Maialen Gaztañaga: «Ez da beganoentzat soilik, Be Veggie dastatu, ekin, zaindu, entzun, ikasi eta deskubritzeko esperientzia oso bat da»

Koldo Nausia

Beganismoaren Munduko Egunarekin bat eginez, urriaren 31n eta azaroaren 1n aurrez-aurreko sukaldaritza saioak, tailerrak, Gipuzkoako Pikantearen Lehiaketa, musika zuzenean, eta sektoreko 60 enpresa eta elkarteen eskutik, elikadura, kosmetika, animalien esplotaziorik gabeko alternatibak eta animalien babeslekuen proiektuak ezagutzeko aukera emango dute bi egunez. ´Berriketan´ espazioan nutrizioan, kiroletan, filosofian, artean eta komunikazioan adituen hitzaldiak izango dira ere.

Euskadiko jaialdi beganoa heldu den asteburuan ospatuko da Irungo Ficoban. Azaroaren 1a Beganismoaren Munduko Eguna dela eta, Be Veggie jaialdiaren zortzigarren edizioaren egutegia abenduko zubian beharrean, asteburu honetara aldatzea erabaki dute aurten. Izan ere, antolatzaileek argitzen dutenez, «azoka bat baino askoz ere gehiago da», eta asteburuan Ficobatik pasa eta proposatzen dituzten 30 jardueraz gain, hazkunde betean dabilen sektore honetako 60 enpresen eskaintza deskubritzera animatzen dute, urriaren 31n (10:00etatik 20:00etara) eta azaroaren 1ean (10:00etatik 18:00etara). Sarrera doakoa da, eta bertaratzen direnek txakurra ekar dezakete nahi badute.
 
Maialen Gaztañaga, Be Veggie jaialdiaren zuzendariak beganismoa elikadurarekin lotzen dugula azpimarratzen du, baina jaialdiak «kosmetika, kontsumo ohitura osasungarriagoak edota animalien defentsarako GKE, elkarte eta santutegiak» ere biltzen ditu urtero.
 
Hala ere, showcooking edo aurrez-aurreko sukaldaritza saioak eta tailerrak ez dira faltako. Ezta mokadu ezberdinak probatzeko aukera ere. Aurtengo nobedadeetako bat, hain justu, Ardor Fest ekimena izango da. Donostiako Meraki Gourmetek antolatuta, Gipuzkoako Pikantearen Lehiaketan parte hartzeko erronka egingo dute. Saio bakoitzeko tokiak mugatuak dira, eta aldez aurretik izena eman beharko da. Iragarri dutenez, erronkak bi aukera eskainiko ditu pikantea benetan zeinek gustuko duen erakusteko. 
 
Era berean, jaialdiaren eskaintza zabala «esperientzia oso bat» suposatzen duela dio Gaztañagak. Eta hori irudikatzeko eta bisitariak deskubritzera animatzeko, aurten Pasaporte Beganoa lortzeko ekimen sinbolikoa antolatu dute. Jaialdiaren zuzendariak azaldu digunez, «ez da zergatik beganoa izan behar, jaialdia begirada aktibo batekin gozatzeko eta jakin-mina pizteko bost erronka proposatzen ditugu pasaportea lortzeko». Hau da, jaialdian topa daitekzkeen jarduera mota bakoitzetik batean parte hartu ondoren zigilatu behar da pasaportea, eta bost frogak osatzen dituen bisitariak opari bat jasoko du. 
 
Gaztañagak argitu duenez, JAN erronkak %100 begetala den jaki bat probatzera gonbidatzen duen bitartean, EKIN erronkaren kasuan aldaketa txiki baten aldeko konpromisoa hartzea eskatzen du. ZAINDU delakoan, animalien babesleku batean egiten den lana ezagutzea proposatzen du, eta ENTZUN erronka, adituen eskutik antolatutako hitzaldietako bat jarraitzea. Azken froga IKASI da, hain justu, jaialdian beganismoari buruz zerbait berria ikastea. 
 
Sukaldatu, hausnartu, ikasi
 
Horretarako aukera anitz egongo da. Jaialdiaren Berriketan espazioan nutrizioaren, kirolaren, filosofiaren, artearen eta komunikazioaren alorreko adituak bilduko baitituzte beganismoa ikuspegi ezberdinetatik jorratzeko. Zuzendariak 
 

Kirola eta beganismoa mahaian Alberto Peláez distantzia luzeko korrikalaria izango dugu, Laura Estellé eta Muthanna Abusaada nutrizionistekin batera, eta elikadura begetala, errendimendua eta errekuperazioa izango dituzte hizketagai. Bestalde, Lucía Martínez dietista-nutrizionistak gako batzuk eskainiko ditu, barazkietan oinarritutako elikadura sinple, ekonomiko eta osasungarria antolatzeko.

Mikel Torres Aldave EHUko filosofia irakasleak naturan dauden animaliei laguntzeko moduen inguruan hausnartuko du; Kris Nogalek, espezismoaren eta patriarkatuaren arteko loturez; eta Óscar Monterrealek, animaliak pinturan irudikatzeko moduaz. Angélica Velasco Sesma filosofo eta idazleak Ternura a lo bestia aurkeztuko du, eta Miriam Jiménez Lastra soziologo eta aktibistak makroetxaldeen eta arrain haztegien eredua aztertuko du.

Andrea Arrizabalaga EITBko kazetariak bere ibilbide pertsonala aurkeztuko du, Animalien maitasunetik beganismora saioan. Gainera, Amets Oyonek gidatuta, Naturarekin birkonektatu izeneko saioa izango dugu, Tximas babeslekuarekin, La Vida Color Frambuesarekin eta El Hogar fundazioarekin batera.

Sukaldean saioan, berriz, sukaldaritza begetaleko, elikadura osasungarriko eta sasoiko produktuen inguruko proposamena ekarriko dizkigute Tamara Alonso De dónde saco las proteínas-en sortzaileak, Christopher Wilsonek (ezizenez, El Brasas), Muthanna Abusaadak eta Maitane Cabezasek.

Mugimendua eta esperientzia parte-hartzaileak

Jarduera berrien artean, aipatzekoa da barre klasea, Aiora Blancok zuzendua. Saio hori maila guztietako jendeari zuzendua da, eta indarra, pilatesa eta balletean inspiratutako erritmoak uztartzen ditu, musikaren airean. Inpaktu txikiko jarduna da, eta gorputz guztia lantzeko aukera ematen du (batik bat, hankak, gluteoak eta abdominalak), aurretiazko esperientziarik behar izan gabe. Jarduera doakoa da toki guztiak bete arte, baina aldez aurretik izena eman beharra dago.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako GK Green Fashion espazioak zenbait tailer eta esperientzia eskainiko ditu, animalien esplotaziorik gabeko alternatiba jasangarriak ezagutzera emateko. Programatutako jardueren artean, kafe loreontziak, estanpazio botanikoa, kosmetika, sendabide naturalak eta sukaldaritza basatia, akuarela naturalak eta pH-aren magia, ehungintzako hondakinen inguruan (Koopera) eta sojazko kandela artisauak – Halloween edizioa.

Bestalde, Ihobeko ingurumen-zentroen sareko Txingudiko ekoetxeak ere ekimen bat antolatu du: «Lurretik platerera: deskubritu ezagutzen ez duzun mundua». Ibilbide bat lau terrariotan barrena, begiratu, usaindu, ukitu eta ereiteko eta, horrela, lurrean dagoen bizitza deskubritzeko eta ulertzeko zergatik den funtsezkoa lurzoruaren osasungarritasuna gure elikadurarako. Parte hartzaile bakoitzak pari txiki bat eraman ahalko du berekin.

Artea eta musika topaketaz gozatzeko

Kafetegi berri batek festibalaz gozatzeko proposamen gehiago ekarriko ditu. Afortunato Cafések espezialitate kafeei buruzko hitzaldi bat emango du, eta kafea prestatzeko metodoei buruzko tailer bat, eta, lehenengo aldiz, Marrazkimatoia egingo da: Juncal Alfonso ilustratzaileak erretratuak egingo ditu, minutu gutxian.

Musika saila honako hauek osatuko dute: Om Lilaren saioek; larunbatean, Lucía Mauleón eta Pilar Sánchezen emanaldiak; eta, igandean, Ariarenak.

OHARRA: Egitarau osoa eta sarrerak www.beveggie.eus helbidean eskuratu daitezke. Jarduera batzuetan, aurrez eman behar da izena, tokiak mugatuak baitira.