Osasun Bidasoa: «Ospitaleko langileak triste daude, desmoralizatuak bizi duten egoeragatik»

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 27a

ESI Bidasoko gerente berriak hitzemandako hobekuntzarik eman ez denez, mobilizazio dinamika berreskuratzeko deia luzatu du Osasun Bidasoa Plataformak. «Inoizko egoerarik okerrenean» gaudela salatzen dute, itxaron-zerrenda, zerbitzuen itxiera eta espazio aldetik. Martxoan asteazkenero 14:00etan elkarretaratzeak egingo dituzte osasun-etxeen atarietan. Eta martxoaren 28an (18:00etan) Bidasoko Ospitalearen atarian hitzartu dute. Aurreneko manifestazioa, aldiz, martxoaren 1ean (12:00) Hondarribian egingo dute «osasun mentaleko kudeaketa kaxkarra» salatzeko.

 

Osasun Bidasoa Plataformak mobilizatzera deitu du martxoan. Pedro Morrondo ESI Bidasoko gerente berriak postuan sei hilabete egin ondoren, berekin egindako bileretan hartutako konpromisoak betetzeko borondaterik ez dute ikusten. Eta osasun zerbitzuetan ez denez hobekuntzarik eman, iazko maiatzean Irunen 12.000 lagun elkartu zituen manifestazioaren mobilizazio dinamika berriz aktibatzeko garaia iritsi dela diote.

Mariaje Alfonso erizain eta plataformakideak azaldu duenez, otsailean hasi ziren Bidasoko ospitaleko ebakuntza-gela berrien obrek zailtasun handiak sorrarazi ditu eguneroko jardueran. «Lan hauen ondorioz ospitaleko 4. Unitatea itxi behar izan dute, eta paziente eta pertsonal guztia beste eremuetan kokatu behar izan dute», argitu du, «2 unitate daude orain, eta ohe kopuruan apaltze drastikorik eman ez bada ere, espazioa estutu egin da, eta pilatuak daude, lehen 10 langile ari ziren lekuan, orain 20 daude pazienteekin, egoera latza da, osasun langileak desmoralizatuak daude, triste daude bizi duten guztiagatik».

Bestalde, Pedro Morrondok urtarrilaren 27an komunikabideen aurrean egindako agerraldian iragarri zituen hobekuntzak ez dira hala plataformaren arabera. Manel Ferran medikuak aditzera eman duenez, Urologia kontsultak pasatzen hasi badira ere, «ospitaleak ez du plantillan urologorik, errealitatea da Donostiatik etortzen direla kontsulta pasatzera noizeanbehin». Era berean, Minaren Unitatea berriz martxan jarri dutela nabarmendu du, baina «urtebete itxita egon ondoren itxaron-zerrenda luzea da, eta astean hiru egun besterik ez da martxan». Plataformak salatzen duenez, baliabide gehiago beharko lirateke egungo egoera «deskonjestionatzeko». 

Baina plataforma 2018an eratu zutenean Bidasoa ospitaleko ebakuntza-gelen proiektuagatik mobilizatzen hasi bazen ere, Lehen Arreta zerbitzuek bizi duten egoerak ere kezkatzen ditu. Manel Ferranek salatu duenez, agintariek hartutako konpromisoak ez dira «hitzetatik ekintzetara» pasa oraindik. Azaldu duenez, Gotzone Sagarduy Osasun kontseilariak Oinaurreko proiektua baztertu ondoren, bere lekukoa hartu duen Alberto Martinezek hirugarren osasun-etxea garatzeko proiektua desblokeatu zuela adierazi du. Baina Irungo Udalak horretarako lagatuko dizkion lursailak direla kontuan hartuta, «udalak ez du prozedura administratiboaren berririk». 

Gainerakoan, 2020ko uztailetik Erdiguneko Zentroan behin-behinekoak ziren barrakoiak sei urte daramatzatela gogoratu du Ferranek. «Alarde kalean Irungo Udalak utzi duen lokalean Pediatria zerbitzua kokatu nahi dute, eta Erdigunekoan zazpi kontsulta libratzeko aukera eman dezake, baina urrats administratiborik ere ez da eman oraindik».

Itxaron-zerrenda onartezinak

Bestalde, Lehen Arretako medikuak espezialista baten kontsultara deribatzea eskatzen duenean, bidasotarrek zailtasun handiak dituztela salatu du plataformak. Izan ere, Osakidetzak osasun zerbitzu sarean itxaron-zerrenda 56 egunekoa dela aitortua duen bitartean, ESI Bidasoan nabarmen gainditzen ditugu ratio horiek. Errehabilitazio zerbitzuan 118 eguneko itxaronaldiak, eta Traumatologian 178 egunekoa dela azpimarratu dute. «Horrek esan nahi du, belauneko minez medikura joan eta meniskoa apurtuta duzula diagnostikatuz gero, espezialista ikusteko sei hilabete itxaron beharra dagoela», ohartarazi du Ferranek. Eta horrek, Lehen Arreta zerbitzuetan eragina duela gogoratu du, izan ere, paziente berbera behin eta berriz jotzen du anbulatorioko familia-medikuarengana minez.

Horregatik guztiagatik, «oinarrizkoa dugun osasun zerbitzu publiko duin baten eskubidea aldarrikatzeko» Bidasoaldeko jendarteak kaleak har ditzan mobilizazio egutegi zabala antolatu du plataformak. Martxoan, asteazkenero 14:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte Lehen Arreta Zentroen atarian, osasun langileen txanda aldaketarekin, haiek ere batu daitezen. Eta martxoaren 28an, Urgentzia pediatrikoen aldeko mobilizazio zabala egingo dute Bidasoa Ospitalean, 18:00etan. Larunbatean izango da, «ahal bezainbeste jende hurbil dadin».

Larrialdi Pediatrikoak eta Osasun Mentala

Aurreneko mobilizazioa, aldiz, martxoaren 1ean egingo dute Hondarribian, 12:00etan, Martxoak 8 plazatik abiatuta. Izan ere, plataformaren aterpean ari den Urgencias Pediatricas Bidasoa taldea ere mobilizazioetara batu da. Batetik, joan den apirilaren 14an ospitaleko Larrialdi Pediatrikoen zerbitzua itxi eta gero, berriz martxan jartzea aldarrikatzeko. 

Bestetik, «osasun mentalaren kudeaketa oso kaxkarra» delako eskualdean, bereziki haur eta gazteen zerbitzuan. Igor Medrano guraso erabiltzaileak azaldu duenez, Osasun Mentalaren harreta bi lokaletan eskaintzen du Osakidetzak gaur egun, Ama Xantalen Ospitale Zaharrean udalak duela 20 urte utzitako egoitza zaharrean, eta egokitu duten berrian. Guztira 500ndik gora espediente dira gaur egun. «Baina lokal berrian haurrak eta helduak nahasiak daude, eta itxarongelan dagoenak kontsultan dagoen pazientea eta medikuen elkarrizketa osoa entzuten du, eta intimitaterako eskubiderik ez dago».

Era berean, diagnostikoak berandu egiten direla salatu dute, eta horren ondorioz, protokoloak aplikatzen ez direnez, medikuntzan ez ezik, hezkuntzan ere ikastetxeek babes eta baliabide falta nabaria dute haurren osasun mentala kudeatzeko.

MOBILIZAZIO EGUTEGIA

  • Martxoak 1 - Osasun mentalaren aldeko manifestazioa, Hondarribian, 12:00etan Martxoak 8 plazatik abiatuta.
  • Martxoak 4 - Irungo Erdiguneko anbulatorioan, 14:00etan.
  • Martxoak 11 - Dunboako anbulatorioan, 14:00etan.
  • Martxoak 18 - Hondarribiko Itsas Etxea anbulatorioan, 14:00etan.
  • Martxoak 25 - Irungo Osasun Mentaleko zerbitzuan (Ama Xantalen) 14:00etan.
  • Martxoak 28 - Bidasoa Ospitalean 18:00etan Urgentzia Pediatrikoak elkarreratzea.