Irun neguan ere kolorez jantzitzeko landaketa kanpainari ekin diote

Antxeta Irratia

Ibarlako udal negutegietan hazitako 34.000 ale inguru landatuko dituzte. Kanpainak hilabete iraungo du, eta Iparralde etorbideko edota Letxunborroko biribilguneetatik hasi, eta hiriko lorategi zein berdegune nagusietan ere esku-hartuko dute Gureak gizarte-ekintzarako lorezainek. Landaketa handienak Luis Marianon eta San Juan plaza inguruetan egingo dituzte, 4.200 eta 3.000 landarerekin, hurrenez-hurren.

Irunen neguko landare eta lore landaketa kanpainari ekin diote. Joan den maiatzean, udako kanpainan 28.000 landare inguru ordezkatu zituzten hiriguneko parkeetan eta berdeguneetan. Eta oraingo honetan, Ibarlako Udal Mintegian hazitako 34.000 ale landatuko dituztela aditzera eman du Gorka Alvarez Aranburuk, Obretako, Mantentze-lanetako eta Azpiegituretako ordezkariak. Landaketak hilabete inguru iraungo du, eta hiriko hainbat eremutara hedatuko da, Iparralde etorbideko biribilgunera (Stadium Galen parean) edo Letxunborroko biribilgunera (Puiana parean), esaterako. 

Xehetasunetan sartuz, kanpaina honetan gehien erabilitako espeziea pentsamenduak dira, kolore askotako 11.000 ale inguru. Era berean, ororen %23a oroiloreak, papaverrak (%11,5), udaberri-loreak (%10,7) eta ziklamenak (% 6) landatuko dituztela. Landaketa guneei dagokienez, hiriguneko hainbat berdegune eta lorategi nabarmendu ditu zinegotziak. Izan ere, 4.200 landare inguru landatuko dituzte Luis Mariano kalean, beste 3.000 bat San Juan plazan, eta Lope de Irigoien kalean mila ale.

Dena den, Irungo hirigunean 1.000.000 metro koadro baino gehiagoko berdegune azalera dagoela azpimarratu du udal ordezkariak, eta hiria txukun mantentzeko lanak egiten dira. Erdigunean eta hirian sartzeko biribilguneetan (29.208 metro koadro) mantentze lan intentsiboa, auzoetan (410.113 metro koadro) mantentze lan handiak, eta noizbehinkako mantentze lanak gainerakoan. 

Hilabete luzeetako lana

Neguko kanpaina ekainean hasten dutela gogoratu du Gorka Alvarezek, izan ere, Ibarlako Udal Haztegian lantzen dituzte. «Landare hauek guztiak Meakako udal mintegiko negutegietan sortzen eta hazten dira, hilabeteetako lan isila suposatzen du, baina KM0 loreak direla esan dezakegu», azpimarratu du. Alde horretatik, inguruko udalerriek ez bezala, Irungo Udalak bere haztegi propioa du hiriko berdeguneak hornitzeko. Eta egitura honen balio soziala ere azpimarratu du zinegotzi jeltzaleak. Izan ere, Gureak enpresak zailtasunak dituzten pertsonei integraziorako lan aukera eskaintzen die bertan. Eta haiek dira lorazain zerbitzuetan, eta mintegian ere.

Alde horretatik, ekainean sortutako landareak dira udazkenean urtero landatzen dituztenak. Alvarezek azaldu duenez, ikasleen bisitak ere antolatzen dituzte «egiten den lana balioan jartzeko, eta gazteek hiriko lorategiak zaintzen ikas dezaten».