Bidasoaldeko jendarteak kaleak har ditzan mobilizazio egutegi zabala antolatu du Osasun Bidasoa Plataformak. Martxoaren 28ko mobilizazio handia dute denek begiz jota. Joan den apirilaren 14an Bidasoko Ospitalean itxi zituzten Larrialdi Pediatrikoen aldeko mobilizazio zabala egingo dute egun horretan Bidasoa Ospitalean, 18:00etan. Larunbatean izango denez, «ahal bezainbeste jende hurbil dadin» espero dute. Baina mementoz, eskualdeko Lehen Arreta Zentroen atarietan, martxoan asteazkenero kontzentrazioak deitu dituzte, 14:00etan, osasun langileen txanda aldaketarekin bat eginez, haiek ere mobilizazioetan batu daitezen.
Erdiguneko (Irun Centro) anbulatorioaren egoera
Gaur egin dute aurreneko elkarretaratzea Irungo Erdiguneko osasun-etxean. Osakidetzako Lehen Arretako Zentroen sarean, paziente gehien (38.000) artatzen dituena da EAE mailan. Horri aurre egiteko, «espazio eskasa eta azpiegitura zaharkituak» dituztela ongi dakite bertan lan egiten duten Maria Jesus Bolaños eta Alba Cristobal medikuek. Elkarreratzean parte hartu dute beste hainbat lankiderekin batera, eta espazio arazoekin batera, 2020ko uztailetik Erdiguneko anbulatorioaren atzealdean behin-behinekoak ziren barrakoiak sei urte daramatzatela gogoratu dute. «Euria eta hotza egiten duenean hor pasatzen dute kontsulta medikuek eta pazienteek berdin, ez dira baldintza egokiak», salatzen dute.
Alde horretatik, Oinaurren hirugarren osasun-zentroa eraikitzeko proiektua adostua badago ere, epe luzerako dela ez zaie oharkabean pasatzen. Eta Osakidetzak Bidasoa Lanbide Heziketa (Sindikal zaharra) institutuaren jolastokian Erdiguneko Lehen Arreta Zentroa birkokatzeko proiektua ez dute begirunez hartzen. «Ez zaigu egokia iruditzen, eraikin hau historikoa da, ondo kokatua dago eta berritze obrak eginez aprobetxatu daitekeela uste dugu, baina jasotzen duen lan-karga arindu beharra dago», dio Bolaños doktoreak. Horretarako, Oinaurreko osasun-zentroa egingo ez den bitartean, Erdigunekotik metro gutxira Alarde kalean Irungo Udalak utzi duen lokalean Pediatria zerbitzua kokatzea ezinbestekotzat jotzen dute. Osasun-zentro honetan zazpi kontsulta libratzeko aukera eman dezake horrek, baina urrats administratiborik ere ez da eman oraindik.
Gogoratu beharra dago, COVID-19 pandemia garaian jada, txertaketa kanpaina masiboa egiteko ere, Irungo Udalak Elitxun (Euskal Herria hiribidean) lokal bat utzi ziola Osakidetzari. Aipatutako Alarde kaleko lokala, aldiz, 588 metro koadrokoa da, eta Irungo Udalak Osasun Sailari lagatu dio. Baina Cristina Laborda alkateak adierazi duenez, Lapitze-Elitxuko Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren esperoan dago udala. Izan ere, gunea egokitu egin behar da, eta lan horiek Eusko Jaurlaritzak hartu beharko ditu bere gain.
Itxaron-zerrenda onartezinak
Dena den, espazio gabezia ez da osasun-langileek pairatzen duten arazo bakarra. Izan ere, Lehen Arretako medikuak espezialista baten kontsultara deribatzea eskatzen duenean, bidasotarrek zailtasun handiak dituztela salatu du plataformak. Alba Cristobal Erdiguneko Zentroko medikuak dioenez, «itxaron-zerrenda luzeek eragin zuzena dute anbulatorioan, ebakuntza baten esperoan dagoen pazientea hainbat alditan pasatzen da hemendik, minarentzat tratamendua eske, edo ezin duelako gehiago».
Osakidetzak osasun zerbitzu sarean itxaron-zerrenda 56 egunekoa dela aitortua duen bitartean, OSI Bidasoak nabarmen gainditzen ditu ratio horiek. Osasun Bidasoa Plataformako Manel Ferran mediku erretiratuak dioenez, Errehabilitazio zerbitzuan 118 eguneko itxaronaldiak daude, eta Traumatologian 178 egunekoa da. «Horrek esan nahi du, belauneko minez medikura joan eta meniskoa apurtuta duzula diagnostikatuz gero, espezialista ikusteko sei hilabete itxaron beharra dagoela».
Horregatik guztiagatik, «osasun zerbitzu publiko duin baten eskubidea aldarrikatzen» jarraituko dute. Gaur bezala, gaur zortzi eta hurrengo asteazkenetan ere. Heldu den martxoaren 11n Dunboako anbulatorioan izango da. Martxoaren 18an Hondarribiko Itsas Etxea osasun-zentroaren atarian, eta martxoaren 25ean Irungo Osasun Mentaleko Zerbitzuaren atarian, Ama Xantalenen.