106 milioi euroko udal aurrekontu proiektua aurkeztu du PSE-EAJ gobernu koalizioak 2027 urterako

Koldo Nausia

Udal langileen soldatek eta garbiketa, etxez etxeko laguntza, argindarra, garraio publikoa edota berdeguneen zaintza bezalako oinarrizko zerbitzuek 65 milioi euroko gastua suposatuko dute 2027an. Inoizko udal aurrekontu proiekturik handiena aurkeztu du PSE-EAJ gobernu koalizioak, iazkoa baino %0,46 gehiagokoa. Nuria Alzaga Ogasun udal ordezkariak aditzera eman duenez, Europako Next dirulaguntzak amaitu badira ere, zerga bilketa uste baino hobe joan da. Eta Irungo Udalaren egoera ekonomikoa «oso osasuntsua» da, udalak zuen zorra minimo historikoetan aurkitzen baita. Inbertsio nagusiak kirol instalazioetan eta garraio publikoan egingo dituzte.

Joan den ostiraleko Udal Osoko Bilkuran udal zergak, tasak eta prezio publikoak izoztea erabaki ondoren, gaur PSE-/EAJ-PNV udal gobernu koalizioak 2027ko udal aurrekontuen proiektua aurkeztu du. Orotara 109,2 milioi euro bideratuko ditu, eta udala partaide duten sozietate publiko eta eskualdeko erakundeetako transferentziak (Bidasoa Activa 4,5M€, Irunvi 1,5M€, Ficoba 826.666€, Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoa 427.398€, Blaia 331.381€) kontuan hartu gabe, Irungo Udalak 106 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du heldu den urtean. Aurten baino %0,46 gehiago da (+489.000).
 
Nuria Alzaga Ogasuneko udal ordezkariak iragarri du, abenduaren 18ko Ohiko Udal Osoko Bilkuran onartzeko asmoa dutela, eta gobernu koalizioak gehiengoa badu ere, oposizioko udal talde politiko guztien ekarpenak entzuteko prestutasuna adierazi du. Hain justu, goiz honetan aurkeztu diete aurrekontu proiektua udal talde politikoei, eta hauek 20 eguneko epea dute emendakinak aurkezteko. «Azpimarratzekoa da Irunen inoiz ez dela alderdi bat aurrekontuetan ekarpenak egiterako garaian hutsean geratu», gogoratu du Alzagak, eta beraz, datozen asteetan alderdi guztiekin eseriko dira.
 
Legealdi honetako azken aurrekontua izango da, eta sozialista eta jeltzaleen akordioari esker bideratutako bigarrena. EAJ-PNVko bozeramaileak, Gorka Alvarezek «hiriaren gobernagarritasuna eta egonkortasuna bermatzeko akordioak etengabeko elkarrizketa eta negoziazioa» eskatu duela aitortu du, eta koaliziokide bakoitzak bere ikuspuntua defendatzen badu ere, «irundarren eguneroko beharrei erantzuteaz gain, etorkizuneko Irun marrazteko» aurrekontuak direlakoan dago. 
 
Alde horretatik, jeltzaleek «aurrekontuaren erdia baino pixka bat gehiago» kudeatzen dutela azpimarratu du Alvarezek, izan ere, Obrak, Mantenu eta Azpiegiturak, Gizarte Ongizate arloa edota Segurtasuna eta Udaltzaingoak kudeatzen dituzte, udal gastu eta inbertsio handienak dituzten eskumenak.
 
Egoera ekonomiko osasuntsua
 
Nolanahi ere, «konpromisoak, ideiak eta proiektuak izan ditzakegu, baina aurrekonturik gabe ezinezkoa da aurrera egitea», gogoratu du Nuria Alzagak. Eta Irungo Udalaren egungo egoera ekonomikoa «oso osasuntsua» dela argitu du. Izan ere, 2016 urtean 23,3 milioi euroko zorra zuen bitartean, mailegu ezberdinen ordainketa egin duen heinean zorrak kitatzeko karga apaltzen joan da. Eta aurten 3,4 milioi eurokoa besterik ez da. 
 
Dena den, iaz arte Europar Batasunetik eratorritako dirulaguntza funtsak amaitu direla gogoratu du Alzagak. NextGenerationEU funtsetatik 13,5 milioi euro eskuratu ditu Irungo Udalak 2021az geroztik, bereziki mugikortasuna eta jasangarritasuna, kultura eta ondare historikorako zein merkataritzaren digitalizazioa eta biziberritzeko proiektuak garatzeko. «Sarrera horiek apaldu badira ere, FOFIM funtsa (Gipuzkoako Udalerriak Finantzatzeko Funtsaren urteroko banaketa) handitu da zerga bilketa hobe joan delako» azaldu du. Eta Irungo Udalaren kasuan, diru iturri guztien %61,6 suposatzen du. Aurten 4,2 milioi euro gehiago jasoko dituzte, %7 gehiago. Bestalde 2027 urterako izoztu berri dituzten udal zerga zuzenen kasuan, sarrera guztien %25a inguru da.
 
Gastuen gorakada
 
Aipatutako 106 milioi euro inguruko aurrekontu proiektuan, udal gobernuak 2027 urtean aurre egin beharreko zenbait gastuen gorakada aintzat hartu ditu. Alzagak azaldu duenez, «zerbitzuak hobetzean bainoa, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko» beharra dagoela. Udalak duen ohiko gastua %6 batean egingo du gora «eguneroko pertsiana igotzeko», eta horrek 29,59 milioi euro suposatzen du.
 
Bigarren gastu nagusia pertsonala edo udal langilegoa da. Horretara 35,96 milioi euro bideratuko ditu Irungo Udalak 2027an, +%7,37 gorakadarekin. Ogasun ordezkariak azaldu duenez, «sindikatuek eta gobernuak adostutako soldaten eguneratzea (%4,5ekoa 2027an) batetik, eta 8 udaltzain agente berri kontratatzeak Udaltzaingoaren aurrekontuan suposatuko duen %10,98 igoera» aintzat hartu dute atal horretan.
 
Gainerakoan, hiriak eguneroko normaltasuna mantentzeko ezinbestekoak diren oinarrizko zerbitzuetara bideratzen du gastu nagusia Irungo Udalak. Agintariek ohartarazi dutenez, «herritar askori oharkabean pasatzen zaie, baina kaleak garbi, berdeguneak txukun, garraio publikoa eta ezinbesteko zenbait zerbitzuk diru asko eskatzen dute». Alabaina, 2027ko udal aurrekontuetan, oinarrizko zerbitzu horietan %6,36ko igoera emango dela aurreikusten dute. Txingudi Zerbitzuen kale-garbiketarako 5,5 milioi euro, udal bulego eta eraikinen garbiketa 4,8 milioi, etxez etxeko laguntza zerbitzua 2,3 milioi, hirian dagoen milioi bat metro koadro berdegune eta lorategi mantentzeko lorezaintza zerbitzuetan 2,2 milioi euro, garraio publikoan 2 milioi, argindar gastua 1,4 milioi, eta argi instalazioen mantentze-lanetarakoa 1,2 milioi eurokoa baita. Kiroldegien mantenimenduan, aldiz, 900.000 euro inguru bideratzen ditu udalak urtero. 
 
Bestalde, udalak hiriko elkarte, GKE eta zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak laguntzeko 4,5 milioi euro banatuko ditu 2027an. Gorka Alvarezek argitu duenez, 2026 honetan Larrialdi Sozialeko Laguntzetarako (AES) diru-partida agortu egin dute, eta beharrei erantzuteko %15,15 batean emendatuko dute heldu den urtean, 1.038.640€raino. Gainerakoan, elkarte eta GKEei urtero banatzen zaizkien laguntza izendunetarako 1,1 milioi euro aurreikusten dituzte, eta beste 1,7 milioi gehiago lehiaketa bidez banatzen diren dirulaguntzetarako.
 
Inbertsio nagusiak
 
Bestalde, inbertsioetan kirol ekipamenduen hobekuntzek pisu handia izango dute 2027an. Guztira 3,36M€ bideratuko dituzte kirol instalazioetarako. Eta horietatik 2 milioi euro Stadium Galeko zelaia berritzeko izango da. Gorka Alvarezek zehaztu duenez, belarra ordezkatzeaz gain, uholdegarritasun arazoak dituen eremua denez, lur azpiko drenatze azpiegitura osoa egokitu nahi ditu etorkizunera begira arazo eta gastu gehigarriak aurrezteko. Hortaz gain, Real Unionek erabiltzen dituen udal instalazioetako aldagelak berritzeko 140.000€ko inbertsioa ere egingo du udalak.
 
Era berean, Artaleku kiroldegiaren beirazko fatxada berritzeko 320.000€, eta udal aurrekontu parte-hartzaileetatik eratorritako 250.000 euro aurreikusten dituzte Azken Portu eta Artaleku kiroldegien mantenua indartzeko. Partida nagusietan ere, 300.000 euro aurreikusten ditu udal gobernuak, San Migel-Anaka auzune berrian aire zabaleko igerileku proiektu bat aztertzeko. 
 
Garraio publikoak eta oinezkoen irisgarritasunak ere eramango du inbertsioen parte garrantzitsu bat. Autobus elektriko berria erosteko 700.000, eta bereziki Irunbus zerbitzuaren kotxera berrietarako 1,8 milioi euroko inbertsioak. Era berean, Errotazar kaleko igogailua (600.000€), eta Irungo Udalak ADIF erakundearekin tren geltoki berriaren Aduana kaleko pasarela berria egiteko adostutako 4,15 milioi euroko inbertsioari dagokion 2027ko ordainketa 1,43 milioi eurokoa izango da.
 
Bestalde, Iparralde etorbideko Oteiza-Basterretxea eraikina berritzeko 730.000€ eta Musika Kontserbatorioaren fatxada berritzeko 500.000€, eta Ikust-Alaia eraikinean Hiriko Museoa martxan jartzeko 300.000€ko inbertsioak  dira aipagarrienak, urteroko ohiko hiri-konponketa beharrak asetzekoak direnez gain: eskoletan udal jabetzakoak diren eraikinen mantenua (340.000€), kaleko argiztapena (300.000€), espaloien konponketa lanak (200.000€), besteak beste.