Urriaren 30a arte aldez aurretik zitarik hartu gabe txertatzeko aukera emango dute oraindik ere Irungo Erdiguneko anbulatorioan. Osakidetzak aurten Gripearen kontrako txertatze-kanpaina indartu egin du, eta txertatzea erraztu eta gizartearen parterik ahalik eta handiena babesteko xedez, Gipuzkoan eskualdeka antolatu dituen sei Txertoguneetako bat Bidasoaldean kokatu du. Urriaren 19an hasi ziren zitarik gabe txertatzen Erdiguneko osasun-etxean, eta bertara hurbiltzen den edonork aukera du astelehenetik ostiralera 15:00etatik 20:00etara txertatzeko.
Kaiet Miguel erizainak dioenez, lehen egunetan 450 lagun inguru txertatu zituzten. Azken egunetan, aldiz, kopurua apaltzen ari bada ere, hitzordua zutenek zein gabe datozenen artean, egunean batez bestean 300ndik gora lagun txertatzen dituzte. «Azken egun hauetan jende gazteagoa etortzen ari da gainera, eta hori ondo dago talde-babesa lortzeko», dio osasun langileak, «izan ere, agian gazte batek ez du arazorik izango gripeaz kutsatzen bada, baina txertoa jarria baldin badu inguruan dituen adineko senideak babesten ditu».
Alde horretatik, gripearen txertoaz gain, konplikazio larriak izateko arriskurik handieneko kolektiboek, eta 70 urtetik gorako herritarrek, Covid-19aren txertoa ere jar dezakete hitzordurik eskatu gabe, ohiko kanpainan bezala. Baita hala nahi duen orok ere. Eta dioenez, aurtengoan bi txertoak jartzen dituen herritarren kopurua gehiengoa dela nabarmentzen dute.
Osasun Sailak emandako datuen arabera, EAE mailan iazko kanpainan jarritako dosi kopurua gainditu egin dute dagoeneko. Zehazki, gripearen 318.833 dosi eman dira Lehen Mailako Arretan txerto (%15 gehiago), eta 193.489 COVID-19aren aurka (%20 gehiago). Eta horri gehitu behar zaie hitzordurik gabeko txertoguneetan emandako dosiak: 18.000 baino gehiago gripearen aurka eta ia 9.000 COVID-19aren aurka.
Txertatze-kanpaina luzea
Hitzordurik eskatu behar ez izateak erraztasun handiak eman dizkie aurten, Gripearen txertoa jartzeko ohiturarik ez dutenei. Irungo anbulatorioan bi txertatze-gela egokitu dituzte beheko solairuan. Hitzordua dutenentzako bata, eta hitzordurik gabe datozenentzat bestea. Eta azken hauetako askok egun batetik bestera «erosoa delako» txertatzea erabaki dutela aitortu digute haien txandaren esperoan zeudela.
Aparteko kanpaina hau bi astez baizik ez dute luzatuko. Marivi Albistur, osasun-zentroko erizaintza arduradunak azaltzen duenez, lan-karga gehigarria suposatzen badu ere, «behin espazioa egokitu eta lantaldea martxan dagoela, oso eraginkorra eta beharrezkoa» dela agerian geratu da. Urriaren 30ean hitzordurik gabeko Txertogunea itxiko dute, baina Osakidetzak kanpaina urte bukaera arte luzatuko duela gogoratzen du. Baina kasu horretan, norbere medikuari edo erizainari hitzordua eskatu beharko dio.
Talde-babesa lortzeko helburua
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak irailaren 28an abiatu zuen aurtengo Gripearen aurkako txertaketa kanpaina, biztanlerik kalteberenak ahalik eta lasterren babesteko eta txertaketa errazteko helburuarekin. Eta gripearekin batera, pandemiaz geroztik urtero egin ohi duten bezala, Covid-19aren txertoa hartzeko aukera ere eskaintzen dute. Kanpaina hasi zutenetik, urriaren 25a arte, gripearen aurkako txertoa jartzeko 330.462 hitzordu baino gehiago erregistratu dira Osakidetzan, Lehen Mailako Arretan.
Adinekoen egoitzetan ekin zioten lehendabizi, konplikazio larriak izateko arriskurik handieneko kolektiboa delako, eta 6 hilabetetik 5 urtera bitarteko haurrak ere sistematikoki txertatzen dituzte. Gainera, birusa familia eta eskola-ingurunean transmititzen saihestu dezake.
Gizartearen gainerako kolektiboak txertatu eta talde-babesa lortzeko helburuarekin antolatu dituzte Txertoguneak bi aste hauetan. Izan ere, zenbat eta pertsona gehiagok txertoa hartu, orduan eta kasu larri gutxiago egongo da, eta beraz, biztanleria osoaren babesa handiagoa izango da. Hartara, Bidasoaldean Txertoguneari esker, gutxienez 2.000 lagun inguru gehiagok txertoa hartuko dutelakoan daude.
Bien bitartean, Osakidetzak plazaratutako azken zaintza-datuen arabera (urriaren 12tik 18ra bitarteko asteari dagozkionak), gripe-jarduerak maila baxuetan jarraitzen du. Lehen Mailako Arretan gripe-sindromearen tasa 3,8 kasukoa baita 100.000 biztanleko, eta ospitaleetako larrialdien datuek ere adierazten dute gripearen zirkulazioa oraindik txikia dela. Orain arte, 693 gripe-kasu erregistratu dira Lehen Mailako Arretan, eta 92 pertsona ospitaleratu behar izan dira arrazoi horrengatik.
COVID-19aren kasuan, 2.107 kasu erregistratu dituzte Lehen Mailako Arretan, eta 436 ospitaleratze izan dira. Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi nahi dute txertoa jarrita norberaren osasuna ez ezik pertsona ahulenena ere babesten dela; hori dela eta, herritarrak animatu dituzte txertoa hartzera, gripearen eta COVID-19aren aurkako babes indibiduala zein kolektiboa indartzeko.