Bidasoa Atletiko Taldeak "emakumeak mugimenduan" jarri nahi ditu. Hain justu, Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz abian jarritako izen bereko proiektu pilotuarekin bat egin duen Irungo kirol klubetako bat da atletismo taldea. Kultura eta Kirol Departamentuak eta Irungo Udalak lagunduta, M-Emakumeok Mugimenduan proiektuaren bigarren fasea irailean jarri baitute martxan.
Gaur egun kirolik egiten ez duten emakumeak fisikoki aktibatzea helburu duen ekimen aitzindaria da honakoa, eta 2025eko azaroan Irungo Emakumeen Etxean Hastapen Programa arrakastaz abian jarri ondoren, joan den otsailean kirol klubekin harremanetan jarri ziren hurrengo urratsa egiteko. Aurreneko fasean 29 emakumek parte hartu zuten, eta Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuko (KOZ-SOAF) begirale espezializatu baten laguntzarekin, emakumeen etxeak suposatzen duen eremu seguru batean kirola egiten hasi ziren.
Ikasturte honetan, berriz, Emakumeak Mugimenduan proiektuaren Espezializazio Programari ekingo diote. Hau da, jarduera fisikoa egiten hasi, baina oraindik kirol-ohitura finkatzeko eta autonomia irabazteko laguntza gehigarria behar duten emakumeei zuzendutako programa. Eta horretan Bidasoa Atletiko Taldeak bere hondar alea jarriko du.
Urriaren 19tik abenduaren 19ra bitartean, Emakumeentzako Entrenamendu Taldea aktibatuko baitute Plaiaundiko kirol instalazioetan. Klubetik iragarri dutenez, Susana Ruiz entrenatzaileak gidatuko du taldea, eta goizeko zein arratsaldeko ordutegiak proposatuko dituzte maila guztietan korrika egin nahi duten emakumeentzat.
Aditzera eman dutenez, motibazio gehigarri bat eman nahi die klubak, eta entrenamenduen helburua gehienez ere astean hiru egunetan parte hartzea bada ere, gutxienez astero behin trebatuko direnei Super Amara Gabonetako Krosean izena ematea dohainik emango die klubak.
Kirola ahalduntzeko tresna
Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatuak aditzera eman duenez, Gipuzkoa osasuntsuago eta bidezkoago bat lortzeko bidean, M-Proiektuak emakumeei bidea errazten die. «Kirola ezin da pribilegio bat izan, denborak, diruak edo konfiantzak baldintzatua, eta emakumeak seguru, lagunduta eta gai sentitzeko guneak», sortzen ari direlakoan dago. Foru diputatuak argitu du, orain hurrengo urratsa eman nahi dutela kirol-klub eta zentroen eskutik, lehen esperientzia horrek bermeekin jarraipena izan dezan, profesionalekin, genero-ikuspegitik eta ibilbide argi batekin.
Programaren bigarren fasea orain hasi dute Irunen, eta aldundiak diruztatzen du osoki. Hortaz, BATek eskainiko duen bi hilabeteko entrenamendu programa hau erabat doakoak izango dira parte-hartzaile guztientzat.