greba orokorra

Adrian Arruti (LAB): «Kapitalak bi bider desjabetzen gaitu, lanaren bidez sortzen duguna lapurtuz, eta ezinbesteko baliabideak garestituz, etxebizitzarekin bezala, ezin dugu horrela bizi»

Koldo Nausia

Azaroak 11ko greba orokorrak lan-baldintza duinak eta langileen eskubideak aldarrikatuko ditu ere, baina etxebizitzaren auzia izango du erdigunean. Aurreko lanuzte orokorretan ez bezala, lan arloko sindikatuekin batera, eragile sozialekin eta etxebizitza sindikatuekin deialdi bateratua luzatu dute, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioarekin amaitzeko. Bidasoko Greba Batzordeko kideak argi du «kapitalak metaketa» bilatzen duela, eta agintariak interpelatzen ditu lobbyen interesen araberako etxebizitza politika tranpatiak egiten dituztelako. «Ez nahiko politikak dira, etxebizitza ezinbestekoa bada eskubide hori bermatu beharra dago, aldaketa bat beharrezko da».

LAB sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzak azaroaren 11ko greba orokorrerako ezarritako gutxieneko zerbitzuek greba eskubidea urratuko dietela langile askori, eta helegitea aurkeztu du gutxieneko zerbitzuen kontra, «ezarri dituzten kopuruak gehiegizkoak direlako». 

Bidasoa eskualdean ere mobilizazio azkarrak aurreikusten dituzte bihar, goizeko 7:00etatik aurrera pikete informatiboak egongo dira Irunen eta Hondarribian, eta autokarabanak bi herrietan. Eta 12:30ean Donostiako Pio XII.aren plazatik lurralde mailako manifestazioa egingo bada, arratsaldean, 18:00etan Mendelutik abiatuta manifestatzera deitu du Bidasoko Greba Batzordeak Zubimusuko biribilgunetik San Juan plazaraino.

Etxebizitzaren auzia erdigunean

Alde horretatik, greba orokor hau ez da orain arte egindakoak bezala. Lan arloko euskal gehiengo sindikalaz gain, etxebizitza  sindikatuak, gazte antolakundeak, Irungo zenbait auzo elkarte eta eragile sozialek bat egin baitute, etxebizitza eskubidearen alde mobilizatzeko. Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratu honetan, Oarso-Bidasoko LAB sindikatua parte aktiboa da. Eta bertako ordezkari Adrian Arrutik azaldu digunez, etxebizitzaren krisia erdigunean jarri dute oraingoan, lan baldintza duinagoak aldarrikatzearekin dagoeneko ez delako aski. «Egia da duela zortzi hilabeteko greba orokorra gutxieneko soldata aldarrikatzeko egin genuela Hego Euskal Herrian, baina inflazioa egunez-egun goraka doa, inperialistek gerrak eragiten dituztelako, eta horrek sarraskiak eragiteaz gainera, ezinbesteko behar primarioak garestitzen dituztelako, eta horren ondorio da lehenbiziko aldiz etxebizitza erdigunean duen greba hau», azaldu du. 

Izan ere, azaroaren 11 honetan lan baldintzen gaineko aldarrikapenik ez da faltako, baina etxebizitzak soldataren parte handiena irensten duen honetan, soldatak motz geratzen dira oro har, eta «bizitza proiektuen garapena baldintzatzen» duen aldagai nabarmena bilakatu da egungo gizartean. Hego Euskal Herrian herritarren %57arentzat kezka nagusia bilakatu da dagoeneko, eta «kapitalak etekin ekonomikoa herritarren eskubideen gainetik» jartzen dituenez, etxebizitza oinarrizko eskubidea izan dadin exijitzeko kaleak hartzeko deia luzatu dute greba orokor honetan. 

Bidasoko Greba Batzordeak etxebizitza oinarrizko eskubide bat lukeela aldarrikatzen du, hezkuntza edo osasungintza publikoa bezala. LAB sindikatuak ere argi du arazoari errotik heldu behar zaiola, etxebizitza luxu bat bilakatu delako, kapitalismoak langileen poltsikoak hustutzeko tresna. Adrian Arrutik gogoratzen du, LAB sindikatuak maiz aipatu duela «kapitalak bere horretan hainbat modutan lapurtzen diola langileari bere indarra».

Batetik bada lan munduarekin zerikusi zuzena duena, lanaren plusbalioaren lapurretan, eta merkatuak agintzen duen behar primarioen bidez bestea. «Kapitalak metaketa bilatzen du desjabetzaren bidez, bi bider desjabetzen gaituzte langileoi, batetik sortzen dugun aberastasuna lapurtzen digutelako lanaren bidez, eta gero bizitzeko ezinbestekoak diren etxebizitza bezalako baliabideak garestitzen dizkigutelako eta ezin dugu horrela bizi», argitzen du. Izan ere, etxebizitza jendartea pobretzen duen egiturazko arazoa bilakatu da, izan gazte, izan emakume, migrante, herritar langile... belaunaldi oso bati prekarietatera kondenatzen diona.

Agintari eta politika tranpatiak

Agintariak interpelatzen ditu LAB sindikatuak «ezinbestekoa den etxebizitza eskubidea, ezinbestean bermatu beharra dagoelako». Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2027ko aurrekontuen %0,37 besterik ez du bideratuko etxebizitza publikora. Zentzu horretan, politikan lobbyek eragin zuzena dutela pentsatzen du Arrutik, «eta haien interesen araberako politikak egiten dituzte». Euskal Herrian bertan ikusi besterik ez da egin behar bere ustez, zer nolako Etxebizitza Legeak dauzkagun. Irun bera da horren adibide, udalak Etxebizitza Gune Tenkatua izendapena lortu badu ere, ia bi urte iragan dira eta ez da neurri berririk hartu. Bien bitartean, 2.101 etxebizitza huts dago hirian, eta 3.200 bat eskatzaile dago Irunviko etxebizitza publikoen zerrendetan.

Era berean, administrazio publikoak etxebizitza ordaintzeko dirulaguntzak eskaintzen dituela ez zaio oharkabean pasatzen. Baina «herritarroi dirulaguntzak ematen badizkigute ere maiz, ez zaio merkatuari muga batzuk jartzen, eta laguntza horiek kapitalistak edo etxejabeak ordaindu eta gehiago aberasteko dira, ezinbestekoa da aldaketa bat», aldarrikatzen du Adrian Arrutik.

Agintariak tranpatiak direla, edota «ez nahikoa politikak» egiten dituztela ulertzen du LAB sindikatuko ordezkariak. «Ulertzen dugu indar korrelazio batzuk daudela, eta horren araberako politikak egiten dituztela zenbait alderdik, baina ikusten da ez dela nahikoa, esku-hartzea bestelakoa beharko luke», dio Arrutik.

Hau dela eta, Bidasoko Greba Batzordeak «kaleak hartzeko» deialdia luzatu du bihar, azaroak 11ko greba orokorrean. "Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!" aldarriarekin, deialdiak jarraipen zabala izango duelakoan dago Arruti. Izan ere, etxebizitzaren arazoak «kasuistika eta erpin» asko ditu, baina oinarrian krisi kolektiboa eragiten duen egiturazko arazoa dela azpimarratzen du.