Aizpea Goenaga: «Oiasso Museoaren 20 urteak ospatu nahi ditugu, eta gauden lekura iristeko astroak nola lerrokatu ziren gogoan hartu»

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 6a

Museoen Nazioarteko Egunaren bueltan, maiatzaren 16an bisita dohainik egiteko aukera eskaintzeaz gain, Mertxe Urteaga Oiassoko aurkikuntza nagusien arkeologo arduradunaren hitzaldia antolatu dute maiatzaren 19an «egindako lan ikaragarria balioan jartzeko». Bestalde, "Museoak mundu zatitua batzen" lelopean, Irungo Dunboa, Toki Alai eta Belaskoenea ikastetxeetan abian duten Ongi Etorri Eskolara ekimeneko familiei tailerrak eta bisitak eskainiko dizkiete. Familia migratzaileen eta antzeko adinetako seme-alabak dituzten tokiko familien arteko loturak eta komunitatea sortzeko espazio egokia dela uste du Oiasso Museoko zuzendariak. 

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Oiasso Erromatar Museoak ekimenarekin bat egin du urtero bezala. Haatik, ez da urterokoa ospakizuna izango. Egiari zor, aurreko asteburuan museoa dohainik bisitatzeko aukera eskainiko dute, beti bezala, maiatzaren 16an ateak zabalik izango baititu terma erromatarrak bisitatzeko aukera emanez. Eta maiatzaren 17an, aldiz, Gipuzkoako tenplurik zaharrena, Ama Xantalen nekropolia Aste Santuan estreinatu berri duten Tren Txikitoan bisitatzeko gonbidapena luzatzen dute.

Baina aparteko hitzorduak ere proposatuko dituzte. Izan ere, datorren uztailaren 20an bi hamarkada beteko dira Oiasso Museoak ateak lehen aldiz ireki zituela. Eta Aizpea Goenaga Oiasso Museoko zuzendariak azaldu digunez, urteurreneko ospakizunetarako motorrak berotzen hasi dira dagoeneko. «Ez dugu bakarrik ospatu nahi uztailaren 20an, urte osoko festa bat da, eta zer egun aproposagoa museoen eguna baino», dio. 

Alde horretatik, Oiasso Museoak bere baitan gordetzen dituen historiaren pasarteak ez ezik, museoaren bilakaera eta Oiasso zeneko erromatarren presentziaren aurkikuntzen nondik norakoak gogora ekarriko dituzte. Maiatzaren 19an, 19:00etan, Mertxe Urteaga gonbidatu dute horretarako. Oiasso Museoaren sortzailea eta Oiassoko aurkikuntza nagusien arkeologo arduraduna izan zen, eta "De aspiracion a realidad: desafios, retos y aprendizaje en el proceso de gestacion del museo Oiasso de Irun" hitzaldia emango du.  «Hitzaldi berezia izango da, bere esperientziatik kontatuko digu nola sortu zen museoa, eta bere bilakaera guztia», dio Goenagak, «inork ez luke galdu behar, historikoa izango da, Mertxek ez baitu aukerarik izan orain arte lasai kontatzeko zer nolako borroka eraman zuten, eta astroak nola lerrokatu ziren gauden lekura iristeko».

Izan ere, 1969an Ama Xantalen nekropoliaren indusketak Jaime Rodriguez Salisek abiatu zituen arren, eta 1997an sortutako Arkeolan fundazioko buru izan bazen, Mertxe Urteagak Arkeolan erakundetik Irungo erromatar portua eta meatzeen ikerketa zuzendu zituen. Baita terma erromatarren aurkikuntza egin ere. «Emakumeek eta kasu honetan Mertxe Urteaga izan zen bultzatu zuena, aurkikuntza hauek egin ziren eta gera zitezkeen ezkutuan, baina lan ikaragarria egin zen museo bat sortzeko Irunen, eta jarraipena emateko ikerketari, jakintzari, eskolartekoen bisiten bitartez jakin-mina piztu eta asetzeko», azpimarratzen du Aizpea Goenagak. 

Museoaren oraingo zuzendariak gogoan duenez, Mertxe Urteagak sortu eta bertako lehen zuzendaria izan zen, baita bi hamarkada geroago jarraipena izan duten Dies Oiassonis jaialdia eta FICAB Bidasoaldeko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren sortzailea izan ere.

Museoa gizarte integraziorako zubi

Aurtengo museoen nazioarteko eguna 'Museoak mundu zatitua batzen' lelopean antolatu dute. Eta haien lan egiteko filosofiarekin bat egiten duela nabarmentzen du Goenagak. Horri lotuta, museoak Elkarrekin kooperatibarekin lankidetza hitzarmena sinatu baitu, eta Irungo Toki Alai, Belaskoenea eta Dunboa eskoletan martxan dute Ongi Etorri Eskolara proiektuko Familia Laguna programan parte hartzen duten familiek museoko Arkeolab tailerrean parte hartuko dute egunotan, eta bisita gidatua eskainiko zaie.

Aizpea Goenagak azaldu digunez, «egiten duten lana izugarria da, eta lehen mementotik zabaldu genizkien ateak, atzerriko jatorria duten familiek bertakoago sentitu daitezen aukera paregabea baita». Familia migratzaileen eta antzeko adinetako seme-alabak dituzten tokiko familien arteko loturak sortzeko helburua baitu Ongi Etorri Eskolara proiektuak, komunitatea sortu, eta Irungo aniztasunetik familiak integratzeko. «Erromatarrak ere kanpotik etorri ziren, eta orain datozen migratzaileek ere badaukate beraien lekua hemen, eta elkarrekin aritzeko aukera eman nahi dugu museoan, espazio bat irekitzen diegu bertako historia ezagutu eta hemengoago sentiarazteko», kontatu digu Goenagak.