Lore Jokoen izpiritua berreskuratzeko lehen hazia jarriko dute Txingudin urriaren 10ean

Koldo Nausia

Irun, Hondarribia eta Hendaiako herriek indarrak batu dituzte Txingudiko Lore Jokoak antolatzeko. Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak bultzatuta, Anton Abadia euskaltzale eta kultur sustatzaile handiak XIX. mende bukaeran sortutako ekimenari keinua egin, eta euskararen hazia elkarrekin ereiteko proiektu berria abian jarri dute. Urriaren 10ean ospatuko dute Irunen, baina urriaren 5etik 9ra hitzaldiak, liburu eta ikerketa aurkezpenak edota antzerki emanaldiekin borobilduko dute.  

 

Hendaiako Abadia jauregiko liburutegiko hormetan "Lahar txikienak ere badu bere itzala" idatzirik utzi zuen Anton Abadiak berak. Bidasotarrek, aldiz, euskara eta euskal kulturaren transmisioa suspertu nahian dabiltza, bere historian izandako euskal nortasunaren itzal luzean begiratuz. Hondarribian, Lore Jokoak lehen aldiz 1883an ospatu ziren, eta Lehen Mundu Gerra bukatu ostean, 1925ean antolatu zituzten bigarrenez, dagoeneko Euskal Jaiak izenburupean. Mendeurrena ospatzeko testuinguruan, iaz Hondarribiko Udalak Anton Abadia Zikloa antolatu zuen XIX. mendeko euskaltzale eta kultur sustatzaile handiaren figura eta ekarpena herritarrengana hurbiltzeko asmoz.

Izan ere, Anton Abadiak (1810-1897) geografoa, astronomoa, esploratzailea, hizkuntzalaria, etnografoa eta kulturgileak sortutako Lore Jokoekin euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen itzela egin zion. Eta izpiritu hori berreskuratzeko helburuarekin, Irun, Hondarribia eta Hendaiako herriek indarrak batu dituzte oraingoan, Txingudiko Lore Jokoak ekimena antolatzeko. Garoa Lekuona, partzuergoko Euskara Batzordeko arduradunak argitu duenez, «lehen hazia besterik ez da, baina gure txikitasunetik handitzen joango den ekimena izan nahi du». 

Alde horretatik, udaletako euskara-arloekin lankidetzan, ‘Txingudiko Lore Jokoak’ jaialdiaren lehen edizioa egingo du datorren urriaren 10ean Irunen. 12:00etan abiatuko da Sargia parketik aterako den kantu-jira dinamizatu batekin, Kale Nagusian eta San Juan plazan zehar herri-kantuekin giroa jartzeko 14:00ak arte. Arratsaldean, ekintzak Istillaga plazara igaroko dira: 18:30ean Bidasoa-Txingudiko Bertso Eskolako kideen eta Manu Goiogana zein Igauri Lopetegi bertsolarien errezitala egingo da, eta 20:30ean Jeiki Hadi taldearen eskutik erromeria nahiz muxikoak izango dira eguna borobiltzeko.

Nuria Alzaga, Estitxu Urtizberea eta Itziar Aizpuru partzuergoko hiru udalerrietako ordezkariek azpimarratu dutenez, helburu nagusia da euskara modu naturalean erabiltzeko, kantatzeko, dantzatzeko eta hiru udalerrietako herritarren arteko loturak indartzeko espazio ireki bat sortzea.

Izan ere, Abadia jauregiko liburutegiko egurretan, Andde Oihenarten beste esaldi hau utzi zuen idatzirik ere Anton Abadiak, euskaraz:"Ero bat aski da harri bat putzura jaurtitzeko, baina sei zuhur behar dira hura handik ateratzeko". Eta euskararekin ere berdin gertatzen ari dela ohartuta, kalean erraz galdu den erabilera suspertzeko ahalegin guztiak gutxi badira ere, jendarteak hausnartu dezan, eta kulturarekin gozatu dezan bilatzen dute Txingudiko Lore Jokoak ekimenarekin.

Aste osoko egitaraua

Egun handia urriaren 10a izango bada ere, urriaren 5etik 9ra bitartean antolatutako kultur-programazio oparoa prestatu dute. Hitzaldiak, liburu eta ikerketa aurkezpenak edota antzerki emanaldiekin, Palmera Montero gunean eta Amaia KZn. Saioak urriaren 5ean abiatuko dira Palmera Monteron, 19:00etan, Antxoka Agirreren “Lore Jokoak, bertsolaritza modernoaren Big Banga” hitzaldiarekin.

Urriaren 6an, berriz, (20:00etan) Ostomila Txotxongilo Taldearen "Txotxongiloak pizkundean" saioa izango da (19:00etan). Urriaren 7an (19:00etan) Garikoitz Goikoetxearen “Esnatu ala hil” liburuaren aurkezpen-hitzaldiak, eta urriaren 8an (18:00etan) Siadeco taldearen “Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2026: Proiekzio demolinguistikoa” ikerketa lanaren aurkezpena egingo dute.

Programazioa borobiltzeko, urriaren 9an (19:00etan) Txalo Produkzioak taldearen “Trajea” antzezlana taularatuko dute Amaia Kultur Zentroan. Ekimen guztiak ate zabalik izango dira.