Aurtengo onuraduna Txingudiko sahararen lagunak (Tadamum) elkartea izan da. Bidasoa Atletiko Taldea da maratoi erdiaren antolatzailea, eta 2.500 euroko txeke solidarioa eman diote elkarteko arduradun Miren Olaskoagari. Elkartea 2003tik ari da lanean herri saharauia laguntzeko helburuarekin, eta urteroko Euskal Elikagaien Karabana ekimena antolatzeaz gain, uda garaian Oporrak Bakean programa antolatzen du Tinduffeko errefuxiatu kanpalekuetatik haurrak uda Euskal Herrira ekartzeko harrera familiak bilatuz.
Bestalde, jakinarazi dute 2027ko otsailaren 28an egingo duten Maratoi Erdirako eta 10 kilometroko probarako dagoeneko izen emateko epea irekita dagoela. Maratoi erdirako lehenengo 200 dortsalak lehenengo orduetan agortu ziren. Egun, 29 euroan eros daitezke 500 dortsalera heldu arte. 10 kilometroko probarako, berriz, dortsalak prezio murriztuan egoten jarraitzen dute, hain zuzen, 19 euroan. 2027ko edizioko helburu solidarioa haur diabetesaren aurkako Mi Dulce Guerrero elkartearentzat izango da, ikerkuntzarako funtsak biltzeko.
Datorren urteko otsailaren 28ra heldu aurretik, ekainaren 7an bost kilometroko proba antolatuko dute erdialdeko kaleetan. Lasterketa eta adin guztientzako jarduerak izango dira goizean zehar, eta dagoeneko izen emateak zabalik daude. Ekainaren 27an, San Martzialgo igoera antolatuko dute hiriko jaiekin bat eginez.