Irungo EAJ-PNv udal taldeko bozeramaileak, Gorka Alvarezek, eta Irungo Udaleko Segurtasun eta Herritarren Bizikidetzako ordezkariak, Iñigo Bergesek atzo Eusko Legebiltzarren egindako segurtasunari buruzko saio monografikoan parte hartu zuten. Eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin bildu dira segurtasunaren eta bizikidetzaren erronkei buruzko gogoetak partekatzeko. Gainera, jardunaldian zehar, Imanol Pradales Lehendakariarekin, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuarekin, Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidentearekin eta hiru euskal hiriburuetako eta beste herrietako alkateekin bildu ziren, segurtasunarekin lotutako gaiak eta erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia lantzeko.
Joan den apirilean ere, `Segurtasuna. Erronka bat gizarte gisa' hitzaldia antolatu zuen Irungo Palmera Montero gunean Foro Irun Hogeitabatek 'Agora' programaren barruan. Orduan, Bingen Zupiria gonbidatu zuten, eta hiriko segurtasunaren egoeraz herritarren kezkak jasotzeaz gain, Ertzaintzaren eta Irungo Udaltzaingoaren arteko lankidetzari esker hobera egin duten delituen bilakaeraren datuak plazaratu zituzten.
Gorka Alvarez jeltzalearen arabera, «lankidetza hori funtsezko tresna da herritarren kezkei erantzuteko». Segurtasuna herritarrak kezkatzen dituen gaietako bat dela kontuan hartuta, administrazio guztien konpromisoa, erantzukizuna eta etengabeko lana eskatzen duela jabetuta dago. Eta horregatik, «gai horri zorroztasunez heltzea, pertsonen benetako beharrei erantzunez eta kaleetako bizikidetza eta lasaitasuna hobetzen lagunduko duten neurriak hartzea» ezinbestekoa da bere ustez. «Irungo segurtasuna axola zaigu, eta aurrera egiteko modurik onena ahaleginak batzea, informazioa partekatzea eta erakundeen artean modu koordinatuan lan egitea dela argi dugu», adierazi du.
Irungo Udala ildo horretan lanean ari dela gogoratu du, Segurtasun eta Bizikidetza Akordioaren baitan, azken bi urteetan Irungo Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lanak koordinatzeko eta informazioa partekatzeko hainbat neurri hartu baitituzte. Diotenez, lankidetza hori indartu egin da Irungo EAJ-PNV udal gobernuan sartu zenetik, hirian jende gehien biltzen den garaietarako segurtasun-plan berriak abian jarrita. Hala nola San Pedro eta San Martzial jaietarako eta Gabonetarako dispositibo berezietan elkarlanean aritzen dira Ertzaintza eta Udaltzaingoa.
Alde horretatik, Irungo EAJ-PNVk ezinbestekotzat jotzen du «segurtasunaren ikuspegi integrala» izatea. Izan ere, delituen prebentzioa eta horiei emandako erantzuna ez ezik, herritarren arteko bizikidetza, pertsonen babesa, indarkeria mota desberdinen prebentzioa eta arrisku berriei emandako erantzuna ere jaso behar dituela nabarmentzen dute jeltzaleek. Horien artean dago ziberkriminalitatea, azkenaldian Irunen ere gehien hazi den delituetako bat.