«Bidasoa ESIaren gainbehera iraultzeko neurri ausartak» eskatu ditu EH Bilduk

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 16a

Gipuzkoa, Bidasoa eta Bortzirietako EH Bilduko ordezkariek Bidasoko Ospitaleko «murrizketak eta agintarien marketin-kanpaina» salatu zuten atzo ospitaleko atarian. «Interes pribatuetara makurtu eta murrizketak ezarri beharrean» zerbitzuak zabaltzearen eta hobetzearen alde egiteko borondate politikoa eta erantzukizuna eskatu die Maialen Iriartek Osasun Saila eta Osakidetzari. Eta «osasun zerbitzuen galera geldiaraztea premiazkoa» denez, bilera eskatuko dute Pedro Morrondo Bidasoko ESIko zuzendariarekin.

 

Joan den larunbatean Osasun Bidasoa Plataformak larrialdi zerbitzuen egoera salatzeko deitutako elkarretaratzean 3.000 lagun elkartu ondoren, EH Bilduk agerraldia egin zuen atzo Bidasoko Ospitalearen atarian bertan izaten ari diren murrizketak salatzeko. Bidasoa eta Bortzirietako ordezkariez gain, Gipuzkoako EH Bilduko bozeramailea, Maialen Iriarte ere batu zitzaien agerraldira.

2022an Rebeka Uberarekin batera antzeko agerraldia egin zuten eskualdeko EH Bilduko ordezkariek. Garai hartan lehen arreta zerbitzuetan zegoen arazo estrukturala salatzeko. Eta oraingo honetan, osasun zerbitzu publikoen gainbehera, eta ospitaleko larrialdietan zein espezialista kontsultak lortzeko itxaron-zerrenda luzeak nabarmendu dituzte. 

Osasun sistema publikoak gizarte moderno eta aurreratuen funtsezko zutabeak direla gogoratu du Maialen Iriartek. Lorpen handia izanik, galtzen uztea akats larria izango litzatekeela dio. Horregatik azken urteetan osasungintzaren noraezak kezkatzen du. Alde horretatik, Bidasoko Ospitaleko zerbitzuen murrizketak, Osakidetzak bizi duen gainbeheraren adibide garbia da bere ustez.

Osasun agintarien erantzukizuna

«Zoritxarrez, ez da adibide bakarra. EH Bildutik urteak daramatzagu salatzen nola ari diren Osakidetza ahultzen, nola ari diren erortzen uzten hainbeste jenderi eta osasun arloko profesionalei hainbeste ahalegin eskatu diena», azaldu du Maialen Iriartek. Eta osasun agintariek hobekuntzak egingo dituztela eta promesak egiten dituzten arren, «herritarrek ez dute horrelakorik hautematen, marketin-kanpaina egiten ari diren», salatu du. «Itxaron-zerrendak murriztu beharrean, handitu egiten dira. Orain sinetsarazi nahi digute errua Espainiako Gobernuarena eta haren Osasun ministroarena dela, baina Osakidetzaren kasuan, erantzukizunak hemen daude, eskumenak eta tresnak dituelako irtenbideak bilatzeko», azpimarratu du EH Bilduko ordezkariak. Izan ere, lan hitzarmena 2008tik berritu gabe duten bitartean, Eusko Jaurlaritzak aurreko egunetan medikuek ontzat eman ez duten proposamena luzatu diela gogoratu du.  

Alde horretatik, itxaron-zerrendak 2025eko bigarren erdian handitzen ari ziren jada, eta joan den abenduaren 31ko txostenak egoerak okerrera egin duela agerian utzi duela salatu du EH Bilduk. Osakidetza zaindu eta babestearen alde egiten dutela nabarmendu dute, bertako profesionalak zaindu eta babestearen alde. Eta «interes pribatuetara makurtu eta murrizketak ezarri beharrean» zerbitzuak zabaltzearen eta hobetzearen alde egiteko borondate politikoa eta erantzukizunez jokatu behar dela gogoratu du Iriartek.

Bidasoko ESIren desegiteko prozesua

Ladis Satrustegi, Lesakako alkateak «kezka sakona» adierazi du ere. Bidasoa ESIren egoerak okerrera egiten ari dela urteak daramatzatela gogoratu du, eta bere ustetan «gaur egun desegite prozesu batean dagoela dirudi, noiz eta indartzeko behar gorria dagoenean». Joan den larunbatean Osasun Bidasoa Plataformaren Irungo kontzentrazioarekin bat egin duten bezala, 2022tik hona mobilizazioak egiteaz gain, proposamenak aurkeztu dituztela eta erakunde guztietan egoera salatu dutela dio Satrustegik. Hala ere, «gaur-gaurkoz, herritarrei egindako promesak bete gabe geratu dira eta, bitartean, osasun zerbitzuak murrizten jarraitzen dute», salatu du Lesakako alkateak.

Irun-Hondarribiaz gain, Bortzirietako eta Hego Lapurdiko mugaz gaindiko 4.000 langile ingururi ere zerbitzu ematen die Bidasoko Ospitaleak. Eta mugako errealitate berezia duen ESI batez ari garela nabarmendu du EH Bilduk, Bortziriak barne hartuta. «Horrek arreta eta baliabide gehiago eskatzen ditu, ez gutxiago», aldarrikatu du, kontrakoa gertatzen ari dela salatuz, «pediatriako larrialdiak galdu dira, lehen mailako arretan gabeziak daude, larrialdi zerbitzuak profesional faltarekin ari dira lanean, osasun mentaleko baliabideak ez dira iristen, eta hainbat espezialitatetan itxaron-zerrendak onartezinak dira».

Egoera hau ez da kasualitatea EH Bilduko ordezkarien ustetan. «Planifikazio faltaren, inprobisazioaren eta gidaritza ezaren ondorio zuzena da», argitu du Irungo EH Bilduko bozeramaile Oihana Brionesek ere, eta gogoratu du horren ondorioak herritarrek eta profesionalek pairatzen dituztela egunero.

Hau guztia kontuan hartuta, Gipuzkoa, Bidasoa eta Bortzirietako EH Bilduk Bidasoa ESIko zuzendari Pedro Morrondori bilera bat eskatuko diotela argitu dute, «premiazkoa baita profesionalekin batera etorkizuneko antolakuntza planifikatzea eta osasun zerbitzuen galera geldiaraztea».

Era berean, Osasun Sailari eta Osakidetzako zuzendaritzari «Bidasoa ESIaren gainbehera iraultzeko neurri ausartak har ditzatela» eskatzen dute: profesionalak erakartzeko politika eraginkorrak, lan baldintza duinak eta herritarrek merezi duten kalitatezko osasun publikoa bermatzeko baliabide nahikoak.