Usoen populazioa apaldu da Irunen, baina zenbait auzoetan nabarmen ugaritu dira

Antxeta Irratia

Irungo Udalak SEO-BirdLife erakundeari joan den udaberrian enkargatutako usoen-errolda azterlanaren emaitzen arabera, hirigunean 5,24 uso dago hektarea bakoitzeko, 2015eko erroldan 7,32ko dentsitatea zegoen bitartean. Hala ere, bilakaera ez da homogeneoa, izan ere, San Migel auzoan usoen dentsitatea 6,61etik 25,04ra pasatu da, eta Dunboan, Artia-Arbesen eta Azken Portun ere hirukoiztu egin da.

2015ean egindako azken erroldan 2.000 uso inguruko populazioa kalkulatu zuten Irungo hirigunean. Hamarkada geroago errolda eguneratu egin du Irungo Udalak gainpopulazioa ote dagoen argitzeko eta, behar izanez gero, kontrol neurriak hartzeko. SEO/BirdLife erakundeak aurreko metodologia bera aplikatu du oraingo uso-errolda osatzeko, eta ikuskatutako 268 hektareako eremuan uso populazioaren kopurua nabarmen apaldu dela ondorioztatu dute. Izan ere, oro har, hirigunean 2015eko dentsitatea hektareako 7,32 txorietako izan zen bitartean, joan den martxotik ekainera bitartean egindako zenbaketan 5,24ra jaitsi da zifra hori.

Hala eta guztiz ere, usoen populazioaren bilakaera ez da homogeneoa. Eta azterlanak zenbait auzotan beherakada nabarmena atzeman duen bitartean, beste auzo batzuetan hazkundea handia izan da. Udalak plazaratu duen txostenaren arabera, San Migelen auzunean hektareako usoen dentsitatea 6,61etik 25,04ra pasatu da. Eta igoera esanguratsuak erregistratu dituzte, halaber, Dunboan (3,49tik 9,23ra), Artia/Arbesen (1,77tik 5,66ra) eta Azken Portun (0,58tik 4,29ra). Haatik, uso kopuruak behera egin du 2015etik 2026ra Erdialdean (4,71tik 0,91ra), Pinudi auzunean (25,18tik 11,61era) eta Santiagon (11,89tik 2,91ra).

Errolda berriaren helburua Irungo uso populazioak identifikatzea eta haien dentsitatea kalkulatzea izan da, baita zenbaterainoko eragozpenak sor ditzaketen estimatzea ere. Alde horretatik, SEO/BirdLife erakundeko adituek 12 lan jardunaldi egin dituzte hirian zehar sakabanatutako 50 metroko erradioa duten 67 eremuetan.

Osasun arazo potentziala

Irungo Udalak joan den maiatzean onartutako Animalien Ongizaterako Udal Ordenantza berria gizarteratzeko informazio-kanpainarekin batera, kaleko katuak eta usoak elikatzeko debekuari buruz informatzen hasi ziren. Usoen kasuan, zehazki, egunean 30 gramo elikagai besterik ez dute behar, baina adituen arabera, Espainiako Estatu mailako hirietan 400 gramo dauzkate eskura batez bestean, gizakien hondakin eta soberakinei esker. Eta horri esker sobera ugaritu ohi dira. 

Hain justu, usoen gainpopulazioari neurri hartu nahian dabil Irungo Udala, Iñigo Berges, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako ordezkariak azaldu duenez, «usoak hiriaren parte badira ere, populazioa gehiegi handitzen denean arazo bat bilaka daitezkeelako». Izan ere, hiriko usoak osasun publikoko arazo bat dira oro har hiri gehienetan, bereziki hegazti honen gaixotasunen transmisioaren ondorioz.

Adituen arabera, patogeno ezberdinen erreserba gisa duten papera dela eta, haien gorotzek, hegalak eta lumak bakteria, onddo, birus eta ektoparazitoen nahasketa bat dituzte. Eta histoplasmosia, kriptokokosia, ornitosia eta salmonellosia kutsatu diezaiokete gizakiei. Gainera, usoen gorozkiek kalte estrukturalak eta ekonomikoak eragiten dituzte ondarean eta hiri-altzarietan. Beraz, ezinbestekoa da bere populazioa kontrolatzea. 

Hala ere, Bergesek argitu duenez, usoen errolda eta kontrola «modu etikoan egiten ari da udala, metodo modernoekin eta hiri-fauna eta herritarren arteko elkarbizitza bermatuz, baina osasuna eta hiria garbi mantentzea da helburu nagusia». Ikerketaren emaitzak esku artean dituzte orain, eta beharrezkoak izanez gero, uso populazioak kontrolatzeko neurriak hartuko dituzte. Hala ere, udalak herritarrei gogorarazi nahi die oso garrantzitsua dela usoei jaten ez ematea. Izan ere, hegazti horien berezko jokabideak eraldatzen ditu, eta gizakiek emandako janarekiko mendekotasuna sor dezake. 

Bien bitartean, usoen habiak saihesteko zenbait neurri hartzen doa Irungo Udala prebentzio gisa. Joan den urtean, adibidez, San Migel auzoko Julian Sanchez parkearen estalpea konpondu eta usoen kontrako sareak ezarri zituzten.