Buru belarri igaro ditu azken hilabeteak Beñat Goitia musikari gasteiztarrak, Benizze proiektuaren bigarren diska izanen dena pentsatzen, idazten, grabatzen eta ekoizten. 2023an Elkar Musikak, EHZ festibalak eta Antxeta Irratiak elkarlanean antolaturiko Paradisu Zinema musika bekaren lehen edizioaren irabazlea da Goitiaren Benizze proiektua, eta diska ekoiztea zen hain zuzen ere saria.
Adunan ireki duten Elkar Estudio berrian egin du lan honen zati handia, bertako langileekin batera. Urtarrilean hurbildu zen bertara Antxeta Irratia, eta bideo honez gain, elkarrizketa osoagoa ere egin genion. Ahotsen grabaketa bukatzen zebiltzan orduan.
Diska jadanik prest den honetan, asteazken goizean, 9:05ean "Batu Gurera" lehen singlea entzuteko parada izanen da Antxeta Irratiko Goizeko Kafea magazinean. Ordu berean, bideoklipa ere zabalduko dugu antxetamedia.eus webgune honetan bertan.