2020ko udaberrian, etxetik atera ezinik ohartu ziren Iñaki Sanz-Azkue eta Anaïs Mitxelena Larrañaga begien aitzinean nolako aniztasuna zuten. Hondarribian saihesteko zaila da harresia, baina alta, harri pila zahar bezala ikusten da usu, barnean zer duen xeheki begiratu gabe. Azken bost urteetan, 150 espezie baina gehiago behatu dituzte Aranzadi zientzia elkarteko bi kideek: harri pila zaharra akaso, bizitzaz betea, zalantzarik gabe.
40 espezie inguru sartu dituzte azkenean liburuxkan, ilustrazio ederren bidez erakutsiak. Horietan, belar eta landareak badira, baina baita animaliak ere. Behaturiko 150 espezietan “txikitan eskolan ikasitako bost erreinuak” atzeman dituztela zehaztu du Mitxelenak: monera, protista, plantae, fungi eta animalia.
Berezitasun eta ikusmira aldetik baina, bada gailentzen den espezie bat. Harrien arteko arrakala batean, posizio bertikalean ezkutatua, Iñaki Sanz-Azkueren begi zorrotzak ehizatu du dragoitxoa. Izoztua dago animalia, kameraren objektiboari so. Sugandila handi bat, edo izenak dioen bezala, dragoi txiki bat da, testura liluragarrikoa, eta lehen aldiz ikusten duenarentzat, exotikoa oso. Alta, gaur egun bertako espezietzat dutela azaldu du Sanz-Azkuek. Hamabost urte inguru dira Bidasoaldean aurrenekoz ikusi zutenetik; Mediterraneo ingurukoa da berez, baina klima aldaketaren ondorioz eta gizakien joan-jinak probestuz, gurean da orain, eta ugalketa prozesu arrunta eta bizimodu naturala du. Hondarribiko harresi bizien zirrikituak etxe kuttun ditu, antza.
“Garbitasuna”, ezbaian
Hainbat hamarkada oro, Hondarribiko harresia garbitzeko ohitura bada. Estetikari begira hartzen den erabaki bat da, baina Aranzadiko biologoek ohartarazi dute behaturiko espezie gehienen heriotza edo lekualdatzea ere badakarrela prozesu horrek. Hala, “mundu mailan biratze txiki bat” ikusten dutela diote gai honi dagokionez, kontzientzia hartze bat, eta Hondarribia ere bertan ikusi nahi lukete. Are, argudioa estetika bada, “landare horien kolorea, ekartzen dituzten erleak eta aberastasuna” ere kontuan hartzekoak direla dio Sanz-Azkuek. Ororen buru, harresia ondare historiko garrantzizkoa bada, harresien barnean dena ondare natural ezinbestekoa delako.