"Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin" ekimena antolatu dute igandean Irunen eta Hondarribian

Koldo Nausia 2025ko ira. 17a, 11:48

Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin bat eginez, Irungo eta Hondarribiko udalek tokiko eragileekin antolatu dituzten ekintzak borobiltzera datorren ekimena proposatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, irailaren 21ean. Bizikletak dohainik konpontzeko tailerra izango da goizez Zabaltza plazan, eta San Pedro kalean arratsaldez. 

Igandean, Irungo Zabaltza plazan (10:30etik 14:00etara) eta, lehendabiziko aldiz Hondarribian, San Pedro kalean (16:00etatik 20:00etara), bizikletak muxu truk konpondu edo prest jartzeko tailerra jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azahara Dominguezek, Mugikortasunerako foru diputatuak aditzera eman duenez, "MUGI txartela erakutsiko duten guztiek dohainik baliatu ahal izango dute zerbitzua". Gainera, bi bizikleta zozketatuko dituzte parte hartuko dutenen artean, baita MUGI txarteletan 20 euroko balioa duten 60 karga ere.

Foru Aldundiai bildutako datuen arabera, Irun-Hondarribiko herritarren erdiak baino gehiagok du MUGI txartela dagoeneko, baina herritarren artean joan-etorrietarako ohitura jasangarriak eta osasungarriak sustatzeko helburuarekin antolatutako ekimena izanik, bertan MUGI lortzeko aholkularitza ere emango dute. "Eguneroko keinu txikiekin gipuzkoarrentzat nahi dugun etorkizuna eraikitzen lagundu dezakegu", gaineratu du Dominguezek.

Cristina Laborda, Irungo alkatearen arabera, horrelako ekimenek bat egiten dute aste honetan herritarrak kontzientziatzen jarraitzeko bultzatutako ekintzekin. "Ezin dugu ahaztu hiriak azken urteotan bizi izan duen hiri-eraldaketa sakona, mugikortasun iraunkorrago baten aldeko apustua egin baitugu". Alde horretatik, 2026 urterako udalak Irungo hiri-erdian martxan jarri beharko duen Isuri Apaleko Eremuaren lanketan jarraitzen duten honetan, oinezkoak eta txirrindulariak "udal-politiken erdigunean" daudela azpimarratu du.

Honakoa ez da Gipuzkoako Foru Aldundiak bizikletak konpontzeko antolatzen duen aurreneko tailerra. Hondarribian, aldiz, lehendabiziko aldia da, eta Igor Enparan alkateak horrelako tailerrek herritarrei "konfiantza eta autonomia" ematen diela nabarmendu du. "Sarritan ikusten ditugu bizikletak baldintza desegokietan, eta honekin segurtasuna hobetuko da", argitu du alkateak, Hondarribiko Udalak mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa berretsiz, "Mugikortasun Aste honetatik harago, guretzat ez da eslogan huts bat, urte osoko lanketa baizik".

Norbere bizikleta prestatu eta eguneroko desplazamenduetan garraio garbiago baten alde egiteko aukera paregabea dago igandean beraz. Gogoan hartu, bestalde, Mugikortasun Jasangarriaren Astearen baitan, Balazta elkarteak bere partetik, larunbatean (irailak 20) 18:00etatik 20:00etara, txirrindak konpontzen ikasteko eta autonomia irabazteko formakuntza emango duela San Pedro kalean. Eta bizikletarik ez duen ororentzako, aldiz, Txingudiko Zerbitzuak antolatutako Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleta eta patineteen azoka antolatu duela Zabaltza plazan igandean bertan 10:00etatik 14:00etara.