Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren hamabigarren edizioa martxan da. Literaturaren bidez indarkeria matxistaren inguruan hausnartzeko, berdintasuna aldarrikatzeko eta Nagore Laffagen amak urteotan guztiotan erakutsitako kemena eta konpromisoa omentzeko helburuarekin. Alde horretatik, Asun Casasolak urtero ehundik gora hitzaldi ematen ditu eskolaz-eskola, bere alabaren erailketaren istorioa kontatzeko, eta gazteengan kontzientzia sortzeko. «Gizartea behetik gora aldatu beharra dago, heziketa ezinbestekoa da, eta bide honetatik jarraitu beharra dago», adierazi du Casasolak ipuin lehiaketaren ekimenak duen garrantzia nabarmenduz.
Izan ere, hastapenetik gazteen kategoria sustatu nahi izan badu ere, Parean elkarteak azken urteetan eskoletan egindako lanketari esker, garapen polita izan du ikasleen parte-hartzeak. Oihana Llorentek, Parean elkarteko kideak aditzera eman duenez, aurten gazteen parte-hartzea sustatzen jarraitu nahi dute bereziki, eta ikastetxeei dei egin diete proposamena ikasgeletara eraman dezaten, ikasleekin gaia landu eta idazteko tartea har dezaten. Iazkoan gorakada nabarmena eman zen gazteen kategorian. Eta Bidasoaldeko Hondarribiko Talaia institutua, Irungo Eguzkitza eskola eta Toki Alai BHIko ikasleen lanak jaso dituzten. Baita Nafarroako Larraintzarko eskola, Orereta Ikastola, Markinako BHI, Ellakuria-Zurbaran BHI edota Barakaldoko Antonio Trueba institutukoenak ere. Eta euskarazko gazteen kategoria izan zen gehien hazi zena.
Aurten, egunerokotasunean oharkabean pasatzen diren eta normalizatu egin diren jokabideetan jarri nahi dute arreta antolatzaileek, «Ikusezina ere badago» lelopean. Besteak beste, bikotearen kontrola maitasunarekin nahastea, txiste matxistei barre egiteko presioa, emakumeen gorputzaren gaineko etengabeko epaiketa edota zaintza-lanen banaketa desorekatua ikusarazi nahi dituzte.
Ildo horretatik, idazteko ideiak eskaintzeko eta indarkeria matxistaren iceberg osoa irudikatzeko, hamar gai zehatz bildu dituzte webgunean: genero-rolak, eguneroko matxismoa, presio estetikoa, indarkeria digitala, bikote harremanetako kontrola, baimena, maskulinitateak, gurutzatzen diren diskriminazioak, espazioen erabilera eta zaintzak. Lehiaketarekin batera, kontzientziazio lana egin eta baliabideak eskaini nahi baitituzte.
Lehiaketan parte hartzeko baldintzak
Lanak entregatzeko epea datorren azaroaren 25ean zabalduko dute, eta 2027ko otsailaren 7ra arte aukera izango du parte hartu nahi duen orok. Antolatzaileek gogoratu dute, ipuinak euskaraz zein gaztelaniaz aurkez daitezkeela, bakarka nahiz taldean, eta gehienez orrialde bateko luzera izan beharko dutela. Lau kategoria egongo dira, hizkuntzaren eta adinaren arabera banatuta: gazteen mailako irabazle bakoitzak 100 eta 50 euroko liburu-sorta jasoko du, eta helduen mailako irabazleek, berriz, 300 euroko saria. Iragarri dutenez, sari-banaketa ekitaldia 2027ko martxoaren 8aren bueltan egingo dute, ohikoa duten bezala, lan irabazleen irakurketa musikatu batekin.
Bestalde, lehiaketaz gain, datozen egunetarako beste bi hitzordu antolatu dituzte Argoiak eta Txingudiko Elkarte Feministarekin elkarlanean. Aurrenekoa azaroaren 23an izango da, Palmera Montero gunean (18:00etan). Asun Casasolaren bizitza eta indarkeria matxistaren aurkako borroka jasotzen duen Lupe Calvoren "Por Todas" liburua aurkeztuko dute. Bertan Asun Casasolak eta Marialui Garciak parte hartuko dute egilearekin batera. Bestetik, azaroaren 25ean, lehiaketako aurreko edizioetako ipuinen irakurketa dramatizatua egingo dute Argoiak elkartearen egoitzan, Argoiakek eta Txingudiko Elkarte Feministak elkarlanean antolatuta eta Patxi Perez aktorearen zuzendaritzapean.