Irungo Ernaik Lurraldebusen hobekuntzak exijitzeko elkarretaratzera deitu du urriaren 30ean

Antxeta Irratia

"Garraio Publikoa Herritarron Mesedetan!" lemapean Irungo San Juan plazan mobilizatuko dira urriaren 30ean, 19:30ean. Hilabete hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiak indarrean ezarritako autobus linea berrietan maiztasunak nabarmen murriztu egin direla salatzen du gazte antolakundeak. Eta besteak beste, Bidasoaldetik «unibertsitatera joatea ia ezinezko misio bilakatu da askorentzat».

Joan den urriaren 1ean Gipuzkoako Foru Aldundiak indarrean ezarri zuen Lurradebus zerbitzuaren esleipe berriak Irungo eta Hondarribiko erabiltzaileen egunerokoan traba nabarmenak eragin ditu. Azken asteetan hainbat kolektibo mobilizatu dira aldundiari hobekuntzak eta egokitzapenak egin ditzaten exijitzeko. Eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko foru diputatuak hainbat hobekuntza egin dituztela aditzera eman badu ere, Irungo Ernaik salatu du «errealitatea, ordea, zeharo ezberdina dela».

Gazte antolakundeak gogoratu du, maiztasunak nabarmen murriztu dituztela orain arte E21 eta E25 ziren lineetan, eta «hauek dagoeneko saturatura zauden lineak zirenez, oraindik ere gehiago saturatu dira». Diotenez, Hondarribia eta Irundik Ibaetako kanpusera joateko zeuden linea guztiak bateratu egin dituzte, eta beraz, «unibertsitatera joatea ia ezinezko misio bilakatu da gazte asko eta askorentzat».

Honi, lineen izendapen berriek sortu duten nahasmena gehitu behar zaiola gogoratu dute. Hain justu, urriaren 8an Amute-Kosta Auzo Elkarteko ordezkariek foru diputatuarekin egindako bileran ere aditzera eman zioten zailtasuna. Eta Irungo Ernairen ustetan ere, ez du ez hanka ez bururik. «Argi eta garbi utzi nahi dugu aldaketa hau guztiz soberakoa zela, izan ere, ibilbide gehienak beren horretan utzi dituzte», dio gazte antolakundeak.

Azken urteetan asko izan dira eskualdeko autobus zerbitzuak hobekuntzak behar zituela aldarrikatu duten erabiltzaile eta langileak. Eta «orain hobekuntza hauek egiteko aukera egon denean aldundiak zerbitzuak murriztea erabaki» dutela salatu dute. Alde horretatik, Bidasoko eskualdeak instituzioen partetik jasotzen duen abandonua are gehiago sakondu egin dela nabarmendu dute.

Hau guztia salatzeko eta autobus zerbitzu duin bat exijitzeko, "Garraio Publikoa Herritarron Mesedetan!" lemapean elkarretaratzera deitu du Irungo Ernaik. Datorren urriaren 30ean, 19:30ean, Irungo San Juan plazan.