Euskara txarrik ez dagoela, aski trebatu ez den mihia baizik erakusten du Mintzalaguna egitasmoak urtero. Horrela daramatzate hiru hamarkada luze Euskal Herriko txoko askotan. Hondarribian azken urteetan nabarmen hauspotu egin den ekimena bada, ikasturte berria martxan dute dagoeneko. Mertxe Gerriko Hondarribiko Mintzalaguna egitasmoaren dinamizatzaileak gogoratzen duen bezala, «lagunartean, modu eraginkorrean eta giro onean, baina bereziki akatsak egitearen beldurrik edo lotsarik gabe euskaraz aritzeko taldeak biltzen dira astero, norbere agenda disponibilitatearen arabera». Izan ere, inor ez dago behartuta.
Aurten “Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean jarri dute martxan, Hondarribian euskaraz blagan egitera animatu nahian. Eta Udal Euskaltegiko aurtengo ikasleei parte hartzeko deialdia luzatutakoan, sekulan izandako parte-hartzaile kopururik handiena lor dezakete.
Saiatzearen eskarmentua
Baina egitasmoaren helburuak esplikatu eta deialdia egiteaz haratago, zenbait bidelari eta bidelagun Antxeta Irratian izan ditugu bisitan, haien esperientzia konta dezaten. Jon Altuna bidelaria, Julen Jorge eta Maddi Armijo bidelagunekin hitz egin dugu. Maddi, Perukoa da jatorriz, eta 2003an izan zuen euskararen existentziaz berri lehen aldiz. Mintzalaguna programa lagungarri izan duela aitortu digu. «Nire lehen kontaktua euskararekin lanean izan zen, eta euskara ikasten hasi eta gero, hitz jariotasuna hobetzeko asko lagundu dit. Joan den urtean nahi nuen perfila lortu nuen, eta Mintzalaguna gabe ezinezkoa izango nuen», argitu digu.
Julen Jorge irundarra da, eta txikitan euskara eskolan ikasi bazuen ere «erdoilduta» zuela aitortu digu. «Nire inguruan ez dut inguru sozial euskaldun bat, eta ez dut euskaraz egin ahal izan», azaldu digu. Aldiz, bere bigarren urtea du, eta bidelagun hasi bazen ere, dagoeneko taldeen dinamizatzaile gisa bidelari izateko jauzia emateko asmoa duela adierazi digu. «Mintzalagunari esker euskaraz hitz egin dezaket, eta aisialdi denboran euskaraz gozatu», dio. Are gehiago, euskararekin duen harremana ere aldatu egin da nabarmen. «Lehen ez nintzen ausartzen, baina orain beti saiatzen naiz jende ezezagunarekin ere, euskaraz hitz egiten. Nire eguneroko gauza bihurtu da», dio Julenek harro.
Baina taldeen dinamika euskaldun natiborik gabe nekez eraman zezaketen aurrera. Eta horretarako daude Jon Altuna bezalako bidelagun bolondresak. Bera duela zortzi urte hasi zen ekimenean parte hartzen. «Hasi nintzen nahi nuelako zertxobait egin euskararen alde, eta ikusita ikasten ari den jendeak zein zailtasun dituen maila hobea lortzeko animatu nintzen», azaldu digu.
Zentzu honetan, urtero antolatzen diren Mintzodromo saioetan euskaldun askok eskertzekoa den euren hondar alea jartzeko prestutasuna agertzen dute, baina Mintzalaguna programan aritzea eraginkorragoa dela uste du Altunak. «Urtean zehar 30 aldiz elkartzea, lan finko bat egiteko aukera ematen du», dio bere denbora librea emanez lagun berri horien euskalduntze prozesuan laguntzen duela kontziente baita. Eta «giro goxoa» sortzeko lana besterik ez dutela hartzen nabarmentzen du. «Denok egiten ditugu akats asko hitz egiterakoan, eta guk hori esaten diegu ez izan beldurrik! Gero hainbeste aldiz elkartuta adixkidetasuna dator, eta lagun onak sortzen dira», azpimarratzen du Altunak.
Ekintza bereziak
Baina garrantsitzuena haientzat asteroko elkargune hori bada ere, Mintzalaguna egitasmoak aparteko jarduerak proposatzen ditu urtero, taldeen arteko elkar ezagutza bultzatu eta kultura edo aisialdiaren bitartez, euskara praktikatzen jarraitzeko aukera emateko xedez. Mertxe Gerrikok azaldu digunez, Hondarribian udazken eta udaberriko mintzodromoak antolatzeaz gain, museotara bisitak, mendi bueltak edota bestelako txango batzuk proposatzen dituzte urtero, «ohiko gunetik kanpo ere euskara praktikatzeko». Beste eskualdeetako Mintzalagun taldeekin ere elkartu ohi dira halakoetan, eta «euskalki desberdinak ezagutu eta entzuteko aukera ematen du, zein baino zein ederrago».
Aurtengo hitzordu berezien artean hurrengoa, eskualde mailako Mintzodromoa izango da. Hendaia, Irun, Hondarribia eta Bortzirietako partaideak bilduko ditu Itsas Etxean, azaroaren 29an. Baina hortaz gain, otsaila-martxoko txotx sasoiarekin batera, MintzaTxotx txangoa antolatuko dute, eta urtero, Euskal Herri osoko Mintzalagun egitasmoaren Mintza Eguna ere ospatuko dute.
Mintzalaguna egitasmoak sustrai luzeagoak ditu hala ere. Hondarribiko haur eta familiengan eragiteko asmoz, Parketarrak ekimena bultzatu zuten iaz Hondarribiko Udaleko Euskara sailetik, eta arrakasta bildu badu, udazken honetan errepikatu dute. Azken saioa Biteri eskola pareko parkean egingo dute urriaren 17an 17:00etatik aurrera.
Aparteko jarduerei dagokienez ere, urriaren 31n Gau Beltza ospatuko dute Kasino Zaharrean. Badira zenbait urte hau antolatzen dutela, eta familiek aisialdi garaian euskaraz aritzeko ez ezik, euskal kultura ezagutara emateko helburua ere badute. Gerrikok argitu duenez, «askok ez zuten Gau Beltza garai batean Euskal Herrian nola ospatzen zen ezagutzen ere, eta saiatzen gara hori berreskuratzen». Lupe Lekuona ipuin kontalaria gonbidatu dute haurrei beldurrezko ipuinak kontatzera.
Agerikoa da aukerak ez direla falta Hondarribian euskaraz aritzeko. Mintzalaguna egitasmotik lotsa galtzera animatzen dute, baina astero horretan ari diren bidelagun eta bidelariek argi dute zein den bidea. Aurtengo edizioaren “Eta euskaraz egiten badugu?” leloari eutsi, eta egunerokoan lehen hitza euskaraz ematea. Jon Altuna bidelariak dion bezala, «Hondarbian 10etik 7 euskaldunak gara, beraz beti euskaraz zuzentzen bagera errazagoa izango da asmatzea, 10etik 3tan soilik huts egingo dugu».
Mintzalaguna egitasmoari buruz informazio gehiago behar izanez gero, ala parte hartzeko ere mintzalaguna@hondarribia.eus helbidera idatzi, deitu 688 865 398 telefonora, edo internet bidez ere, hemen izena eman dezakezu.