolatu dute gertakariak oroitzeko, eta adituen eskutik azken ikerketak plazaratu eta dibulgatzeko. Guztira 9 hitzaldi antolatu dituzte, horietatik lau urrian. 

Hurrengo hitzordua Santiago de Pablo adituaren eskutik urriaren 3an izango da, 1936ko estatu kolpearen atarian Euskal Herrian bizi zen testuinguru politiko eta soziala aztergai. Urriaren 14an (19:00), aldiz, Aitzol Arroyo eta Aitor Azurkik aurkeztu berri duten "Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Internazionalistak Gipuzkoan, 1936ko Gerran” liburuari buruz ariko dira Palmera Montero gunean. Pedro Barriuso eta Xabier Irujo izango dira hurrengo hizlariak, urriaren 16an eta 24an. Ikusi hemen hitzaldien programa.