Konpantzia uhartea "ez Frantzia ezta Espainia ere" ez dela aldarrikatu du Ernaik

Aimar Lopez 2025ko uzt. 29a, 10:41

Urtero legez, uztailaren 31n Frantziar estatuaren administraziopean egotera pasako da Konpantzia edo Faisaien uhartea; Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatzeko parada izan da Ernairentzat.

Urtean bitan, Espainiar eta Frantziar agintearen arteko dantzan ibiltzen da munduko kondominiorik txikiena, 1901az geroztik. Ekitaldi militar bat egiteko parada izaten da, bereziki Espainiar Armadak buruturik. Etzi, hilaren 31n, Baionako Lurralde eta Itsasoaren Zuzendaritza Departamentalaren eskuetara pasako da agintea.

Ernai gazte antolakundeak desadostasuna erakutsi du Bidasoa erdian den uhartearekin "jolastearekin", eta hain zuzen ere, Faisaien uhartea "ez dela ez Frantzia ezta Espainia ere" aldarrikatu dute. Aldarri hori duen plaka bat eman dute uharte erdian den monolitoan, eta haren ertz batean "Independentzia" leloa marraztu.

Joan den astean Irungo Ernaiko kideek Antxeta Irratian azpimarratu zutenez, antolakundea irailaren 14an Donostian eginen duten manifestaldia hauspotzeko kanpainan murgildua da. Hain zuzen ere, iraila bukaeran 50 urte beteko dira Francoren erregimenak Juan Paredes 'Txiki' eta Angel Otaegi gazte independentistak fusilatu zituenetik, eta "gaur egun ere, orduan bezala, euskal gazteria bizirik" dagoela azpimarratu nahi dute.