Be Veggie jaialdiaren data Beganismoaren Nazioarteko Egunarekin (azaroak 1) bat egin zezan egokitu egin du Ficobak aurtengoan. Eta joan den asteburuan ospatutako Euskadiko Beganismoaren Jaialditik pasa diren bisitarien parte hartze handia azpimarratu duten arren, bisitarien kopuruak nabarmen egin du behera. 2024an lortu zuen jaialdiak bere markarik onena (6.500 bisitari), eta iaz 6.000 pertsona inguru hurbildu ziren bitartean, aurtengoan 4.000 bisitari jaso dute larunbata eta igandean antolatutako ekitaldietan.
Aurten bisitarien gehiengoa gipuzkoarra izan da, hurbilekoa gainera, Bidasoaldekoa (%37) eta Donostialdekoa (%29) batik bat. Frantziatik etorritako bisitarien presentzia ere aipagarria da, ororen %8 baitira. Hala ere, iazko dinamika bertsutik, bertaratutako bisitariek parte hartze aktibo handia izan dute proposatutako 30 jarduera baino gehiagotan. Antolatzaileen arabera, urtetik urtera bisitari profil leialagoa hurbiltzen baita beganismoarekin ez ezik, bizimodu jasangarri eta osasungarri baten aldeko apustua eginez.
Alde horretatik, aurten jaialdiak bildu dituen 4.000 bisitarietatik 2.400 lagunek parte hartu dute tailer, hitzaldi, mahai-inguru, kontzertu, showcooking saio eta ekintza ezberdinetan. Eta Ficobak aditzera eman duenez, edizio honetako berrikuntzek harrera bikaina izan dute. Hala nola, Pasaporte Beganoaren erronka eta Ardor Fest Gipuzkoako Pikante Txapelketak.
Maialen Gaztañaga Be Veggie jaialdiko zuzendariak azpimarratu duenez, «bisitariak ez dira erakusketa-guneak ikustera mugatzen; egunaren zati handi bat ematen dute jaialdiko proposamenak ezagutzen eta horietan parte hartzen». Hortaz, bisitak luzeak izaten dira, «presarik gabe gozatzeko pentsatutako programazioak sortzen duen interesaren erakusgarri».