Etxebizitza eskubidea bermatzearen alde eta espekulazioaren kontra, greba orokorra egingo dute azaroaren 11n Hego Euskal Herrian. Euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde) eta etxebizitza sindikatuek kaleak hartzera deitu dute, izan ere, etxebizitzaren krisiak «okerrera» egin du azken urteetan. Eta dagoeneko herritarren lehen kezka bilakatu da. Zehazki, kezka hori argi islatu da Soziometroaren azken emaitzetan. Horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %57k dauka gizartearen kezka nagusitzat, lan merkatuaren (%47) eta osasungintzaren (%26) aurretik.
Alde horretatik, «etxebizitza kapitalismoaren logikaren baitan» antolatua dagoela salatzeko, eta etxebizitza, «hezkuntza eta osasungintza bezala» oinarrizko eskubide bat behar duela aldarrikatzeko langile guztiak grebara batzeko deia luzatu dute, «etxebizitzak negozio izateari utzi behar diola» exijitzeko.
Arazoaren 11 honetan, sindikatuekin batera hamaika eragile mobilizatuko dira. Eta horren atarian, Bidasoko Greba Batzordeak kanpaldi sinbolikoa egin zuen larunbatean Irunen, Zabaltza plazan. Eguerdian elkartu ziren plazan zenbait kanpin-denda ezarriz, eta Igauri Lopetegi eta Ekhine Zapiainen bertso aldarrikatzaileen ondoren, propaganda tailerra egin zuten haur eta helduentzat. Ondoren, 17:00etan, mahai-ingurua egin zuten etxebizitzaren auzia Bidasoan aztertzeko, eta etxebizitza eta indarkeria matxistaren bueltan. Eta Irungo kasu zehatza aztertu zuten.
Hain justu, Bidasoko Greba Batzordeak hainbat datu plazaratu ditu Irungo etxebizitza krisiari buruz. 2017-2022 urtaldian alokairuaren prezioa batez bestean %18,5 garestitu den bitartean, salerosketa prezioa %42 batean igo da. Bestalde, 18 eta 34 urte bitarteko 7.720 gazte dira emantzipatu ezinik dabiltzanak, eta 3.153 unitate familiar ziren 2023an IRUNVI etxebizitza publikorako sozietatearen babestutako etxebizitzen zerrendan eskatzaile gisa.
Aldi berean, Irunen 2.101 etxebizitza erroldatutako biztanlerik gabe edo hutsik dagoela salatzen dute. Era berean, iaz 61 izan ziren gizarte zerbitzuek egindako zaurgarritasun txostenak. Gogoan hartu behar da, Irungo Udalak larrialdizko laguntza ekonomikoen partida agortu egin duela aurten, eta aurrekontua handitu behar izan duela familia zaurgarrienak laguntzeko. Eta 2027 urterako %15 emendatzea aurreikusten duela diru partida, milioi euro baino gehiago Laguntza Berezi eta AES delako larrialdizkoetara bideratuz.
Asteazkenean kaleak hartzeko deialdia
Hau guztia kontuan hartuta, azaroaren 11n kaleak hartzeko deia luzatu dute, eta Euskal Herriko 70 udalerritan baino gehiagotan egingo dira mobilizazioak. Eguerdian hiriburuetan antolatutako manifestazioez gain, eskualdeka ere deituak dira arratsaldean. Bidasoaldekoa 18:00etan egingo dute Mendeluko Zubimuxutik abiatuta eta San Juan plazarainoko manifestazioan. Egingo dituzten aldarrikapenetan, berehalako alokairu-prezioen apaltze orokorra eta etxegabetze guztien etetea daude. Baina espekulatzaileek pilatutako higiezinak «desjabetzea», etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea, eta etxebizitza gizartearen beharren arabera antolatzea, eta ez merkatuaren logikaren arabera ere exijituko dute.
Bestalde, sindikatuek pikete informatiboak eta autokarabanak antolatuko dituzte Irunen eta Hondarribian goizeko 6:30etik aurrera.
Emakumeen zaurgarritasunaren trentza
Bestalde, Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak datorren azaroaren 11n deitutako grebarekiko babesa eta atxikimendua adierazi du. Kalera aterako direla iragarri du gogorarazteko etxebizitza duin eta eskuragarri bat izateko aukerarik gabe ez dagoela bizi-proiekturik.
Etxebizitzaren krisiak gizarte osoari eragiten diola nabarmendu du Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak, baina «bereziki gogor kolpatzen duela emakumeengan». Lan-baldintza prekarioak eta soldata baxuak dituzten emakumeak; gela partekatuetan bizitzera behartuta dauden emakume migratzaileak; emantzipatu ezin diren emakume gazteak; etxebizitza eskuratzeko zailtasunei bakarrik aurre egin behar dieten ama bakarrak; eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeak, beren bizitzak berreraikitzeko etxebizitza seguru bat behar dutenak.
Azpimarratu dutenez, Irunen, egoera bereziki kezkagarria da: alokairuko etxebizitzen eskaintza oso urria delako, eta etxebizitza erosteko prezioak herritar gehienentzat debekuzkoak direlako.