2023an bularreko minbiziaren ikerketaren aldeko Urria Arrosa hilabetearekin loturik sortu zuten. Emazte artista anitzen talentuari leku eman nahian, gehienak eskualdekoak. Antolatzaileek diotenez, Euskal Herriko eszena gehiena gizonez osatua delako, eta hortik sortu zen EMEKI festibalaren beharra, eta bere horretan mantentzen dute, «emakume abeslariak erdigunean jarri, eta hemengo zein kanpoko artisten talentua agertokira ekarriz».
Aurtengoan ere, emazteak ohoretan jartzeaz gain, bertako eta kanpoko artisten talentua agerian ezarri nahi dute. Horretarako kantu tradizionalak, neo-folk musika, euskal dantzak edo flamenkoa eta goi mailako ikusgarriak ere jasoko ditu festibalak.
Ione Iosie, Urruñako herriko etxeko teknikariak argitu duenez, emanaldi gehienak herriko plazan eta kitorik izango dira. Haatik, irailaren 25ean ekitaldi intimista batekin egingo dute estreinekoa Posta gelan (19:00etan). Ahotsa, teklatua eta kontrabaxua biltzen dituen hirukote batek Itxaro Borda, Francis Jammes, Joxean Artze, Manex Lanatua, Jean Giono eta beste zenbait olerkarien idatzietatik abiatuz, HORHOR taldeak Xiberoko txoko txikietako soinu-laborategian ondu dituzten kantu bitxiak eskainiko ditu.
Irailaren 26an, Marion Neira Farok "Manefa"ren emanaldia izango da 16:00etan, eta ondoren, emaztez osatutako Neskena euskal dantza taldeak denbora aztertzen duen "Badoa" ikusgarria eskainiko du 18:00etan. Jarraian, Miren Mey artistak bere sorkuntzak plazaratuko ditu. Bestalde, Las Flamencas de Catalina konpainiak flamenkoarentzako duten pasioa partekatuko dute, pausaldi denboran, 17:30etik 19:30era.
Jaialdia igandean itxiko dute, 16:00etan Julia Damestoy Perezek kantu klasikoekin. Ondotik, 18:00etan Neskaranga txarangaren saioa izango da, eta azkenik, Ibawa kolektiboak "Gaua" ikusgarria taularatuko du. Corps et Graphie lehiaketako lehen saria eta Dominique Bagouet lehiaketaren Koreografia Sortzailearen Sari Nagusia irabai du.