greba orokorra

«Ez du zentzurik, etxebizitza eskuratzea ezinezkoa da, baina Irunen 2.100 hutsik daude eta beste 1.680 Hondarribian»

Koldo Nausia

Bidasoko Greba Batzordeak etxebizitza eskubidearen alde mobilizatzera deitu du azaroaren 11ko greba orokorrean. «Arazoaren erroa etxebizitza merkantzia bilakatu izana» dela salatzen dute, eta agintariei bestelako politikak exijitzen dizkiete, «jendartea pobretzen duen egiturazko krisia» arintzeko. Etxebizitza eskubidea dela eta espekulazioari neurri hartu behar zaiola aldarrikatzen dute. Izan ere, kapitalismoaren logikan sartuta, batzuen irabaziek besteen miseriak eragiten dituzte, eta etxebizitza duin bat eskuratzea aterabiderik gabeko kale itsua bilakatu da belaunaldi oso batentzat.

Bidasoko Greba Batzordeak «kaleak hartzeko» deialdia luzatu du azaroaren 11ko greba orokorrean. "Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!" aldarriarekin, deialdiak jarraipen zabala izango duelakoan daude. Izan ere, etxebizitzaren arazoak «kasuistika eta erpin» asko dituen arren, oinarrian krisi kolektiboa eragiten duen egiturazko arazoa dela azpimarratzen dute. Igauri Lopetegi, Bidasoko Greba Batzordeko kideak dioenez «badago alde nabarmen bat gainontzeko grebekin, herri mugimenduetatik zegoen atsekabe orokor batetik abiatuta sortu dela greba orokor hau, eta etxebizitza sindikatuek pisu handia izan dutelako». 

Alde horretatik, etxebizitzaren eta oinarrizko baliabideen antolaketa justu baten aldeko mobilizazioak antolatzerako garaian, lan arloko euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde) ez ezik, etxebizitza sindikatuek, Ikama eta IAS ikasle mugimenduek edota Irungo sei auzo elkartek ere batu ditu oraingoan. Gazteenek borrokatu ezean «etorkizun iluna» daukatela ohartu direlako, eta auzoen kasuan ere, «alokairua soldataren parte handi bat irentsi egiten duenean, eta egunak lanaren eta zaintzaren artean pasatzen direnean, auzoen arteko arrakala handitu eta segregazio erresidentziala» areagotzen doalako gure herrietan. 

Marina Cabezon greba batzordeko kideak argi du guztioi eragiten ari digun arazoa dela, «gure soldaten ehuneko handi bat alokairua ordaintzera doa, eta ikusten ari gara oro har jendartea pobretzen ari dela, hein handi batean etxebizitzarekin egiten den espekulazioaren ondorioz» salatzen du. Azpimarratzen dutenez, «arazoaren erroa etxebizitza merkantzia bat bilakatu izana da», baina bizitzeko derrigorrezkoa denez, hortik probesten ari da kapitala diru gehiago atera ahal izateko. 

Bidasoa eskualdea ez da apartekoa. Horren irudiko adibidea baizik. Eta Irun etxebizitza gune tenkatua izendatu bazuten ere, ezer gutxi aldatu den bitartean, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko agintariei bestelako neurriak exijitzen dizkiete. «Badakigu eskatzen ditugun hainbat neurri ez dituela sistemak onartuko, baina zerbait egin behar da egoera zuzentzeko», dio Igauri Lopetegik.

Hondarribia eta Irun, txanpon beraren bi aldeak

Zentzu horretan, etxegabetze guztiei berehalako etetea eta alokairu-prezioen jaitsiera orokorra exijitzen dute batetik. Eta bestetik, egiturazkoa den arazoa konpontze aldera, espekulazioarekin amaitzeko neurriak. Izan ere, etxebizitza publiko babestuetarako eskatzaile zerrendak gero eta luzeagoak dira, eta merkatu pribaturako sarbidea ezinezkoa den bitartean, etxebizitza huts asko dagoela gogoratzen dute. «Ez du zentzurik eskaintza hain urria izatea, etxe bat eskuratzea ezinezkoa bilakatu izana, Irunen 2.101 etxe eta beste 1.680 Hondarribian, erroldarik gabekoak daudenean», salatzen dute. Bitartean, 17.000 biztanle dituen herria izanik, 1.552 eskaera aktibo daude Etxebiden bizitoki babestu bat lortzeko. 

Eskaintza urria izanik, gaur egungo prezioetan etxebizitza bat oso jende gutxik eskura dezakeela gogoratzen dute. Eta espekulazioaren irabaziak eta kapitala esku gutxitan metatzen dela. Izan ere, Hondarribian 307 etxebizitza 35 edukitzaile handien esku daue gaur egun. Marina Cabezonek argitzen duenez, Hondarribian alokairua %19,7 garestitu da 2018-2023 urtaldian, eta batez besteko prezioa 822 eurokoa da, baina 34 urtez azpiko 2.156 gazte daude emantzipatu ezinik, eta anartean, herriko etxebizitza parkearen %19,3 erroldatutako biztanlerik gabe edo hutsik dago. Cabezonek dioenez, «garestia izan ala ez, Hondarribia ezagutzen dugunok badakigu etxebizitza bat eskuratzea ezinezkoa dela, eta hor etekinak ateratzeko dinamika horretan sartuak dauden pisu turistikoen auzia dago ere, Hondarribian 145 VT ofizial baitaude erregistratuak», gogoratzen du.

Eta Irunen egoera ez da samurragoa. Sozio-ekonomikoki ezberdina bada ere, bietan ala bietan pobreen eta aberatsen artean amildegi bat dago berdin. Eta etxebizitza gakoa da. 2017-2022 urtaldian alokairuaren prezioa batez bestean %18,5 garestitu den bitartean, salerosketa prezioa %42 batean igo da. Eta Bidasoko Greba Batzordeak plazaratutako datuen arabera, 18 eta 34 urte bitarteko 7.720 gazte dira emantzipatu ezinik dabiltzanak. Bitartean, 3.153 unitate familiar zeuden 2023an IRUNVI etxebizitza publikorako sozietatearen babestutako etxebizitzen zerrendan eskatzaile gisa alta emanak. Aldi berean, Irunen 2.101 etxebizitza erroldatutako biztanlerik gabe edo hutsik dagoela salatzen dute. Igauri Lopetegik dio, gaur egun lehen eskuko etxebizitza bat erostea 410.000 eurotan dagoela batez bestean Irunen, eta bigarren eskukoa 370.000 eurotan. Alokairuan ere, eskaintza urria bada, batez besteko prezioa 733 eurokoa da, baina alokairu kontratu zaharrek apaltzen dute media, izan ere, higiezinen plataformetan sartzen zarenean ez dago alokairurik 1.000 euroren azpitik.

Horiek horrela, etxebizitzak partekatzea besterik ez zaie geratzen aukera duten gazteei, eta beste askori. Baina lan-baldintza prekarioak eta soldata baxuak dituzten familiekin eta emakumeekin ere pentsatzen dute. «Zeresanik ez migranteentzat, edota etxebizitzaren gastuei aurre egin behar dieten ama bakarrak, edo indarkeria matxista jasaten duten emakumeak» ohartarazten du Marina Cabezonek.

Bidasoko Greba Batzordeak argi du, «etxebizitza luxu bat bilakatu duela merkatuak, oinarrizko eskubide bat beharko lukeenean izan, hezkuntza edo osasungintza publikoa bezala». Hartara herritar langile guztiak mobilizatzera deitu dituzte azaroaren 11ko greba orokorrean. Goizeko 7:00etatik aurrera pikete informatiboak egongo dira Irunen eta Hondarribian, eta 12:30ean Donostiako Pio XII.aren plazatik manifestazioa egingo bada, arratsaldean, 18:00etan Mendelutik abiatuta eskualdeko manifestazioa antolatu dute, Zubimusuko biribilgunetik San Juan plazara.