Bideoak

Ipar Euskal Herriko lehen Emazteen Etxeak ateak ireki ditu Pausun

Aimar Lopez 2024ko urr. 31a, 12:06

Ipar Euskal Herriko lehen Emazteen Etxea orain bi aste ireki zuten Pausun, mugimendu feministak Euskal Hirigune Elkargoarekin urtetan eramandako lanketaren ondotik. Orotara, halako hamar ikusi nahi lituzke mugimendu feministak Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuan heldu diren urteetan.

“Ametsa” zirudien duela urte gutxi Emazteen Etxeak, baina urriaren 18an ireki zituen ateak lehenak, Urruñako Pausun. Herriko Etxearen erabilera anitzeko aretoa du aterpe, eliza parean, frontoi ttikiaren gainean.

 60 bat metro karratuko gela nagusia atontzekoa da oraindik, lehenago ere bizia zuen gelaren hamaika lekuko bertan dira oraindik: liburu andana, pilotarien argazkiak, egur sendozko mahai handia. Elkarte ugarik erabili dute hamarkadatan egoitza, eta oraindik ere erabilera partekatua izanen du; ordutegien %90 Emazteen Etxekoen esku da haatik.

Militante feministen arteko saretzea aktibatzeko “lokala” behar zutela adostasuna dute Itziar Varela eta Garbiñe Intxaustik. Elkar ezagutzeko, lanean eraginkorrago aritzeko, eta bertze emazteei harrera behar bezala egiteko.

Hori du, hain zuzen, Emazteen Etxeak misio nagusietako bat: “biktimak” hartzea, baina baita “jakitateak partekatzera” heldu direnei lekua eskaintzea, jendarte berdinzaleago bat eraikitzeko ekarpen ezberdinak biltzea beraz.

Harrera egiteko langile bat lortzea helburu dute epe laburrean, egunerokotasunean egoitzara hurbiltzen den orori argibideak emate aldera. Egun, lantalde bat sortu dute, langilea lortu artean funtzio horiek segurtatzeko.

Momentuz, ostiralero, elkartzeko eta giro goxoan partekatzeko momentu bat antolatzen dute, pintxo pote moduan.