Agintariak ez bezala, herria Mendebaldeko Sahararekin dagoela erakusteko unea da

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 19a

Udako Oporrak Bakean harrera programaren kanpaina aurreratu behar izan dute aurten, Espainiako Gobernuak harrera familiak onartu eta haur sahararren bidaia-baimenak eskuratzeko burokrazia mailan legeak zorroztu dituelako. Aldi berean, inoiz baino laguntza premiarik handiena dute Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetan, eta otsailaren 6an eta 7an Irun-Hondarribiko BM eta EROSKI 17 supermerkatuetan Elikagaien Euskal Karabana betetzeko bilketa kanpaina egingo dute.

Joan den larunbatean, Donostiako Aiete Jauregian aurkeztu dute Oporrak Bakean programaren aurtengo kanpaina. Bertan ohartarazi dutenez, inoiz baino behar handiagoa dute Mendebaldeko Saharako haurrek eta familiek. Eta Aljeriako Hamada basamortuko udako hilabeterik gogorrenetan 50 graduko beroaldietatik ihes egin, eta Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetatik aldentzaz gain, Euskal Herrian osasun frogak egin eta ondo elikatzeaz gain, bizitzarako ikasketa handia suposatzen du programak, haur sahararrentzat ez ezik, bereziki harrera familientzat.

Leire Lizarralde, harrera familia eta sahararen aldeko militanteak aurtengo programaren aurkezpenean gogoratu duenez, «plater bat gehiago mahaian jarri eta pazientzia apur bat» besterik ez da behar ume saharar bat etxean jasotzeko. Haur hauentzat, aldiz, garapen osasuntsu bat lortzeko ezinbestekoa dute. Tamalez, muturreko egoeran dauden honetan, osasun arazoak ugaritzen doaz Tindufeko kanpalekuetan, eta 5 urtetik beherako haurren erdiak desnutrizio egoera pairatzen badu, hirutik haur bakarrak du garapen osasuntsu batekin aurrera egiteko aukera elikadura urritasunagatik, eta argal eta txiki geratzen dira.

Laguntza beharretan, baina lagun gutxi

Hala ere, Fatma Brahim-Salem, Oporrak Bakean programaren Euskadiko arduradunak aditzera eman duenez, «geroz eta zailtasun handiagoak dituzte harrera programa antolatzeko». Batetik, garai oparoagoetan baino harrera familia gutxiago daudelako, baina bereziki, egoera politikoa dela eta. Tadamum Txingudi Sahararekin elkarteko Miren Olaskoagak azaldu digunez, «Espainiako Gobernuak legeak aldatu ditu aurten eta haurren bidaia-baimenak tramitatzeko epeak estutu egin dituzte». Aurreneko aldiaz da horrelako zerbait gertatzen dela, baina horren ondorioz, sei hilabete lehenago dena lotua egon behar du, eta horregatik harrera familiak lortzeko kanpainak lehenago hasi eta epe laburragoa izango du aurten. Hala ere, otsaila bukaera bitartean aukera izango du animatzen den oro eskaera luzatzeko.

Joan den udan bertan, dozena bat haur etorri ziren Bidasoaldera, eta 272 Hego Euskal Herrira, horietatik 75 Gipuzkoara. Baina Aljeriako basamortutik uztailaren 17an iritsi ziren, aurreikusitakoa baino ia hiru aste beranduago, Espainiako eta Aljeriako gobernuen arteko arazo burokratikoen ondorioz, bidaia-baimenak berandu onartu eta hegaldiak bertan behera utzi behar izan zituztelako. «Egoera orokorrak ez du laguntzen», dio Olaskoagak, «Mendebaldeko Sahararen auzia agenda politikotik atera egin dute, eta geroz eta baztertuagoak daude», kexu da. Politikoki gai deserosoa bilakatu da Espainiako Estatuko alderdi politiko eta agintarientzat. Eta nazioartean ere, lagun gutxi ditu Mendebaldeko Saharak nazioartean. Baina laguntza behar handia.

Haatik, ez da beti horrela izan. Azken 15 urtetan 4.800 haur inguru etorri dira Euskal Herrian uda pasatzera. Izan ere, bi hilabeteko arnasaldi honek elkartasunezko sustrai luzeak dauzka. Marokoren Martxa Berdeak Mendebaldeko Sahara okupatu eta 175.000 saharar Aljeriako Hamada basamortuan erbesteratu ondoren, 1979an Espainiako Alderdi Komunistak bultzatuta (PCE) estatu mailan 100 haurrentzako udako arnasaldia suposatzen duen Oporrak Bakean (Vacaciones en Paz) programa abian jarri zuten. Gorabehera handiak izan ditu urteotan guztiotan, baina Espainiako Estatu mailan 10.000 haur errefuxiatu jasotzeko harrera familia animatu izan ziren urterik oparoenetan. Iaz, aldiz, 3.000 inguru izan ziren aukera hori izan gozatu zutenak.

Elikagai eskasia kezkagarria

Alde horretatik, Oporrak Bakean programaren kanpaina hau, neguan urtero antolatzen duten Elikagaien Euskal Karabana betetzeko bilketa kanpainarekin bat egingo du oraingoan. Tadamum Txingudi Sahararekin elkarteak antolatzen du Irunen eta Hondarribian. Eskoletan 'otsailaren 2tik 7ra), eta Irungo eta Hondarribiko 17 supermerkatutan janaria bilduko dute otsailaren 6-7ko asteburuan, ostirala arratsaldez eta larunbata osoan zehar. Zehazki, eskualdeko BM eta EROSKI saltoki guztietan, eta Irungo Superamarako dendan jasoko dituzte elikagaiak. Izan ere, honetan ere, beste zenbait supermerkatuk ez dute sahararren aldeko kanpainarekin bat egiten.

Iaz 12 tona janari biltzea lortu zuten Irun eta Hondarribian antolatutako kanpainan. 

Miren Olaskoagak azaldu duenez, kanpaina ongi bideratzeko 60 bat boluntario behar dituzte supermerkatuetako txandak bete ahal izateko. Urtero bezala, iraungitzen ez diren produktuak jasoko dituzte; arroza, pasta, azukrea, lekale lehorrak, olioa, atuna eta bestelako kontserbak, emakumeentzako konpresak edota haur txikientzako pardelak, besteak beste. Iaz 40 tona elikagai bildu zituzten Gipuzkoan, eta horietatik 12 tona Irun eta Hondarribian, aurreko urtean baino bi tona gehiago. 

Oroitarazi dutenez, inoiz baino premia handiagoa du basamortuko erbestean mende erdi bete duen herri sahararrak. Espainiako Gobernuak Munduko Elikagai Programarentzat bideratzen duen dirulaguntza apaldu ondoren, 2020az geroztik Munduko Elikagai Programak Tindufeko kanpalekuetara bideratu ohi zuen janari-saskia %30 murriztu baitu.

Izan Oporrak Bakean, izan elikagaien bilketa kanpainan boluntario gisa parte hartzeko, tadamum@hotmail.es helbidera idatzi behar da elkartearekin harremanetan jartzeko.