Urruñako herriko etxeak engaiamendua hartua du biodibertsitatearen plan bat egiteko, Urruñan bizi diren animalia zein landare mailako espezieen inbentario baten egiteko. Filipe Aramendi auzapezak herriko natur-ondarea balioan jartzeko ekimena parte-hartzailea izanen dela azpimarratu du. Izan ere, zientzialari edo adituez gain, herritarrei deia luzatuko diete atlasa osatu dezaten. Bilkura publikoa antolatuko dute informatzeko, baina iragarri dutenez, lan horretan herritarrak ere sarrarazi nahi dituzte. «Urruñar bakotsak izango du aukera, ezagutzen edo aurkitzen dituen animali eta landareak identifikatu eta ekarpenak egiteko, ez da adituen lana bakarrik, baizik eta herritarren lana ere, haiek ere behar dute ezagutu eta jakin zertan bizi garen», argitu du Aramendik. Horretarako, aurki aurkeztua izango zaien app bat jarriko dute urruñarren eskura ekarpenak egiteko.
Aldi berean, proiektuaren babesle eta sustatzaile gisa hainbat dira parte hartuko dute eragileak. Erlaitzan ari den CPIE Itsasbazterreko Kontserbatorioak parte hartuko du nagusiki, baina baita Bordeleko Cistude Nature elkartea ere, halako atlasak antolatzen eskarmentua baitu. Bestalde, oihanzaina, herriko etxeko natur espazioetaz arduratzen diren langileek ere lagunduko dute, eta Herri Elkargoaren babesa jaso du proiektuak.
Aramendi pozik azaldu da proiektuarekin. «Nik beti diot xantza ikaragarria dugula Urruñan, bi eremu handi ditugu biziki babestuak, erlaitzako eremua eta bai Larrun eta Xoldoko gunea ere Natura 2000 Sareak babesturik. Baina herrian dauden beste natur-eremu eta laborantza espazioak ikertu, eta herrian zein espezie dauden», azaldu du auzapezak.
Haatik, 'Biodibertsitatearen Atlas' proiektu horrek bi urte iraunen ditu, eta emaitza hautetsientzat baliagarria izanen dela dio auzapezak. «Gure lur antolakuntza eta lur kudeaketari buruz hartuko ditugun erabakietan kontuan hartzeko elementua izanen da», iragarri du, eta aldi berean, «belaunaldi berriek natura ezagutu eta maita dezaten» ere. Aplikazio pedagogiko bat ere aurreikusten baitute, behin atlasa osatutakoan, paperean zein numerikoan, eskoletan ere erabili ahalko dutelako.