Asteartean elkarretaratzea deitua zuten Urruñan. Sebastian Etxebarne auzapez berriak elkarteei dirulaguntzen murrizketak egitea erabaki du. Eta besteak beste, 22.000 euroko izaera sozialeko laguntza hiru urtean desagerraraztea proposatu du, eta haur bakoitzeko prezio finko komunala nabarmen apaltzea aurreikusten du. Urruñako Ikastolaren arabera, neurri horiek hezkuntzaren kalitateari, haurren ongizateari eta euskararen transmisioari eraginen diete.
Udal gobernu berria agintera iritsi bezain pronto eztabaida piztu zen herrian laguntzen murrizketen harira. Baita beste zenbait erabakiekin ere. Izan ere, elkarteei laguntzak murrizteaz gain, oposizioko hautetsiei 90 euroko zerbitzu-saria apaltzea deliberatu zuen auzapezak. Joan den apirilean iragarri zituen auzapezak elkarteei laguntzen murrizketa udal kontuak orekatzeko xedez. Hasiera batean, ikastolaren dirulaguntza %89 apaltzea suposatuko luke, 22.500 eurotik 2.500 eurora. Eta Urruñako Ikastolak «motozerraren politikaren kaltetu nagusia» bilakatu dela salatu zuen orduan. Oraingoan, aldiz, 22.000 euroko izaera sozialeko laguntza hiru urtean desagerraraztea proposatu du Etxebarnek.
Murrizketak abenduaren 7an bozkatuko dituzte herriko kontseiluan. Eta ikastolako gurasoek herritarren babesa eskatu dute. Mobilizazio nagusia egun horretan eginen dutela iragarri dute, Urruñako Herriko Etxearen aitzinean. Auzapezak ez du gaiaz iritzirik eman nahi izan, erabakia bozkatu arte.