Lekukotzak, gutunak eta artxiboak ditu osagai Loratzen dokumentalak, 'Kotto' Alzuguren zenaren bizitza, militantzia, espetxealdia eta heriotza kondatzeko. Izenetik hasita, naturak ere leku nabarmena duen filma da baina, hura maite baitzuen Alzugurenek, eta maitasun horretatik hasita, hainbat paralelo atzeman ditu lana egin ahala Garazi San Martin zuzendariak.
Hunkigarria eta zaila izan da dokumentala sortzeko prozesua San Martinentzat baita Espidobaita elkarte sustatzaileko Asier Calderonentzat ere. Beratarra da hau, eta Alzuguren zendu ondorengo egunak ongi oroitzen baditu ere, garai hartara berriz itzultzeko modua izateaz gain, 'Kotto' pertsona gisa hobeki ezagutzeko aukera eman diola azaldu du.
Hilabetetako lana herritarren esku uzteko momentua iritsi zaie orain, eta azaroaren lehenean proiektatuko dute estreinakoz, Berako Kultur etxean, 11:00etan.
Hitzordu ugari heldu den astean zehar
Espidobaita elkarteak Udazkena loratzen zikloa antolatu du Kottoren heriotzaren hogeigarren urteurrenaren harira. Lehendabiziko hitzordua ospatu dute jada (irailaren 28an egindako bertso saio musikatua) eta hurrengo datak hurrenak izanen dira:
- Urriak 31: Kottoren heriotzaren 20. urteurrena. Presoen aldeko elkarretaratze berezia.
- Azaroaren 1: 11:00etan Berako Kultur etxean Loratzen dokumentalaren estreinaldia. Ondotik poteoa Kuxkuxtu txarangarekin, eta 14:30etan bazkaria Zubiondon (txartelak salgai egonen dira urriaren 13tik 26ra Berako Purienean eta Lesakako Arranon).
- Azaroaren 2: Goizean zehar omenaldia Otsandan.