Osakidetzak iaz hitz emandako hobekuntzak ez ditu bete, eta Osasun Bidasoa Plataformak dioenez, «antolatzeko eta planifikatzeko erakutsi duen ezintasunak ezinegon handia sortu du herritarren eta profesionalen artean». Urtebete baino gehiago igaro da Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak itxi zirenetik. Orain artean herritarrei 36 urtez kalitatezko eta gertuko zerbitzua eskaini ondoren, Osakidetzak zerbitzu hori beharrezkoa baloratu eta arreta eredua aldatzea erabaki zuen. Horren ordez, Irungo Erdialdeko EAGa indartuko zuela agindu zuen, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 22:00etara pediatra batekin, eta larunbat eta jaiegunetan 09:00etatik 22:00etara. Halaber, osasun etxeetako pediatria-arretaren ordutegia lanegun guztietan 17:00etara arte luzatuko zela iragarri bazen ere, «promesa horietako bat ere ez da bete».
Alderantziz, plataformako osasun profesionalek salatzen dutenez, sei hilabete baino gehiagoz pediatria arreta minimoetan egon zen profesional faltagatik. Izan ere, Bidasoko pediatra gehienek beste eskualdeetako osasun-zentroetara aldatu ziren. «Kudeaketa txarrak eta profesionalekiko errespetu faltak pediatriako arreta, bai premiazkoa bai arrunta, kolapsatzera eraman zuen», gogoratu dute, eta herritarren haserrearen lekuko, 2025eko maiatzean Irunen ospatutako manifestazioan bildutako 12.000 lagunak izan ziren.
Urtebete hobekuntzarik gabe
Orduz geroztik, Osasun Sailak hainbat neurri, hobekuntza eta inbertsio iragarri ditu Bidasoko osasun zerbitzuak hobetzearren. Baina «herritarren ezinegona baretzeko» besterik ez dela izan salatzen du Osasun Bidasoak. Izan ere, martxoan astero elkarretaratzeak egin dituzte profesionalek osasun-etxeen atarietan. Eta Bidasoa Ospitaleko larrialdi-zerbitzuko medikuen gehiengo batek (22tik 17k) eta Irungo Erdialdeko anbulatorioko 19 profesionaletatik 17k publikoki salatu dute baldintza prekarioetan ari direla lanean. Egoera honek guztiak eta zuzendaritza berriaren kudeaketa desegokiak profesionalen nekea eta motibazio falta ekarri duela nabarmentzen dute, izan ere, Pedro Morrondo ESI Bidasoko gerente berriak postuan sei hilabete egin ondoren, berekin egindako bileretan hartutako konpromisoak betetzeko borondaterik ez dute ikusten.
Alde horretatik, Bidasoa Ospitalea Gipuzkoan guardiako pediatrarik ez duen eskualde mailako ospitale bakarra dela gogoratu du Osasun Bidasoak. Eta larrialdi pediatriko nagusiak Donostiara lekuz aldatu dituzten bitartean, larrialdietako medikuek adierazi dute erabat nekatuta eta motibaziorik gabe daudela. Argitu dutenez, hiru profesionalen irteerak, eta ordezkatu gabeko baja eta lanaldi-murrizketek, «egoera jasanezina» bihurtu dute.
Datozen hilabeteei begira lan karga handitu egingo da udako denboraldian. OSI Bidasoak udatiarrei ere arreta eman behar dielako, baina horri erantzuteko erantzun eta planifikazio falta salatzen dute. Aldi berean, Irungo Erdialdeko (Hermanos Iturrino) Etengabeko Arreta Gunearen kasuan, gainezka dagoela argitu dute. Plataformak azaldu duenez, zerbitzu hau 1954 urtetik dago martxan Irungo Erdialdeko anbulatorioan. Astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 08:00etara, eta egunero 50 eta 60 larrialdi mediko artean artatzen ditu. Baina asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, 120 baino gehiago izan ohi dira. Eta horri erantzuteko oinarrizko mediku zerbitzua, erizain batek eta zeladore-administrari batek osatzen dute lantaldea. Asteburuetan zerbitzua mediku gehigarri batekin indartzen bada ere, 09:00etatik 22:00etara, lanegunetan, ordea, errefortzu horiek noizbehinkakoak baino ez dira. «Ospitalean larrialdi pediatrikoak itxi zirenetik, 3 urtetik beherako larrialdiak ugaritu egin dira Erdiguneko anbulatorioan, eta lan-karga handiena astelehenetik ostiralera 17:00etatik 22:00etara eta larunbat, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 22:00etara pilatzen da», nabarmendu dute.
Larrialdiak kolapsoaren atarian
Hau guztia dela eta, larrialdi zerbitzua izanagatik ere, paziente bakoitzari eskaintzen zaion denbora 10 minututik beherakoa dela ohartarazi dute. Hain justu, askotan 7 minutu baino gutxiagoko tartea baitute profesionalek larrialdia kudeatzeko. «Kalitatezko zerbitzu bat emateko denbora eskasa izateaz gain, diagnostikoan eta segurtasunean eragin dezake, eta profesionalengan estres handia eragiten du», adierazi dute kezkatuta Osasun Bidasoa plataformako kideek. Diotenez, Irungo Erdiguneko langileek hainbatetan helarazi diote zuzendaritzari «ezintasuna eta higadura fisiko eta emozional handia» jasaten dutela, eta beraz, gero eta zailagoa zaiela zerbitzua baldintza hauetan mantentzea. «Askok zerbitzua uztea planteatzen dute irtenbide posible bezala», argitu dute. Horrenbestez, zerbitzua kolapsatzeko arriskua dagoela ohartarazi dute.
Hau guztia kontuan hartuta, pediatriako larrialdiak berreskuratzea eskatzen du Osasun Bidasoa plataformak. «Nahikoa da bete gabeko promesekin, kudeaketa txarra ezin da izan zerbitzuak ixteko aitzakia», salatu dute, zerbitzuen pribatizazioa bultzatzea Osasun Sailaren estrategiaren parte dela gogoratuz. Azken urteetan, gfero eta herritar gehiago baitira larrialdiak behartuta osasun zerbitzu pribatuetara jotzen hasi dena. «Kontsultak, proba diagnostikoak eta ebakuntza kirurgikoak Bidasoatik kanpoko zentro pribatuetara bideratzeak arreta-kalitatea murrizten du eta arazoa betikotzen du», ohartarazten dute.
Horregatik guztiagatik, Osasun Bidasoa plataformak mobilizatzera deitu du berriz, ekainaren 13an, Zabaltza plazan. Hitzordua 19:00etan eman dute, eta Bidasoa eta Bortzirietako herritarrak deitzen dituzte egungo egoeraren aurrean beren ezinegona adieraztera, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari benetako konponbideak exijitzeko.