Etxebizitza hutsen jabeek zergen emendatze bat ukanen dute Hendaian heldu den urtetik landa. Orain arte, tentsiopeko eremuetan estatuak biltzen zuen TLV zerga aplikatzen zitzaien Hendaiako 875 etxebizitza hutsei; alokairu balioaren %17koa zen lehen urtean, eta %34koa bigarren urtetik landa.
Alta, zerga hau eta tentsiopeko guneetatik kanpo aplikatzen den THLV tasa batzea erabaki zuen legegileak, eta heldu den urtarriletik landa aplikatuko da Etxebizitza Hutsen gaineko TVLH zerga. Tentsiopeko eremuetan, gutxienez ere orain arteko %17 eta %34koa izanen da zerga, baina altuagoa ere izan daiteke. Eta batez ere, herriko etxeentzako arnas berri bat izanen da, tokiko erakundeek jasoko baitute zerga honen saria.
"Etxebizitza hutsak merkatura itzultzea" lehentasun
Hendaian, joan den uztailaren 29ko Herriko Kontseiluan zerga gorena aplikatzea erabaki zuten hautetsiek aho batez. Hala, etxebizitza hutsen jabeek alokairu balioaren %30en pareko zerga ordaindu beharko dute etxea hutsik den lehen urtean, eta %60koa bigarren urtetik landa. Laurent Tariol Hendaian etxebizitzaz eta zerbitzu publikoez arduratzen den axuantak adierazi zuenez, Herriko Etxea "etxebizitza hutsak merkaturatzeaz arduratua da" eta merkatu horrek jasaten duen tentsioa ikusirik hartu dute neurri hau.
Iker Elizalde Hendaia Biltzeneko kideak bere aldetik ontzat hartu zuen neurria eta zerga berriari esker Herriko Etxeak izanen dituen diru sarrera berriak etxebizitza politika berri bat egiteko baliatzea eskatu zuen: "Baliabide berri horiek aukera bat dira urteko etxebizitzen eskaintza sustatzeko eta Hendaiar askok dituzten zailtasunei erantzuteko". Hala, hausnarketa amankomun bat galdegin zuen, Herriko Etxeak etxebizitzaren gaian estrategia bateratu bat sortze aldera.
Hendaian, 875 etxebizitza daude hutsik, hots, etxebizitza guztien %5,97. 2024an, mila lagun inguru ziren etxebizitza sozial baten zain. Laguntza eskatu zuen urte hartan Kotte Ezenarro auzapezak gure mikrofonoan, etxebizitza hutsak identifikatu eta jabeekin behar diren negoziaketak abiatu ahal izateko. Urtarriletik landa, estatuak bilduko du zerga hau, Finantza Publikoen Zuzendaritza Orokorraren bidez, eta ondotik herriko etxeei eman dirua.