2008ko uztailaren 8an, Nagore Laffagen hilketak izan zuen oihartzun mediatiko zabala eta gizarte erreakzioa bizirik jarraitu du urteotan guztiotan Irunen. 20 urteko irundar gaztea herritarren oroimenean iltzatuta geratu zen, eta Irungo Emakumeen Etxeak eta Irungo Udalak atzo Istillaga plazan antolatutako omenaldia izan zen horren lekuko. 300 lagun baino gehiago elkartu ziren Nagoreren hilketaren 18. urteurrenean. Eta Asun Casasolak, haren amak «urtero egun honetan bakarrik egongo delako beldur» dagoela aitortu zuen arren, Cristina Laborda alkateak ekitaldiaren hasierako harrera instituzionalean azpimarratu zuen bezala, «urtero uztailaren 7an gogoan dugu guztiok irundar bat gutxiago garela».
Ekitaldi hunkigarria izan zen atzokoa. Hasierako urteetan Palmera Montero auzuneko Nagore Laffage parkea izendatu eta bertan antolatu izan zuten bitartean, urteroko omenaldia Irungo Emakumeen Etxearen aurrean ospatzen dute honek ateak zabaldu zituenetik. Eta ekimena ondo errotzeaz gain, eragileen parte hartzea gorpuzten joan da urtetik urtera. Atzokoan, Parean elkarteak antolatzen duen Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren hainbat kontakizunen irakurketa dramatizatua egin zuten Patxi Perezen antzerki taldeko kideek. Eta Ana San Josek zuzendutako Irungo Emakumeen Etxeko kantu tailer feministako abesbatzak 'Ate morea' abestu zuen.