Hendaiako Harrixabaleta auzo elkartea 2026ko udaberrian (martxoak 15 eta 22) ospatuko diren udal hauteskundeei begira lanean jarri da. 2017an elkartea eratu zutenetik egin duten bezala, auzotarrei hitza eman nahi diete, eta Beltzenia inguruko bizilagunen beharrak eta arrangura nagusiak zerrendatzen dabiltza egunotan. Eta lehentasunak markatu ondoren, herriko etxean aginduko duten hautagaiei helaraziko dizkiete.
Joan den ostegunean bilera irekia egin zuten horretarako, eta auzokideek datozen asteetan aukera izango dute haien proposamenak edo galderak pausatzeko, auzo elkarteko boluntarioek ostegunero Baserrien kaleko 2. zenbakian, elkarteen lokalean, egiten dituzten permanentzietan, edota harrixabaleta@gmail.com posta elektronikora idatziz.
Mementoz, auzokideen kezkak hiru zutabetan oinarritzen direla aitortu digu Migueltxo Jimenez auzo elkarteko kideak. Bide eta oinezkoen segurtasuna, auzoko birika berdea den 400 metro koadroko lorategia ez artifizializatzeko eskaera, eta auzoan uholdeekin dagoen arazoari aterabide bat bilatzea.
Azken zortzi urteetan auzokideen etengabeko borroka izan da bide segurtasunarena. Eta herriko etxearekin lankidetzan hainbat neurri ezartzea lortu dutela gogoratzen dute auzo elkartetik. «Zirkulazioaren abiadura mantsotzea lortu dugu Pellot biribilgunetik Tunel karrika arteko zatian, bidea estutu eta Pellot biribilgunea egokitu egin zuten horretarako», dio Migueltxok, «oinezkoen eremuak babesteko egiturak ere jarri dituzte, eta eraginkorrak direla baieztatu dugu».

Hala ere, aurten auzoan hiru pertsona harrapatu dituztela gogoratzen du, eta «teorian dagoen abiadura muga errespetarazteko» lan egiteaz gain, «oraindik ere asko dago egiteko». Izan ere, Beltzenia inguruetan ez ezik, hiribarnetik Harrixabaleta auzora doazen kaleetan XX. mende erdialdeko hirigintza irizpideen arabera eraikitako espaloi estuak besterik ez daude. «Commandant Passicot karrikan adibidez oinezkoek errepidetik joan beharra dute», dio auzo elkarteko kideak, «oinezkoak eta bizikletak behar lukete lehentasuna izan».
Uholde arrisku bizia
Bestalde, Harrixabaletako bizilagunek betidanik pairatu izan dituzten uholde ziklikoei neurria har diezaion eskatu dute bizilagun ugarik. «Aurten urak bitan hartu du auzoa, eta Beltzeniaz gain, axelem etxeen beheko solairuetan eta komertzioetan 60 zentimetroko ura izan dute», kontatu digu auzokideak «15 auto eta garaje eta etxe anitz hunkituak izan dira». Urteroko kontua bada ere, auzotarrek oraindik biziki presente dute 2018ko azaroaren 2an ordu erdian 17 litro euri bota zuenekoa. Hondamendi naturala izendatu zuen orduan prefetak, eta komertzio, etxebizitza, xaia eta ibilgailu anitz kaltetuak izan zirelarik.
Alde horretatik, euri erauntsi handiak ematen diren bakoitzean jasaten duten arrisku egoera prebenitzeko bi alternatiba daudela diote auzo elkarteko kideek. «Auzoan ura itsasora ponpatzeko sistema bat dago, baina zaharkitua, eta hau berritzeko kanalizazio eta obra lan handiak direnez, finantzaketa beharko da», azaldu digu Migueltxo Jimenezek. Herriko etxeak dirulaguntzak eskatzeko prozesua abian jarriko duela hitzeman die, baina luzerako doala ikusita, auzokideek alternatibak eskatzen dituzte. «Gure auzoa enbutu moduko bat da, Hiribarnea, Orio, Lizardi eta goiko auzoetako ura guztiak gure auzoan bukatzen du, eta hori bideratzeko ez ezik, ura biltzeko piszina moduko batzuk eraiki daitezke», dio auzokideek horren alde egiten dutela nabarmenduz.
Dena dela, hau guztia, Hendaiako eremu gehiena «artifizializatua» dagoelako gertatzen dela argitzen du, eta euri erauntsi handiak dauden orotan, lurrak xurgatzen ez duenez maldan behera korronteak sortzen dituela Harrixabaletan amaitzen duen arte.

Honi lotuta, hain justu, auzoren erdian dagoen lorategia bere horretan mantentzea eskatzen dute bizilagunek. Iaz SOS Baratza kolektiboa sortu zuten horretarako, eta 300 sinadura baino gehiago bildu zituzten.
Pellot biribilgunearen aldamenean, okindegi eta epizeriaren parean, auzoan geratzen den 400 metro koadroko berdegune bakarra da, baina herriko etxeak hau berritzeko proiektua du. «Ez dakigu noiz egiteko asmoa duten, baina aspaldi ari gara aldarrikatzen bere horretan mantendu beharra dagoela, lur hori permeablea delako, eta uholde arriskuen aurrean ura xurgatzeko gai delako», azpimarratzen du. Herriko etxeak bertan egin nahi duen hiri-lorategia eta arrêt minute aparkalekuen proiektua bertan behera uztea eskatzen dute.